BIZKAIKO FORU BARRIAREN 500. URTEURRENARI BURUZKO ERAKUSKETA IBILTARIA BALMASEDARA HELDU DA

  • Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek autogobernuaren funtsezko oinarri juridiko horren barri emoteko sustatu daben erakusketea gaurtik maiatzaren 24ra egongo da ikusgai.
     
  • Ekimena, Bizkaiko Foru Barriaren (1526-2026) onarpenaren V. Mendeurrenagaz bat etorrita, erakunde biek aurton antolatu dituen jardueren barruan dago. Horreen artean ekitaldi akademikoak, instituzionalak, kulturalak eta hezkuntzakoak dagoz.

 

(Balmasedan, 2026ko maiatzaren 14an). Maiatzaren 24ra arte Balmasedako San Severino plazak Bizkaiko Foru Barriaren (1526-2026) V. mendeurrenari buruzko erakusketea hartuko dau. Ekimenaren helburua, euskal autogobernuaren eta demokraziaren oinarria eta Lurralde Historikoaren nortasuna bera dan testu erabagigarriaren garrantzia herritarrei hurreratzea da.

Garrantzi handiko efemeride juridiko horri buruzko erakusketea Bilboko Kale Nagusitik, ia hilebete egon dan lekutik, Enkarterriko bihotzera heldu da. Diseinu bisual eta irisgarriagaz, erakusketea Bizkaian zehar ibiliko da, oinarri historiko horren garrantzia herritarrei helarazoteko.

Balmasedako San Severino plazan instalau da dibulgazinorako bokazinoa dauen erakusketa ibiltari, dinamikoa eta jente guztiarentzat irisgarria. Erakusketearen zati hori autogobernuaren mugarrietatik ibilbidea egiten daben gaikako hamar panelen bidez antolatzen da:

• Historia eta jatorriak: Jaun Zuriaren legendatik eta Jaurerriaren jatorritik, 1526an Gernikako Arbolearen azpian testua onartu zan arte.

• Eskubideak eta gizartea: emakumearen zeregina eta parekatze juridikoa nabarmentzen dira, baita garairako oso aurrerakoiak ziran askatasunak be, “Habeas corpus”, merkataritzarako askatasuna eta herentzien erregulazinoa, besteak beste.

• Gobernantzea eta fiskalidadea: Funtsezko kontzeptuak azaltzen ditu, besteak beste, "foru-baimena" (kanpoko legeei buruz erabagiteko gaitasuna), Ekonomia Ituna sortu eban fiskalidade sistema propioa eta Foruak beste demokrazia batzuetarako eredu lez dauen eragina, John Adamsek, AEBetako Konstituzinoaren aitak, Bizkaiko erakundeakazko erakutsi eban interesa aitatuz.

Balmasedan egon eta gero, erakusketa ibiltariak Bermeo, Portugalete eta Galdakao bisitauko ditu datozan hilebeteetan. Aldi berean, eta bersino txikiagoagaz, erakusketea metroko geltoki batzuetan be geldituko da, horreen artean Zazpi Kaleetan (maiatzean), Gurutzetan (bagilean), Moyuan (garagarrilean) eta Basaurin (abuztuan), dibulgazinoa errazteko.

 

FORU BARRIAREN HISTORIA

Bizkaiko Batzar Nagusiek 1526an onartu zuten Foru Barria eta, ondoren, Karlos I.a enperadoreak 1527an berretsi zuen. Testu honek Bizkaiko zuzenbidea bera eguneratu zuen, ohituratik datozen erabileretan, zintzotasunetan eta askatasunetan oinarritutako autogobernu-sistema bakarra sendotuz.

1526ko erreformak erabiltzen ez ziren arauak ezabatu zituen eta garaira egokitutako xedapen berriak txertatu zituen, XIX. mendearen amaierara arte indarrean egon zen eredu aurreratua finkatuz. Mugarri historiko honek foru-erakundearen berrikuntza eta berdintasunean, askatasunen babesean, itun instituzionalean eta nortasun kolektiboan sendotzean oinarritutako gizartearen eraikuntza islatzen ditu.

Azken bost mendeetan printzipio horiek arrasto sakona utzi dute Bizkaiko herritarrengan eta kultura politikoan. Kaparetasun unibertsalak, betebehar militarren mugak, atxiloketa arbitrarioei aurre egiteko askatasunak eta eskubide ekonomiko eta sozialen erregulazioak oso argi erakusten dute, 500 urte bete arren, edukia izugarri aurreratua izan zela garai hartarako. Gaur egun Foru Barriak autogobernuaren oinarri eta etorkizuneko eguneraketetarako potentziala duen erreferente izaten jarraitzen du.