FORU BARRIARI BURUZKO JARDUNALDIA HASIKO DA BILBON AUTOGOBERNURAKO FUNTSEZKOA DAN ARAU HORI ONETSI ZANETIK 500 URTE IGARO DIRALA OSPATZEKO ANTOLAUTAKO EKITALDIEN BARRUAN

  • Iura Vasconiae Fundazinoak antolatutako “1526ko Bizkaiko Foru Berri edo Erreformatuaren onespenaren 500. urteurrena” Sinposioak testu horrek lurraldeko bardintasun juridikoan eta askatasunetan dauen eragina aztertuko dau Batzar Nagusien egoitzan.
     
  • Ana Otadui Biteri Batzar Nagusietako lehendakariak zabalduko ditu jardunaldiak eguenean, 9:15ean, eta Elixabete Etxanobe Landajuela Ahaldun Nagusiak zarratuko ditu barikuan, 17:30ean.

 

(Bilbon, 2026ko urtarrilaren 20an). Eguen eta bariku honetan, urtarrilaren 22an eta 23an, Bilbo Bizkaiko Foru Barriaren V. Mendeurrenaren (1526-2026) erdigunea izango da, Iura Vasconiae Fundazinoaren “1526ko Bizkaiko Foru Berri edo Erreformatuaren onespenaren 500. urteurrena” izeneko XXIV. sinposioagaz. Ekitaldia Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko egoitzan egingo da (Hurtado de Amezaga kalea, 6), eta mendeetan lurraldearen autonomia eta izaera politikoa definidu dauen arauari balioa emoteko Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Bizkaiko Foru Aldundiak alkarregaz prestau daben programazino instituzionalaren hasierea izango da.

Jardunaldien edegiera ofizialean (eguen honetan, 9:15ean), Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria eta Roldan Jimeno Aranguren Iura Vasconiae Fundazinoko presidentea izango dira. Bi eguneko topaketan, hainbat unibersidadetako adituek Europan aitzindaria izan zan askatasun kolektibo eta indibidualen sistemea finkatu eban testu juridiko horren garrantzia aztertuko dabe. Jardunaldiari Elixabete Etxanobe Landajuela Ahaldun Nagusiak emongo deutso amaierea barikuan.

1526ko Foru Erreformaua edo Barria kaparetasun unibersala ezarteagaitik nabarmentzen da historikoki. Horri esker Bizkaiko biztanleek bardintasun juridiko goiztarra lortu eben. Modu berean, agiriak berretsi egin eban herritarren eta agintaritzaren (Jaun-Erregea) arteko itun publikoko harremana, autogobernua kanpoko esku-sartzeetatik babesten eban alkarrekiko zinaren bidez bermatuta.

Sinposioak hartuko dituan jardunaldi bietan (urtarrilaren 22an eta 23an), funtsezko hainbat gai jorratuko dira:

• Testuinguru soziala eta ekonomikoa: Jaurerriaren egoerearen azterketea Erdi Aroaren amaieran eta Aro Modernoaren hasieran.

• Genero-ikuspegia: Emakumeak Bizkaiko Zuzenbide Pribaduan dauen posizino juridikoari buruzko berbaldiak.

• Zuzenbide konparaua: Bizkaiko eredua Nafarroako, Aragoiko, Gaztelako eta baita Frantziako Erresumako sistemakaz alderatzeko mahai-inguruak.

• Justizia eta merkataritzea: Justizia-administrazinoaren azterketea, Jaurerriko epaiketak eta merkataritza-konpainien erregulazinoa.

Sinposioa Euskal Herriko Zuzenbide Historiko eta Autonomikoa Aztertzeko Fundazinoak (Iura Vasconiae) antolatzen dau, Gregorio Monreal Zia katedradunaren zuzendaritzapean, eta Bizkaiko Batzar Nagusien laguntzeagaz eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesagaz. Hitzordu akademiko horregaz, Bizkaiak 2026rako bideari ekingo deutso modu formalean, bere arau historiko enblematikoenean jasotako askatasun eta itun balioen indarra berretsiz.

Related files: