JARDUNALDI BATEK FORU BARRIAK EUSKAL AUTOGOBERNUAREN DEFINIZINOAN DAUEN GARRANTZIA ERAKUTSI DAU
- Iura Vasconiae Fundazinoak antolatutako “1526ko Bizkaiko Foru Berri edo Erreformatuaren onespenaren 500. urteurrena” Sinposioak testu horrek lurraldeko bardintasun juridikoan eta askatasunetan dauen eragina aztertu dau bi egunez Batzar Nagusien egoitzan.
(Bilbon, 2026ko urtarrilaren 26an). Bilbo Bizkaiko Foru Barriaren V. Mendeurrenaren (1526-2026) erdigunea izan da bi egunez, Iura Vasconiae Fundazinoaren “1526ko Bizkaiko Foru Berri edo Erreformatuaren onespenaren 500. urteurrena” izeneko XXIV. sinposioagaz. Ekitaldia Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko egoitzan egin da, eta mendeetan lurraldearen autonomia eta izaera politikoa definidu dauen arauari balioa emoteko Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Bizkaiko Foru Aldundiak alkarregaz prestau daben programazino instituzionalaren hasierea izan da.
Jardunaldien edegiera ofizialean Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria eta Roldan Jimeno Aranguren Iura Vasconiae Fundazinoko presidentea izan dira. Atzo eta gaur, Sinposioak hainbat unibersidadetako adituek Europan aitzindaria izan zan askatasun kolektibo eta indibidualen sistemea finkatu eban testu juridiko horren garrantzia aztertu dabe. Jardunaldiari Elixabete Etxanobe Landajuela Ahaldun Nagusiak emon deutso amaierea gaur arratsaldean.
1526ko Foru Erreformaua edo Barria kaparetasun unibersala ezarteagaitik nabarmentzen da historikoki. Horri esker Bizkaiko biztanleek bardintasun juridiko goiztarra lortu eben. Modu berean, agiriak berretsi egin eban herritarren eta agintaritzaren (Jaun-Erregea) arteko itun publikoko harremana, autogobernua kanpoko esku-sartzeetatik babesten eban alkarrekiko zinaren bidez bermatuta.
Sinposioak hartu dituan jardunaldi bietan funtsezko hainbat gai jorratu dira:
• Testuinguru soziala eta ekonomikoa: Jaurerriaren egoerearen azterketea Erdi Aroaren amaieran eta Aro Modernoaren hasieran.
• Genero-ikuspegia: Emakumeak Bizkaiko Zuzenbide Pribaduan dauen posizino juridikoari buruzko berbaldiak.
• Zuzenbide konparaua: Bizkaiko eredua Nafarroako, Aragoiko, Gaztelako eta baita Frantziako Erresumako sistemakaz alderatzeko mahai-inguruak.
• Justizia eta merkataritzea: Justizia-administrazinoaren azterketea, Jaurerriko epaiketak eta merkataritza-konpainien erregulazinoa.
Sinposioa Euskal Herriko Zuzenbide Historiko eta Autonomikoa Aztertzeko Fundazinoak (Iura Vasconiae) antolatu dau, Gregorio Monreal Zia katedradunaren zuzendaritzapean, eta Bizkaiko Batzar Nagusien laguntzeagaz eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesagaz. Hitzordu akademiko horregaz, Bizkaiak modu formalean ekin deutso 2026rako bideari, bere arau historiko enblematikoenean jasotako askatasun eta itun balioen indarra berretsiz.
