FORU BARRIAREN ONARPENAREN 500. URTEURRENARI BURUZKO ERAKUSKETA BATEK BALIOA EMONGO DEUTSO ASKATASUNAREN ETA AUTOGOBERNUAREN OINARRI HISTORIKO HORRI
- Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek sustatutako erakusketak bertsino bi ditu, bata zientifikoagoa, Foru Liburutegian egongo dana, eta bestea ibiltaria, datozan hilebeteetan Bizkaian zehar ibiliko dana.
- Foru Liburutegian, Foru Zaharraren eta Foru Barriaren edizinoak erakutsiko dira jente aurrean. Idea hori formatu handiko 10 panelen bidez eroango da kalera. Panel horreek Bilboko Kale Nagusian hasiko dabe ibilbidea.
- Ekimena, Bizkaiko Foru Barriaren (1526-2026) onarpenaren V. Mendeurrenagaz bat etorrita, erakunde biek aurton antolatu dituen jardueren barruan dago. Horreen artean ekitaldi akademikoak, instituzionalak, kulturalak eta hezkuntzakoak dagoz.
(Bilbon, 2026ko apirilaren 21ean). Elixabete Etxanobe Landajuela Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak inaugurau dabe gaur Bizkaiko Foru Barriaren (1526-2026) V. Mendeurrena ospatzeko erakusketa-programazinoa. Ekimenaren helburua, euskal autogobernuaren eta demokraziaren oinarria eta Lurralde Historikoaren nortasuna bera dan testu erabagigarriaren garrantzia herritarrei hurreratzea da.
Proposamenak erakusketa bi ditu, jente guztiarengana iristeko. Alde batetik, Foru Liburutegiak adituentzat eta ikertzaileentzat diseinautako izaera teknikoko eta zorroztasun zientifikoko erakusketea jasoko dau bere Areto Nagusian abuztuaren amaierara arte. Bertan, balio historiko handiko beste pieza batzuen artean, Bizkaiko Foru Barriaren (1526) jatorrizko liburua egongo da ikusgai. Bestalde, diseinu bisual eta irisgarriagaz, metroko geltokietan be egongo dan eta hainbat udalerri zehartuko dituan erakusketa ibiltaria instalau da Bilboko Kale Nagusian, jente guztiari zuzendua. Oinarri historiko horren garrantzia herritarrei helarazotea da asmoa.
Ekitaldian, Elixabete Etxanobe Landajuelak erakundeen arteko lankidetzearen balio sinbolikoa azpimarratu dau, Foru Barriaren garrantzi historikoa ikusarazoteko, eta gogora ekarri dau oinarri hori Unescoren Gizateriaren Ondarearen Erregistroan sartzea aztertzen ari dirala. Ana Otadui Biterik bere aldetik nabarmendu dauenez, Foru Barriak Batzar Nagusiek gaur egun bardintasun, askatasun eta itun printzipioetan oinarrituta eztabaidarako eta akordiorako gune lez daben egitekoaren jatorria irudikatzen dau.
Erakusketearen aurkezpen ekitaldian izan dira, halaber, Itziar Alkorta Iura Vasconiaeko presidentea; Gregorio Monreal Zia erakunde bereko ohorezko presidentea; eta Imanol Merino eta Rosa Ayerbe erakusketearen komisarioak.
Erakusketearen eukiak, 1526an Gernikako Arbolearen azpian testua onartu eta Karlos I.ak 1527an berretsi izana lako mugarriak erakusten ditu, bere garairako balio aurreratuak nabarmenduz, horreen artean kaparetasun unibersala eta “habeas corpus” dalakoa. "Izan zirelako gara" goiburupean, erakusketearen leitmotiv-a dan Foru Barriaren onarpenaren oroitzapenak, Bizkaiaren sistema politiko propioa bizkaitarrek euren kabuz gobernetako daben eskubidean oinarritzen dala azpimarratzen dau.
ERAKUSKETA BIKOTXA
Foru Berriaren 500. urteurreneko erakusketa-programazinoak ikusleen profilaren arabera banatzen ditu bere eukiak, zorroztasun akademikoa eta herritarren arteko hedapena buztartuz. Holan, Foru Liburutegian (Areto Noblea), elementu nagusia eta nabarmenena erakutsiko da: 1526ko Bizkaiko Foru Barriaren jatorrizko liburua. Ale zaharragaz batera hainbat edizino egongo dira, XVI. eta XXI. mendeen artean inprimidu ziran Foru Zaharra, Foru Barria edo Erabarritua, baita Enkarterriko Zuzenbidea be.
Bestalde, Kale Nagusian, Foru Jauregiaren alboan, Bilbon, dibulgazino-bokazinoa besterik ez dauen erakusketa ibiltaria instalau da, dinamikoa eta jente guztiarentzat irisgarria. Erakusketearen zati hori autogobernuaren mugarrietatik ibilbidea egiten daben gaikako hamar panelen bidez antolatzen da:
• Historia eta jatorriak: Jaun Zuriaren legendatik eta Jaurerriaren jatorritik, 1526an Gernikako Arbolearen azpian testua onartu zan arte.
• Eskubideak eta gizartea: emakumearen zeregina eta parekatze juridikoa nabarmentzen dira, baita garairako oso aurrerakoiak ziran askatasunak be, “Habeas corpus”, merkataritzarako askatasuna eta herentzien erregulazinoa, besteak beste.
• Gobernantzea eta fiskalidadea: Funtsezko kontzeptuak azaltzen ditu, besteak beste, "foru-baimena" (kanpoko legeei buruz erabagiteko gaitasuna), Ekonomia Ituna sortu eban fiskalidade sistema propioa eta Foruak beste demokrazia batzuetarako eredu lez dauen eragina, John Adamsek, AEBetako Konstituzinoaren aitak, Bizkaiko erakundeakazko erakutsi eban interesa aitatuz.
Bizkaiko uriburuan egon eta gero, erakusketa ibiltariak Balmaseda, Bermeo, Portugalete eta Galdakao bisitauko ditu datozan hilebeteetan. Aldi berean, eta bersino txikiagoagaz, erakusketea metroko geltoki batzuetan be geldituko da, horreen artean Zazpi Kaleetan (maiatzean), Gurutzetan (bagilean), Moyuan (garagarrilean) eta Basaurin (abuztuan), dibulgazinoa errazteko.
FORU BARRIAREN HISTORIA
Bizkaiko Batzar Nagusiek 1526an onartu zuten Foru Barria eta, ondoren, Karlos I.a enperadoreak 1527an berretsi zuen. Testu honek Bizkaiko zuzenbidea bera eguneratu zuen, ohituratik datozen erabileretan, zintzotasunetan eta askatasunetan oinarritutako autogobernu-sistema bakarra sendotuz.
1526ko erreformak erabiltzen ez ziren arauak ezabatu zituen eta garaira egokitutako xedapen berriak txertatu zituen, XIX. mendearen amaierara arte indarrean egon zen eredu aurreratua finkatuz. Mugarri historiko honek foru-erakundearen berrikuntza eta berdintasunean, askatasunen babesean, itun instituzionalean eta nortasun kolektiboan sendotzean oinarritutako gizartearen eraikuntza islatzen ditu.
Azken bost mendeetan printzipio horiek arrasto sakona utzi dute Bizkaiko herritarrengan eta kultura politikoan. Kaparetasun unibertsalak, betebehar militarren mugak, atxiloketa arbitrarioei aurre egiteko askatasunak eta eskubide ekonomiko eta sozialen erregulazioak oso argi erakusten dute, 500 urte bete arren, edukia izugarri aurreratua izan zela garai hartarako. Gaur egun Foru Barriak autogobernuaren oinarri eta etorkizuneko eguneraketetarako potentziala duen erreferente izaten jarraitzen du.
