PROSTITUZINOA ABOLIDUTEA ETA EMAKUMEEN KONTRAKO “MUTURREKO INDARKERIA MATXISTA” HORREN PRAKTIKEA ARAUTZEN DABEN ORDENANTZAK KENTZEA ESKATU DABE BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAN

  • Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako Batzordeak hainbat kolektibo feministatako ordezkarien eskaerak entzun ditu gaur: Andereak, Lanbroa, Feministak Kongresura alderdia, eta EHFAK, Euskadiko prostituzinoaren abolizionisten talde feministen koordinakundea.
     
  • Lurraldeko prostituzinoaren egoerearen diagnostiko “fidagarria” eskatu dabe, horren ostean emakumeen egoerea hobetzeko neurri integralak apliketako.

 

(Bilbon, 2022ko urriaren 28an). Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako Batzordeak hainbat kolektibo feministaren bisitea jaso dau gaur, horreen artean Andereak, Lanbroa, Feministak Kongresura alderdia, eta EHFAK, Euskadiko prostituzinoaren abolizionisten talde feministen koordinakundea. Horrez gain, “prostituzino-sistematik bizirik urtetea lortu dauen” emakume baten testigantzea be jaso da saioan. Batzar Nagusietako taldeak prostituzinoa aboliduteko eta praktika hori zigortzeko beharraz konbentziduten saiatu dira, berau arautzearen alde dagoan beste korrontetik urrunduz. 

Begoña Ferro, Miren Nieves eta Sarah Berlori bertaratu diran hiru emakumeen eretxiz, gaur egun gizartean dagoan indarkeria-modu eta giza eskubideen urraketa “larrienetakoa” dira bai prostituzinoa eta bai “prostituzinoaren beraren pedagogia” dan pornografia be. Hori dala eta, Batzar Nagusietan ordezkaritza daben bost alderdi politikoei ahalegin bat eskatu deutsee praktika hori aboliduteko eta berau erregularizetearen aldeko edozein araudi indar barik ixteko, horreen artean Jende aurreko Ikuskizunen eta Joko Jardueren Legea garatzeko Erregelamendua edo prostituzinoa merkataritza-jarduera lez arautzen dauen Bilboko Udalaren udal-ordenantzea.

Bertaratutakoek, “prostituzinoaren, sexu-esplotazinoaren eta personen salerosketaren artean dagoan loturea” kontuan hartu barik, prostituzinoa “emakumeentzako laneko errealidade lez” aurkezten daben personak kritikau ditue. Begoña Ferroren eretxiz, “ordena sozial patriarkala onartzeko modua da, berau zalantzan jarri barik eta bere balio misoginoenak errepikauz”. Modu berean, “prostituzinoa diru-sarrerak muga barik lortzeko iturri lez ikusten dabe, irabazi handiak eta gastu gitxi daukiezalako ekonomia kriminalentzat, baina baita beste sektore legal batzuentzat be”. Irabaziak lortzen dituen horreen artean, komunikabideak, bidaia-agentziak, estetikearen industria eta gobernuak eurak sartu ditu Ferrok.

Zifrei jagokenez, hainbat azterlanetan oinarrituta Ferrok adierazo dauenez, beharrizan ekonomikoaren faktorea dago kasuen “% 95aren” atzean. Gaur egun, sare sozialak eta plataformak emakumeen gorputzaren esplotazino modu hori zabaltzen laguntzen ari dira. Aldaketarako beste faktoreetako batek zerikusia dauka prostituzinoa egiten dan lekuagaz. Fenomeno hori aztertzen ari diran erakundeen eretxiz, alterneko lokaletan emakumeen kopuruak behera egin dau, eta pisuetan, barriz, gora.

 

BIZKAIKO EGOEREA

Bizkaiaren kasuan, panorama bat dator aurreikuspen orokor horreekaz, eta, kasu gehienetan, “labur geratzen dira”. Horregaitik, politika publiko abolizionistak egin ahal izateko “diagnostiko ona” eskatu deutsee erakundeei. Gure lurraldean 29 agentzia inguru aurkitu dira Interneten, eta Ertzaintzak “Bilbon bakarrik, 79 etxebizitza zenbatu ditu”. Ganera, Ferroren berbetan, “prostituzino-modalidade edo -testuinguru guztietan Bizkaian dago emakume gehien, ganerako probintzietan baino askoz be gehiago”.

Azterlanek eta segurtasun-indarrek erakusten dabenez, Bizkaian eta Euskal Autonomia Erkidegoko ganerako lekuetan prostituzino-egoeran dagozan personen “% 90” emakume atzerritarrak dira. Beste leku batzuetan lez, emakumeen mobikortasun handia dago, pisu-burdeletan eta klubetan antolatzen dan “plaza” deitutako sistemea dala eta. Sistema horren arabera, emakume bakotxak 21 egun igaroten ditu lokal baten, eta ostean beste lokal batera aldatzen da, gehienetan beste uri batera. “Hori, batez be, emakumeek euren artean loturarik ezarri ez daien eta barritasuna eta aniztasuna eskaintzeko erabilten da”, azaldu dau Ferrok.

 

SARAH BERLORIREN TESTIGANTZEA

Sarah Berlori –ez da bere benetako izena– prostituzinoaren jatorria eta irismena aztertu dauen ekintzaile feminista da. Bere kasuan, premina ekonomikoak behartu eban prostituzino-sistemaren sareetan murgiltzera.

Bere esperientzian oinarrituta kontau dauenez “hartu-emon guztiak onartutakoak izan ziran, baina ez desiratuak, ez berak gura izandakoak”. Eta gura ez dituzun praktika sexualak egiten dozuzanean, “nazkagarriak, mingarriak eta bortitzak” dira. Ez eban “ezer onik” lortu prostituzinotik. “Aurretik bezain pobre urten neban, abandonu instituzional beragaz, nire sexualidadea txiki-txiki eginda eta trauma osteko estres dosi handiagaz”. Prostituzinoan aritu zan 10 urteetan, ikusi eban gauza “bakarra” “miseria, etsipena eta sexu-indarkeria” izan zan.

“Sinesgatxa” iruditzen jako kolektibo batzuk arreta emakumeen ustezko eskubideetan jartea. Bere berbetan, norbanakoaren askatasuna “ezin da egon negozio kriminal horrek ixten dituan biktima guztien eskubideen ganetik”.

 

ESKAERAK

Estadu osoko hainbat erakunde feministak hartu dabe parte Prostituzinoaren Abolizinoaren aldeko Emakumeen Erakundeen Estaduko Plataformak sustatutako Lege Abolizionistaren proposamena lantzen eta bultzatzen, prostituzinoa “emakumeen kontrako indarkeriaren modurik larrienetakoa dala kontzientzietako, eta adierazoteko ezinbestekoa dala lege-erreformak egitea eta politika publikoak gauzatzea, dagozan praktikak aldatzeko eta prostituzinoa indarkeria matxista lez hartzeko”, azaldu dau Miren Nievesek amaitzeko. 

Legegintza-proposamen horren helburuen artean, besteak beste, honako honeek dagoz: prostituidutako emakumeek arreta integrala jasoteko eskubidea eukitea; sexu-esplotazinoaren industria desegitea, proxenetismo mota guztiak zigortuz; “puteroaren” kontrako neurri administratiboak eta penalak; eta Bizkaiko Lurralde Historikoan prostituzino-sistemaren errealidadearen diagnostikoa egitea, horren ostean prostituzinoaren eta pornografiaren aurrean jarduteko berenberegiko plan abolizionistea egiteko, biktimen arretea lehenetsiz eta euren urteerea erraztuz.