BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK KONTZILIAZINO ERANTZUKIDEARI BURUZKO GOGOETEA EGIN DABE BESTE “ALKARRIZKETA BARDINTASUNEAN” BATEAN

  • Eva Tobías Olarte izan da gaur laneko, etxeko eta zaintzako erantzukizunen banaketa ekitatiboan zentrautako topaketaren protagonistea.

 

(Bilbon, 2025eko garagarrilaren 17an). Bardintasun Planaren barruan, Bizkaiko Batzar Nagusiek, eztabaida eta gogoeta partekaturako gunea dan “Alkarrizketak Bardintasunean” ekimenaren beste edizino bat egin dabe. Oraingoan, Eva Tobías Olarte izan da berbaldiaren protagonistea. Castellóko Jaume I Unibertsidadeko Genero Ikasketetako doktorea eta Deustuko Unibersidadeko Zuzenbideko lizentziaduna da, eta bardintasunaren alde eta genero-indarkeriaren kontra egindako lanarengaitik aintzatetsia.

Saioa kontziliazino erantzukidearen kontzeptuan zentrau da, gaur egun laneko, etxeko eta zaintzako ardurak emakumeen eta gizonen artean zelan banatzen diran aztertuz. Gainera, lan-arloko parte-hartzean dagozan desbardintasun iraunkorrak aztertu dira, bai eta erantzunkidetasun erreal eta eraginkorrerantz aurrera egiteko politika publikoek eta antolamendu-neurriek daben zeregina be.

Jardunaldia esperientziak partekatzeko, alkarrizketea sortzeko eta genero-berdintasunagaz konprometidutako erakunde-ingurunea eregiten jarraitzeko aukerea izan da. Ana Otadui Biteri Batzar Nagusietako lehendakaria, Mahaiko kideak, batzarkideak eta Foru parlamentuko beharginak egon dira berbaldian.

2022-2025 aldirako Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako II. Plana aho batez onartu zan igazko urtarrilean. Dokumentuan, lehen plana indarrean egoala erakundean egiten ziran bardintasunaren arloko jardunbide egokiakaz jarraitzera eta ekintza barriak sartzera bideratutako estrategiak jasoten dira. Gaurko topaketak, Bizkaiko Batzar Nagusiek bardintasunaren alde daukien konpromiso sendoa berrestea ekarri dau, izan be, holango plana euki eban Espainiako Estaduko bigarren erakunde legegilea izan zan, Nafarroakoaren ostean. 2017ko udan onartu eban.

Bardintasun Plan horrek hobetzeko 22 helburu eta 65 ekintza jasoten ditu, hiru jarduketa eremutan (Gobernu Ona, Komunikazinoa eta Gizarte Eragina) eta zortzi ildo estrategikotan banatuta. Ildo horreen artean, besteak beste, genero-ikuspegiaren integrazinoa, bardintasun ikutua izango dauen beharginen kudeaketea, komunikazinoa, emakumeen ahalduntzea, indarkeria matxistaren kontrako burrukea eta zainketen aintzatespena sartzen dira.