BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK GAUR HASI DITUE LURRALDEKO 2024KO AURREKONTU PROIEKTUA AZALTZEKO SAIOAK
- Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantzetako diputatu andreak hasi dau gaur goizean programauta dagozan batzordeen arteko lehenengoa, bere sailerako 155 milioi euroko gastua iragarriz, % 4 gehiago.
- Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak 243,1 milioi euroko erabilgarria aurkeztu dau.
(Bilbon, 2023ko azaroaren 7an). Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak zabaldu ditu gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan urriaren 31n erregistrau zan Aurrekontuen proiektuagaz bat etorrita foru Gobernuak 2024an gauzatu gura dituan partidak, programak eta inbertsinoak azaltzeko informazino batzordeak. 10.308,2 milioi euroko diru-sarrerak eta gastuak, % 5,1 gehiago, hartzen dituan Aldundiaren aurrekontu osotik, ia 1.600 milioi sailek erabilgarri daben aurrekontuari jagokoz, % 3,8 gehiago.
Berrojalbizek Aldundiaren aurrekontuak “asmo handikoak, solidarioak, zuhurrak eta arduratsuak” dirala esan dau. Asmo handikoak, agintaldiko “Bizkaia Denontzat” planean aurreikusitako inbertsino estrategikoak gauzatzen joateko “oinarriak” ezarten dituelako. Solidarioak, egoera txarrenean dagozanen beharrei erantzuten deutseelako. Eta, azkenik, Kontuak zuhurrak eta arduratsuak dira, “zero” defizitetik abiatzen diralako. Aldundiak jaulkitako 184 milioi euroko zorrari eutsiko deutso, eta horrek, barriro be, zorpetzeko mugea “1.830 milioi eurotan” itxiko dau, hau da, Bizkaiko BPGaren “% 4a” baino ez. Kopuru hori oso urrun dago Estaduaren zorpetzea marketan dauen % 113tik.
Foru Aldundiko Ogasun eta Finantzetako Sailari jagokonez, Berrojalbizek 155 milioi euroko aurrekontua izango dau (I. Kapitulua barne), hau da, aurton baino % 4 gehiago. Aurrekontuaren % 56a nominak ordaintzeko izango da. Holan, “87 milioi” sail horretan behar egiten daben “1.044” personen ordainsari kostuak ordaintzeko izango dira, hau da, “% 7,16” gehiago.
Sailaren beste partida handi bat Aldundiko Informatika Plana deitutakora bideratuko da, hau da, Lantik foru soziedadeak batzen dituan zerbitzu, aplikazino eta inbertsinoetara (Batuz sistemea, PFEZ eredua, iruzur fiskalaren kontrako burrukea, egoitza elektronikoa...). Gai horreetara 40,1 milioi euro bideratuko dira. Modu berean, eta Administrazino Orokorraren programaren barruan, beste soziedadeak, herritarrentzat edegita dagozan komunikazino-bideak batzen dituan Zugaztelek, daroan 8,5 milioi euroko partidea dago.
Ogasun eta Finantzetako Aurrekontuan, hainbat milioi jasoten dituen beste partida batzuk be nabarmentzen dira, Bizkaiko Katastroa mantentzeko 2,9 milioi euroak, Bilboko eta Basauriko udalakaz helburu horretarako ezarritako hitzarmenen ordainketea barne, edo foru eraikinak barriztetako eta zaharbarritzeko lanetarako 2 milioi euroak, “% 31,8 gehiago”.
2023ko aurrekontuaren betete maileari jagokonez, Berrojalbizek jakinarazo dau Aldundi osoan “% 69,18koa” zala irailaren 30ean, eta bere sailean, barriz, “% 67,6koa”.
Batzar Nagusietako taldeen galderei erantzuteko txandan, Berrojalbizek iragarri dau 2024an ondasun higiezin batzuk besterentzeagaitik bere sailak milioi bat euro eskuratzea aurreikusten dauela. Beharginei jagokenez, 7 lanpostu barri sortuko dira.
265,9 MILIOIKO INJEKZINOA AZPIEGITURETARAKO
Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak bere sailak datorren urterako 243,1 milioi euro izango dituala adierazo dau Lurraldeko 2024ko Aurrekontuen Foru Arau Proiektua azaltzeko bigarren saioan, hau da, % 1,1eko jatsierea txikia aurreko urteagaz alderatuta.
Foru Diputatuak iragarri dauenez, baina, azpiegituren arloan Aldundiak egingo dauen inbertsino publikoa “265,9 milioi eurokoa” izango da, % 14,2ko igoereagaz, azpiegitura eraldatzaile barrien garapena bizkortzeko, jarduera ekonomikoari eusteko eta “ia 1.800 lanpostu” sortzeko edo kontserbetako.
Pradalesek dozena erdi “lan” azpimarratu ditu bere sailak 2024rako aurreikusi dituan jarduketa handien artean: Itsasadarraren azpiko tunelaren hasierea (25 milioi), Markinako saihesbidearen egikaritzea (11 milioi), La Avanzadaren estaltzea (19,4 milioi), Itsasadarreko bulebarra eta Erandio eta Barakaldo arteko oinezkoentzako zubi mobikorra (28 milioi), Bideen Barrikuntzarako Plana barriro martxan jartea eta Errekaldeko Saihesbidearen proiektuaren idazketea.
Bere esku-hartzean, bizikleta bidezko mobikortasunaren arloko inbertsinoan egindako esfortzu handia be azpimarratu dau (6,2 milioi euro), “Bidegorrien” edo bizipisten hainbat tartetan lan egiteko (Bilbao-Basauri-Etxebarri, Santurtzi-La Arena Mamarigatik, edo Etxebarria-Markina). Guztira, Itsasadarreko bulebarra gehituta, Aldundiak bidegorrien arloko inbertsino “errekorra” izango dau datorren urtean, “37,2 milioi eurora” heldu arte.
Aurrekontua programaz programa xehetuz, Pradalesek datorren urterako egongo diran beste gastu partida garrantzitsu batzuk marraztu ditu, bere sailak foru errepideetako 1.300 kilometroak manteniduteko eta kontserbetako inbertiduko dituan ia 60 milioiak, adibidez.
Aurrekontu horreek alde batera itxita, eta Batzar Nagusietako taldeek egindako galderei erantzunez, Pradalesek hainbat proiektu eta gastu partida baieztu ditu, ibilgailu astunen kudeaketa eraginkorragoa egiteko Portu Agintaritzeagaz batera barrikuntza plana osatzeko 1,7 milioi euroak, besteak beste. Pradalesek argitu dau baita be, 13 ibilgailu hibrido erosiko dirala beharginentzat, eta errepideetako argia ordaintzera bideratuko diran 5 milioi euroak be aitatu ditu. Next Funtsen bidez hobekuntzak egingo dira Gaztelugatxeko San Juan inguruko bideetan.