BIZKAIKO BATZAR NAGUSIAK KICHWA HIZKUNTZEA BIZIBARRITZEN ETA NORMALIZETAN LAGUNTZEKO ALKARLANEKO PROIEKTU BATEAN LANKIDETZAN ARI DIRA

  • Bizkaiko Batzar Nagusietako itzulpen zerbitzuak, Garabide euskal alkartearen eskutik, Bizkaiko Parlamentuko interpretazino zerbitzuak ezagutzeko Bizkaian bisitan dagozan Ekuadorreko kichwa ekintzaileak hartu ditu.

 

(Bilbon, 2025eko maiatzaren 23an). Ekuadorreko Imbabura probintziako kichwa ekintzaileak Bizkaiko Batzar Nagusietan izan dira gaur goizean, Bizkaiko Parlamentuko interpretazino zerbitzuak ezagutzeko. Hego Ameriketako sei herrialdetan (Ekuador, Bolivia, Txile, Kolonbia, Argentina eta Peru) banatuta dagoan eta 10 milioi kichwa hiztun inguru dituan komunidadean integrauta dagoan Sisariy alkarteko kideak Bizkaian dagoz, Garabide Elkartearen eskutik, euren hizkuntzea bizibarritzeko estrategiei buruzko prestakuntzea jasoteko.

Euskadiko egonaldian landu daben gaietako bat euskal administrazinoan ofizialak diran hizkuntza bien erabilerearen dinamikea ezagutzea izan da. Hori dala eta, Bizkaiko Batzar Nagusietako administrazino egoitzara joan dira, eta han bertako itzulpen eta interpretazino zerbitzuko kideek hartu ditue.

Azkenengo urteotan, alkarte biek –Garabide eta Sisariy– hizkuntza-lankidetzako proiektu bat garatu dabe kichwa hizkuntza-komunidadeari laguntzeko, Perun, Bolivian eta Ekuadorren bakarrik ofiziala dan hizkuntza gitxitua bizibarritzeko prozesuan.