ALDUNDIAK BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAN IRAGARRI DAUENEZ, TABIRA BERRI EGOITZEARI ZEHAPEN ESPEDIENTEA EDEGI DEUTSO, IKUSKARITZAREN USTEZ «OSO LARRIAK» IZAN EZ ARREN «GARRANTZITSUAK» DIRAN ARAU-HAUSTEAKAITIK
- Amaia Antxustegi Ziarda Gizarte Ekintzako foru diputatua Gizarte Ekintzako Batzordera etorri da Durangoko egoitzan egindako azkenengo ikuskapenaren emoitzen barri emoteko.
- Diputatua oposizinoak eskatuta be agertu da, 28/2026 eta 29/2026 foru dekretu barrien irismenaren barri emoteko eta GUFEren lan poltsetan izandako “ustezko irregulartasunak” azaltzeko.
(Bilbon, 2026ko bagilaren 25ean). Amaia Antxustegi Ziarda Gizarte Ekintzako foru diputatua Bizkaiko Batzar Nagusietako Gizarte Ekintzako Batzordearen aurrera etorri da gaur, Durangoko Tabira Berri egoitzan egindako ikuskapenaren emoitzen barri emoteko. Agerraldiak diputatu andreak joan dan apirilaren 27an hartu eban konpromiso pertsonalari erantzuten deutso, hau da, emoitza teknikoak eta juridikoak jaso eta gero jarduketen barri emotekoari.
Ikuskapen-prozesua martiaren 26an hasi zan, eta egun bat geroago iragarri bako ikuskapen-bisitea egin zan. Apirilaren 29an amaierako txostena emon eta maiatzaren 28an egiaztapen-txostena egin eta gero, Aldundiak espedientea organo zehatzaileari bialdu deutso, osorik zuzendu ez diran ez-beteteak hautemon diralako.
Beharginei jagokenez, ratioak beteten diran arren, eskatutako kualifikazino ofizialik bako zuzeneko arretako behargin bat hautemon eban ikuskapenak, eta egoera horrek bardin jarraitzen dau gaur egun be. Modu berean, lanaren antolamenduan desorekak antzemon ziran, profil profesionalagaz bat ez datozan egitekoak esleituta, behargin laguntzaileek medikazinoa prestetea, adibidez.
Nutrizinoari jagokonez, desdoikuntzak antzemon dira menu kopuruan, afarietan eta asteburuetan zortzi menu emonda, okupazinoa 13 eta 14 persona artekoa dan arren. Aldiz, higieneari eta zainketei jagokenez ez zan antzemon arauen ez-beteterik. Mantenidute-lanetan eta segurtasunean antzemondako akats txikiak, horreen artean su-itzalgailuetarako edo garbiketa-produktuetarako irisgarritasuna, atoan zuzendu ziran bisitan zehar.
Amaia Antxustegi Ziardak argitu dauenez, Euskadiko Gizarte Zerbitzuen Legearen arabera arau-hausteak ez dira “oso larritzat” kalifiketan, erabiltzaileenganako zuzeneko kalterik edo tratu iraingarririk ez dagoalako, baina zerbitzuaren kalidaderako “garrantzitsutzat” joten dira. Diputatu andreak ondorioztatu dauenez, zehapen espediente horren edegierak egiaztetan dau kontrol sistemek funtzionetan dabela eta egoiliarrak babesten dituela: “Espediente bat egoteak ez dau sistemea gitxiesten, kontroletan dauela eta kontrolek funtzionetan dabela egiaztetan dau”. Bukatzeko, ikuskatzaileen bisitak aurretiazko abisurik barik egiten dirala azpimarratu dau.
Oposizinoko taldeek azpimarratu dabenez, egoitza hori senideen kexa “larriak” jasoten ari da 2024tik. Eneritz de Madariaga Martín, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiako bozeroalea, arduratuta agertu da disfuntzino horreek lehenengo salaketak jaso eta urte bira hautemon diralako, eta zentroko zuzendaritzak bere ardurapeko beste zerbitzu batzuk behar dan moduan kudeatzen ete dituan galdetu dau.
Ildo berean, Raquel González Diez-Andino Bizkaiko Talde Popularreko bozeroalearen eretxiz, barruko antolaketea “erabateko kaosa” da, eta ohartarazo dau egungo zigor sistemak ez dituala arazoak konpontzen, erakunde batzuei isunak ordaintzea hutsegiteak zuzentzea baino errentagarriagoa jakela iradokiz.
Bukatzeko, Urtzi Ostolozaga Arrien EH Bilduko ordezkariak, bere eretxiz “agortuta” dagoan eta “merkantilistea” dan zaintza eredua kritikau dau, zaintzaileen lan prekariedadeak egoiliarren ondoizatearen murrizketan eragin zuzena daukala adierazoz.
DESGAITASUNARI BURUZKO FORU DEKRETUAK
Jardunaldi berean, diputatu andreak agerraldia egin dau Bizkaiko Talde Popularrak eskatuta, desgaitasuna daukien personentzako zentroetako sarrerea eta prezio publikoak arautzen dituen 28/2026 eta 29/2026 foru dekretu barrien irismena azaltzeko. Raquel González Díez-Andino bozeroale popularrak adierazo dauenez, arau horreek “alarma soziala” sortu dabe, funtsezkotzat jo dituan aldaketak sartu diralako, Administrazinoak erabiltzailearen aurretiazko akordiorik barik lekualdaketak ofizioz egiteko ahalmena, desgaitasunen zentroetan egoteko edadea mugatzea (18 eta 64 urte bitartekoa) eta koordainketaren aldaketea, besteak beste.
Gai horreen aurrean, Amaia Antxustegi Ziarda diputatuak defendidu dauenez, dekretuen helburua sistemeari “epe luzerako segurtasun juridiko, koherentzia eta ekidade handiagoa” emotea da, “desbardintasun historikoak” zuzentzea ahalbidetuz, laguntzak erabiltzaile bakotxaren benetako beharren eta bizi-etapen bilakaerara zorrotz egokitzen dirala ziurtatzeko. Ez dira “koiunturazko edo bat-bateko” erabagiaren emoitzea, Bizkaian desgaitasunen bat daben personen partaidetzarako eta bizi kalitaterako Planean definidutako “ibilbide-orri” bati erantzuten deutselako.
Ofiziozko lekualdatzeei jagokenez, “salbuespenezkoak” dirala egiaztetan daben datuak emon ditu: azkenengo urteetan egindako 250 lekualdaketetatik, “% 2 baino gitxiago” ofizioz egin ziran. Koordainketeari jagokonez, argitu dauenez, egoitzetako plazetan norbanakoaren gaitasun ekonomikoari eusten jako, eta eguneko zentroei jagokenez familia unidadeari egiten jakon erreferentziak, barriz, “justifikau bako desbardintasunak” saihestea bilatzen dau. Modu berean, ospitaleratzea dala-eta kanpoan egonda plazea ordaintzen jarraitu beharra baliabidearen erreserbea eta laguntzen jarraitutasuna bermatzeko neurri lez justifikau dau. Adin-mugeari jagokonez, “bizi-etaparako egokitzapen” lez definidu dau, eta ez baztertze lez, mendekotasun-baliabideetarako trantsizino planifikauak ziurtatuz.
Bestalde, Raquel González Díez-Andinok erantzun dau arreta egokia eta indibidualizaua ez dala bermatzen ezarritako lekualdaketakaz, eta ohartarazo dau, bere kalkuluen arabera, koordainketea bikoiztu egin daitekela kasu batzuetan. Bozeroale popularrak kritikau egin dau arautegia “bulegoetatik” diseinau izana, familien errealidadea kontuan hartu barik, Aldundiak zerbitzuen “bikoiztasunak” deitzen dauena profesionalentzat eta familientzat arretarako funtsezko “osogarritasuna” dala salatuz. Bukatzeko, sektorean larritasuna sortzen ari diran alderdiak zuzentzeko eskatu deutso Aldundiko arduradunari, behin betiko aplikau aurretik.
IRREGULARTASUNAK GUFEREN HAUTAKETA PROZESUETAN
Bukatzeko, batzordeak Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen (GUFE) lan poltsak aukeratzeko lau prozesutan antzemondako ustezko irregulartasunak aztertu ditu. Arantza Sarasola Lartategi EH Bildu taldeko batzordekideak eskatuta etorri da batzordera Foru Diputatua, balorazino batzorde bateko kide batzuek hautagaiakaz ahaidetasun loturak dituela jakin ostean zabaldu diran diziplina espedienteen barri emoteko. Koalizino abertzalearen eretxiz, ekintza horreek urratu egiten dabe horrelango prozeduretan hautaketa-epaimahaietako kideak absteniduteko legezko betebeharra.
Amaia Antxustegi Ziardak bere erantzunean zehaztu dauenez, GUFEk joan dan bagilaren 10ean izan eban gorabehera horreen barri, atezaintzako beharginen eta mantenidute-lanetako laguntzaileen eta zerbitzari-garbitzaileen poltsetan, hain zuzen be. Diputatuak azpimarratu dauenez, erreakzinoa “berehalakoa, azkarra eta arduratsua” izan zan, eta eragindako prozesuak gelditu egin ziran segurtasun juridikoa bermatzeko.
Hartutako neurrien artean, inplikautako personak, “kargu publikoak ez direnak” –zehaztu dau–, balorazino batzordeetatik kendu dira atoan, eta behin-behineko zerrendak argitaratuta dagozan prozesuetan baremazinoak kide barriakaz errepiketea erabagi da. Sindikatuei kontsultea egin eta gero ebaluautako baina argitaratu bako prozesuetarako deialdiak baliobakotzea erabagi zan. Irregulartasunek lau prozesutan dabe eragina, eta inplikautako behargin publikoei instrukzino fasean dagoan diziplinazko espediente “larria” edegi jake.
Aurreko prozesuetan irregulartasunik ez dala egon egiaztau ostean, Antxustegi Ziardak sistemearen integridadea defendidu dau: “Garrantzitsuena ez da bakarrik irregulartasun bat detektau izana, baita zelan erantzun jakon be”. Amaitzeko, esan dau gaur egungo prozedureak erakusten dauela erakundeak mekanismo eraginkorrak dituala anomaliak detektatu, mugatu eta zuzentzeko, parte-hartzaile guztien eskubideak babestuz.