ENKARTERRIETAKO MUSEOAN, BIZKAIAN BATUTAKO ARTE GOTIKOAREN BILDUMA HANDIENA EGONGO DA IKUSGAI
- “Erdi Arotik gugana. Arte gotikoa Enkarterrin” erakusketan, 38 pieza aukeratu dira danetara, eta hamar bat lekutan topautako eta 1270etik 1530era bitartean egindako tailuak, eskulturak eta margolanak dagoz euren artean.
- Erakusketea gaur bertan aurkeztu dabe Bilbon Batzar Nagusietako lehendakariak, Ana Otadui Biterik, Enkarterrietako Museoko zuzendariak, Javier Barrio Marrok, eta Jesús Muñiz Petralanda ikertzaileak, eta hurrengo urteko apirilaren 30era arte ikusi ahal izango da Sopuertako Abellanedan dagoan Enkarterrietako Museoan.
(Bilbon, 2024ko bagilaren 13an). Enkarterrietako Museoa Bizkaiko Batzar Nagusien jaubetzakoa da. Gaur bertan, Bilbon aurkeztu dau “Erdi Arotik gugana. Arte gotikoa Enkarterrin” erakusketea, eta hurrengo urteko apirilaren 30era arte egongo da zabalik Sopuertako Abellanedan kokatutako Enkarterrietako Museoan. Erakusketan, ondare-balio handiko 38 pieza egongo dira ikusgai, erretaulak, irudiak eta margolanak kontuan hartuta, eta Jesús Muñiz Petralanda historialariak antxinako epealdi artistiko horri buruz egindako lanean dago oinarrituta. Epealdi horrek, hain zuzen be, aztarna handia itxi dau Bizkaiko ondarean XIII. mendetik XVI. mendera arte.
Ikerlanak urtebete baino gehiago iraun dau, eta Enkarterrietako Museoaren bultzadeari esker egin ahal izan da, eskualdeko zenbait lekutan egozan lanak bilatu dauz-eta. Museoan ikusgai jarritako piezak batzeko orduan, lurraldeko erakunde eta instituzino honeen laguntzea jaso dau: Bizkaiko Foru Aldundiko Ondare Saileko Zaharbarrikuntza Zerbitzua, Euskal Museoa, Bizkaiko Eleiz Museoa, Museo Arkeologikoa eta Bilboko Gotzaintzea.
Bere bersino gorenean, gotikoak arrastoa itxi eban kontinenteko katedral handietan; berbarako, Burgos, Leon, Paris edo/eta Milan. Era berean, Bizkaian bertan be itxi ebazan adibide esanguratsuak; esate baterako, Bilboko Santiago katedrala edo Portugaleteko, Lekeitioko edo/eta Balmasedako eleizak. Bere aztarnea lurraldeko auzo zein herrixketako eraikin txikietan be agertu zan, baina, zoritxarrez, XVI. mendetik aurrera hasi ziran desagertzen, arte arkaikotzat hartzean. Hori dala-ta, batzuetan, baseleizetan, eleizetan nahiz museoetan gordeten doguzan tailuak eta eskulturak iragan gotiko haretatik geratzen jakuzan azken aztarnak izaten dira.
Ohikoa da topau diran tailuak baseleizetako eta eleizetako titularrak izatea, hau da, sasoi haretako herritarrek gorde gura izan ebezan eskulturak, nahi-ta kokagune eukien eraikina edo erretaulea eratsi. Enkarterrikoa ez bada be, Begoñako gaur eguneko Amatxu bera da horren adibide argi-argia. Izan be, XIII. mendeko Andra Maria danez, basilikea bera baino askoz be antxinakoagoa da. Halanda ze, Enkarterrin topau diran eskulturak zein tailuak, Enkarterrietako Museoan ikusgai egongo diranak, 1270etik 1530era bitartean egindako lanak dira. Antxinakoenak 800 urte betetear dagoz, hain zuzen be.
Erakusketea aurkezteko asmotan Bilbon egin dan ekitaldirako, Galdameseko San Kosme eta San Damian baseleizan egoan Illeta-Amabizkarreko Andra Maria ekarri dabe; izan be, Enkarterrietako Museoak berreskuratu eban 1934. urtean, Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak, Ana Otadui Biterik, gogoratu dauan lez. Bizkaitarrek Enkarterrietako Museoan miretsi ahal izango dabezan tailuetako bat da, hain zuzen be. “Herritarrek maitetu egiten dabezan” piezak dira, eta “gure Erdi Aroko ondare-legaduaren” adierazgarri be badira, Otaduik adierazo dauanez.
GOTIKOAREN LEHENENGO KATALOGOA ESKUALDEAN
Proiektu honetan, Jesús Muñiz Petralanda ikertzaile eta historialariak, arteko aditua danak eta horri buruzko hainbat argitalpen daukazanak, Enkarterrietako Museoko teknikariakaz miatu dauz Bizkaiko eleizak, baseleizak eta museoak, eskualdean gordetako lan gotikoen lehenengo katalogo eta inbentarioa egiteko, baita lurraldeko estilo horretako lehenengoa be.
Orain arte, 60 lan topau dira. Enkarterrietako Museoak, barriz, pieza horreetako 38 baino ez dauz jarriko ikusgai, baina, halanda be, orain arte Bizkaian alkarregaz batutako lan gotikoen kopuru handiena izango da. Lanak Enkarterriko udalerrietatik ekarri dira gehienbat (Muskiz, Santurtzi, Portugalete, Barakaldo, Alonsotegi, Gordexola, Gueñes, Zalla, Sopuerta, Galdames, Artzentales eta Karrantza), baita zenbait museotatik be (Euskal Museoa, Bizkaiko Eleiz Museoa eta Enkarterrietako Museoa bera).
Piezak hiru epealditan sailkatu dira (hasierako gotikoa, nazinoarteko gotikoa eta beranduko gotikoa), eta 1270etik 1530era bitartean egindakoak dira. Pieza antxinakoenak (hasierako gotikokoak) mobimentu txikikoak dira, eta erromanikoen antz handi-handia daukie oraindokarren. Bertan, zenbait eleizatako edo baseleizatako sei andra maria nabarmentzen dira, baita pieza bikain batzuk be; berbarako, Gueñeseko Taramonako Madalena edo Gordexolako Zalduko San Bartolome.
Nazinoarteko gotikokoak, ostera, dotoreagoak dira, eta jantziak eurak be finagoak dira, Enkarterrietako Museoan gordetako Galdameseko Illeta-Amabizkarreko andra maria txikian edo orain dala mende luze atzerritik ekarritako beste baten eta Ingalaterratik ekarritako harrizurizko Santa Marinan ikusten dogun lez.
Azkenik, beranduko gotikoko pieza asko be badagoz. Pieza horreek mobimentu handiagokoak dira, besoak mobidu egiten diralako, eskuak artikulauak diralako eta hankak aurreratu egiten diralako. Euren jantziak be landuagoak dira, honako lan honeetan ikusten dogun lez: Zallako San Migel bikaina, Portugaleteko Madariaren Andra Mariaren margolan handia edo Zallako zein Santurtziko urregintzako jatorrizko lan finak.