BIZKAIKO BATZAR NAGUSIAK GALDAKAORA HELDU DIRA EUREN GARRANTZI HISTORIKOA ETA ORAINGO ERABILGARRITASUNA DESKRIBETAN DITUAN ERAKUSKETA IBILTARIAGAZ

  • “Bizkaiko Batzar Nagusiak Ezagutuz” erakusketea anbulategi plazan egongo da ekainean.
  • Inaugurazino ekitaldian Ana Otadui Biteri Batzar Nagusietako Lehendakaria eta Iñigo Hernando Arriandiaga herriko alkatea izan dira, baita udal gobernuko kide asko, bigarren Lehendakariordea Zigor Isuskiza Arana eta bigarren Idazkaria Emilio Lobato Pascual ere.

(Galdakaon, 2022ko ekainaren 1ean). “Bizkaiko Batzar Nagusiak Ezagutuz” erakusketea Galdakaon ikusi ahal izango da ekain osoan zehar, Ermuako kaleak itxi ostean, Bizkaiko geografian zehar egingo dauen bigarren zeharkaldiaren barruan. Herriaren erdialdean dagoan anbulategi plazak (Bizkai kalea) hartuko dau erakusketa ibiltaria ekainaren 30era arte. Dozena bat panelen bidez, Europako sistema parlamentario zaharrenetakoaren garrantzi historiko, sozial eta kulturala erakutsiko da.

Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak eta Iñigo Hernando Arriandiaga herriko alkateak inaugurau dabe gaur goizean Bizkaiko parlamentuak sustatzen dauen erakusketea. Bilbon, Getxon, Portugaleten eta Durangon be ikusi ahal izan zan igaz, eta holantxe amaitu zan lurraldeko lau barrutietatik egindako lehenengo itzulia. Joan dan apirilean Barakaldon egon zan, eta Ermuaren ostean, bagilean Galdakao eta garagarrilean Bermeo izango dira hurrengo helmugak, lurraldeko herri garrantzitsuenetan zehar egindako bigarren itzuliari amaierea emoteko. Inaugurazino ekitaldian bigarren Lehendakariordea Zigor Isuskiza Arana, bigarren Idazkaria Emilio Lobato Pascual eta udal gobernuko taldea izan dira.

“Bizkaiko Batzar Nagusiak Ezagutuz” erakusketea formatu handiko 12 panelek osotzen dabe, eta Batzar Nagusiek parlamentu-erakunde moduan daben eskumen-egitura zabala azaltzen da bertan, baita erakundearen kultur ondarea be. Batzar Nagusien lau egoitzetan zeharko ibilbidea (Bilbo, Gernika, Abellaneda eta Gerediaga) egiten dau erakusketeak; zehaztasun gehiago emoten ditu Gernikako Batzar Etxeaz, erkundearen egoitza nagusia dalako eta bertan dagozalako, esaterako, Gernikako Arbolea (demokraziaren, askatasunaren eta bakearen euskal ikur nagusia) , eta Francisco de Mendietaren “Bizkaitarrek Fernando Katolikoa Erregeari 1476.ean egindako esku-mosua” izeneko margolana; kuadro hori osoko batzarren aretoaren atalburuan dago eta oso berezia da, Europako artean lehenengoz emakume-talde baten erretratua egiten dauelako.

Erakusketearen inaugurazinoan, Ana Otadui Biterik azaldu dau erakusketaren helburua “Batzar Nagusien balio politikoa, soziala eta kulturala zabaltzea dala”. Bizkaiko parlamentuko lehendakariak azaldu dauenez, Galdakaoko udalerriak hasieratik hartu dau parte “modu aktiboan” foru parlamentu honen Historian. Izan be, 38. jarlekua hartu eban, berba egiteko eta botoa emoteko aukereagaz, Uribe Merindadeko elizateagaz komuninoan. Izan be, Batzar Nagusietako lehendakariak gogorarazo dau galdakoztar bat, Fortun Garcia de Usansolo, Ahaldun Nagusi izendatu ebela XVI. gizaldiaren hasieran, figura hori sortu zanean. Bera Bizkaiko parlamentuaren historiaren parte da, eta horrekaz batera, gaur egun, egunero, “gugan eragina daukien gaietan erabadi garrantzitsuak hartzeko” euren aletxoa ipinten daben Durango-Arratia eskualdeko 10 batzarkideak.

Beste alde batetik, Iñigo Hernando Arriandiaga Galdakaoko alkateak, instituzinoak herritarrengandik gertu egotearen garrantzia azpimarratu dau. Udaletan zein Batzar Nagusietan herritarren egunerokoa baldintzatzen daben erabagi asko hartzen direla gogorarazo dau, eta beraz, instituzinoen eta herriaren arteko loturea ezinbestekoa dala. “Ekarpenak entzun eta horiei bide emateko ardura dute hautetsiek, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko”. Erakusketari erreferentzia eginez adierazi du “Galdakaoren eta Bizkaiaren egituraketa eta historia ezagutzea beti dela aberasgarria, Batzar Nagusiak gure herriko eskubide historikoen ikur garrantzitsuenetakoak baitira.”