BIZKAIAK BERE BILAKAERA HISTORIKOARI BURUZKO NAZINOARTEKO KONGRESU BATEGAZ OSPATUKO DAU FORU BARRIAREN BOSGARREN MENDEURRENA

  • XVI. Ituna Kongresua apirilaren 27tik 29ra bitartean egingo da, 1526ko Bizkaiko Foruaren erreformearen 500 urteak eta autogobernuaren ardatz lez Foru Ogasunak dauen zeregina aztertzeko.
     
  • Ekonomia Itunaren eta Foru Ogasunen Dokumentazino eta Ikerketarako Ituna Zentroak, Baskoniako Zuzenbide Historikoaren Institutuak eta Ekonomia Itunaren Katedrak antolatu dabe kongresua, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bizkaiko Batzar Nagusien laguntza izan dau.
     
  • Ekimena, Bizkaiko Foru Barriaren (1526-2026) onarpenaren V. Mendeurrenagaz bat etorrita, erakunde biek aurton antolatu dituen jardueren barruan dago. Horreen artean ekitaldi akademikoak, instituzionalak, kulturalak eta hezkuntzakoak dagoz.
     
  • Edegiera ekitaldian Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak, eta Joxerramon Bengoetxea Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Errektoreak hartuko dabe parte astelehenean.

 

(Bilbon, 2026ko jorrailaren 24an). Bilbo lurraldearen azken bost mendeetako azterketa historiko eta instituzinonalaren erdigunea izango da jorrailaren 27, 28 eta 29an Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Bizkaia Aretoan egingo dan XVI. Ituna Kongresuagaz. “Bizkaiko Foru eta Ogasunaren 500 urte (1526-2026)” izenburupean, nazinoarteko topaketa horrek adituak batuko ditu lurraldearen eraldaketa politikoa, ekonomikoa eta soziala aztertzeko, XVI. mendeko foru erreforma garrantzitsutik abiauta.

Ekitaldiak 1526ko apirilaren 5ean Bizkaiko Batzar Nagusiek 1452ko Foru Zaharra barriztetako batzordea izentau ebela gogorarazoten dau. Prozesu hori 1526ko abuztuaren 21ean idatzitako eta Karlos I.a enperadoreak 1527an berretsitako Foru Barriaren ondorio izan zan, garaiko beharretara egokitutako testu juridiko lez sendotuz. Kongresuak bost mendetako ibilbide hori aztertzea proponiduten dau, Foru Ogasuna Bizkaiko agintearen eta gobernuaren indarra dala dinoen premisatik abiauta.

Programazino akademikoa Kontzertu Ekonomikoaren eta Foru Ogasunen Dokumentazino eta Ikerketa Zentroak, Euskal Herriko Zuzenbide Historikoaren Institutuak eta Ekonomia Itunaren Katedrak koordinauko dabe, eta instituzionalizazinoa eta zuzenbide pribadua, kultura herrikoia eta ondare immateriala lako gaiak jorratuko ditu.

Programa akademikoa, Foru Aldundiak bere sorreratik gaur egungo erronketaraino egin dauen ibilbidea egingo daben hiru jardunalditan egituratzen da. Edegiera ekitaldian Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak, Esteban Antxustegi Euskal Herriko Zuzenbide Historikoaren Institutuko (EHU) Zuzendariak eta Joxerramon Bengoetxea Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Errektoreak hartuko dabe parte.

Topaketearen lehenengo blokeak 1526ko erreforman eta Jaurerriaren fiskalidadean sakonduko dau, eta Paul Seaward historialari britainiarraren berbaldiagaz hasiko da. Bigarren jardunaldiak, barriz, foru erregimenetik Ekonomia Itunerako trantsizinoa (1878-1937) eta Ameriketako euskal diasporea lako fenomenoak aztertuko ditu. Modu berean, azpiegitura historikoen kudeaketea aztertuko da.

Kongresuaren itxieran zuzenbide pribaduaren arkitekturea eta Europar Batasunaren testuinguruan autortutako autonomia fiskala jorratuko dira. Azkenengo saio horretan, adituek Ekonomia Ituna Konstituzinoaren eta Europaren esparruan zelan egokitzen dan aztertuko dabe.

Ekitaldia, Pedro Luis Uriartek 1979 eta 1981 urteen artean Foru Sistemearen ezarpenari buruz emongo dauen berbaldiagaz amaituko da. Ondoren, Elixabete Etxanobe Landajuela Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Eduardo Alonso Olea Ekonomia Itunaren Katedraren zuzendariak eta Estitxu Garai Bizkaiko Campuseko errektoreordeak itxialdi ofiziala egingo dabe.

Txosten teknikoez gan, programak Foru Ogasunen Laborategiaren aurkezpena be jasoten dau. Bertaratutakoek Foru Jauregiko bisita gidau batean parte hartzeko eta material didaktikoak ezagutzeko aukerea be izango dabe, «Alkarrizketak beiratean» podcast-a, besteak beste.

Antolatzaileek, foru-bilakaerea aztertuta «Bizkaiaren mundu-historiaren» oinarriak ezarri gura dituan foro honetara joan gura dabenentzako izena emoteko inprimakia prestau dabe.

 

FORU BARRIAREN HISTORIA

Bizkaiko Batzar Nagusiek 1526an onartu zuten Foru Barria eta, ondoren, Karlos I.a enperadoreak 1527an berretsi zuen. Testu honek Bizkaiko zuzenbidea bera eguneratu zuen, ohituratik datozen erabileretan, zintzotasunetan eta askatasunetan oinarritutako autogobernu-sistema bakarra sendotuz.

1526ko erreformak erabiltzen ez ziren arauak ezabatu zituen eta garaira egokitutako xedapen berriak txertatu zituen, XIX. mendearen amaierara arte indarrean egon zen eredu aurreratua finkatuz. Mugarri historiko honek foru-erakundearen berrikuntza eta berdintasunean, askatasunen babesean, itun instituzionalean eta nortasun kolektiboan sendotzean oinarritutako gizartearen eraikuntza islatzen ditu.

Azken bost mendeetan printzipio horiek arrasto sakona utzi dute Bizkaiko herritarrengan eta kultura politikoan. Kaparetasun unibertsalak, betebehar militarren mugak, atxiloketa arbitrarioei aurre egiteko askatasunak eta eskubide ekonomiko eta sozialen erregulazioak oso argi erakusten dute, 500 urte bete arren, edukia izugarri aurreratua izan zela garai hartarako. Gaur egun Foru Barriak autogobernuaren oinarri eta etorkizuneko eguneraketetarako potentziala duen erreferente izaten jarraitzen du.