JON IBÁÑEZ ZABALAK ETA MADDI IRAETA IRIGAYK EUREN PINTURAKO SORKUNTZA-LANAK JARRIKO DABEZ IKUSGAI BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAKO “ANGELU ZORROTZA” BATERAKO ERAKUSKETAN

  • Bagilaren 27era arte egongo da zabalik Bizkaiko Batzar Nagusien Erakusketa Aretoan (Hurtado de Amezaga kalea, 6 – Beheko solairua. Bilbon), 08:00etatik 20:00etara, astelehenetik barikura.
     
  • Erakusketea Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Arte Ederren Fakultadeak EHUko Leioako campusean prestautako artistei bultzadea emoteko daukien hitzarmenaren barruan dago.

 

(Bilbon, 2024ko maiatzaren 31ean). Bizkaiko Batzar Nagusietan, bere horretan segiduten dau aldi baterako erakusketen denporaldiak, EHUko Arte Ederretako ikasleen erakusketa barriaren eskutik. Bagilaren 27ra arte, Bizkaiko Kamarako erakusketa-aretoan egongo da zabalik “Angelu Zorrotza” erakusketea; Jon Ibáñez Zabalak eta Maddi Iraeta Irigayk sortu dabe alkarregaz. Erakusketan, Euskal Herriko Unibertsitateko Pinturako azken Masterrean ikasle biek egin dabezan lanen aukeraketea egongo da ikusgai. 

Gaurtik aurrera, Batzar Nagusietako erakusketa-aretoan, orioagaz eta aerografoagaz sortutako margolanak egongo dira ikusgai, eta papera eta mihisea izango dira euskarri nagusiak. Aurkeztu diran sorkuntza-lanak “desbardinak baina osogarriak diran ibilbide artistiko biren dibersidadearen eta abaerastasunaren adierazgarri” dira, eta erakusketa-areto berean egongo dira ikusgai. Izan be, aldian-aldian edegiten da, “Bizkaian prestautako artista gazteen harrobiaren artea munduari erakusteko asmotan”, Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak, Ana Otadui Biterik, nabarmendu dauanez. Erakusketeari hasierea emoteko ekitaldian, kamarako mahaiko ordezkariak eta Pintura Masterreko koordinatzailea, Iñaki Imaz Urrutikoetxea, egon dira beragaz. 

Artista biek erakusketearen izenburuak (Angelu Zorrotza) zabaltzen dauan kontzeptua erabili dabe antzekotasunari eta desbardintasunari buruz berba egiteko. Binomio hori, hain zuzen be, partekatutako eguneroko esperientziaren eta norberaren iruditeria independentearen bidez bateratzen da, eta jarrera eta ezaugarri desbardinak dira horren guzztiaren adierazgarri. Horren arabera, Jon Ibáñez Zabalak era bateko eta besteko koloreak, elementuak, formak eta testurak atontzen dauz orio-pinturearen bitartez, eta bertako apaingarriak era edegian agertzen dira amaieran. Maddi Iraeta Irigayk, barriz, era errazagoan lantzen dau hori guztia, izan be, orioa eta aerografoa darabilz aldi berean. Hori dala-ta, azkenean sortzen diran irudiak zuzenagoak dira erabat.

Angelu Zorrotza Erakusketea, Bizkaiko Batzar Nagusiek 2011tik EHUko Arte Ederren Fakultadeagaz daukien akordioaren barruan dago, fakultade horretan hiru master (Pintura, Zeramikea eta InCreArte) egiten dituen Bizkaian trebatutako talentu gazteen lanak erakusteko. Batzar Nagusiek uriaren erdigunean dagoan erakusketa aretoa lagaten dabe, Bizkaiko artisten harrobia jente gehiagorengana iristea errazteko. Erakusketea bagilaren 27era arte egongo da zabalik Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoan (Hurtado de Amezaga kalea 6, beheko solairua. Bilbo), 08:00etatik 20:00etara, astelehenetik barikura, eta sarrera librea izango da.