HIROSHIMAKO ERASO NUKLEARRETIK ETA NAZIEN HOLOKAUSTOTIK ONIK IRTEN EBEN BIBOLINEK BAKEZKO BIBRAZINOAK ZABALDU DITUE GERNIKAKO ARBOLEAREN ONDOAN

  • Ai Yoshida japoniar interprete gazteak eta Gontzal Rodríguez Agudo euskal bibolin-joleak hainbat bake-kanta interpretau ditue XX. mendeko gerra-drama horreetatik onik urten eben instrumentu bigaz Gernikako Batzar Etxeko haretxaren ondoan, bake- eta itxaropen-ikurrak buztartuz. “Itxaropenerako bibolinak” mundu mailako birearen aurrerapena da.

 

(Gernikan, 2026ko jorrailaren 24an). Bizkaiko Foru Aldundian bonbardaketea gogora ekarteko egiten diran ekitaldien aurrerapen lez, Gernikako Arbolea oso errezitaldi bereziaren lekuko izan da gaur goizean. Ai Yoshida japoniar musikari gazteak eta Gontzal Rodríguez Agudo euskal bibolin-joleak hainbat bake-kanta interpretau ditue Hiroshimako bonba nuklearretik eta nazien Holokaustotik bizirik urten eben bibolin bigaz.

Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak, Minoru Watanabe ‘Itxaropenerako bibolinak’ mundu birearen eta Kids Guernica GKEaren arduradunak, Bizkaiko Batzar Nagusietako Mahaiko kideek eta batzarkideek, bibolin-jole biek haretxaren itzalpean interpretau dituen kantuak entzun ditue. Song of the Birds ezaguna eta J.S. Bachen "Fuga" 1 zenbakidun sonata dira, baita Txoria Txori eta Agur Jaunak kanta lokalagoak be.

Gernikako Batzar Etxeak bakearen aldeko ekitaldi xumea hartu dau, foru-uribilduaren bonbardaketea gogora ekarteko egingo diran ekitaldien aurrerapen lez. Munduko bakearen aldeko deia egingo dauen “Itxaropenerako bibolinak” kontzertu ibiltaria Gernikan, Parisen, Berlinen, Auschwitzen eta Vatikanon egongo da hurrengo asteetan. Dei hori, bonbardaketearen 80. urteurrenean Auschwitzen Gernikako Arbolaren oinordeko bat landatu zanean be ikusi zan.

Musika-tresna bi horreek iraganeko ankerkerien sinbolo dira, baina itxaropenaren, berbizkundearen, parkamenaren eta bizitzaren duintasunaren lekukotza be emoten dabe. Igaz Bizkaia bisitau eban instrumentuetako bat, 1945ean Hiroshiman lehenengo bonba atomikoagaz egindako eraso bortitzetik bizirik urten eban maisu errusiar batena zan. 25 urte lehenago Ukrainako luthier batek egindakoa da. “Hibakusha” (bonba nuklearretik bizirik urtendako persona batengana zuzentzeko sortu zan japonierazko berbea) bibolina, beste musika-tresna batzuk lez, lazgarritasunaren eta gizakion erresistentziarako gaitasunaren lekukotza isil bihurtu da.

Bibolin bi horreen bitartez, kontzertu-bira bat antolatu da mundu osoko uri eta egoitza enblematikoetan zehar. Japoniatik eta AEBetatik igaro ostean, birea Europan lurreratuko da, Gernikan bi geldialdi eginda: bihar, zapatua, hilak 25, 14:00etan, Andra Mari eleizan; eta domekan, hilak 26, 16:00etan, hilerrian.

Bira horren helburua, antolatzaileen berbetan, gerrearen eta gorrotoaren oroitzapenak ez dirala desagertuko ziurtatzea, kulturearen eta musikearen indarra belaunaldien, nazionalidadeen, etnien eta erlijinoen arteko alkarrizketea sustatzeko erabiltea; eta etorkizuneko belaunaldiei bihotzetik bakearen garrantzia transmitidutea da.