UPTA EUSKADIK GGI-VTC-EN LEHIA DESLEIALA SALATU DAU BATZAR NAGUSIETAN ETA KONTROL PUBLIKO HANDIAGOA ESKATU DAU
- Mikel González Sola taxiaren sektoreko Profesionalen eta Behargin Autonomoen Batasuneko (UPTA Euskadi) ordezkariak Taxiaren Mahaia sortzea eskatu deutso Administrazinoari, sektorearen krisia bideratzeko eta GGI-VTC plataformek legea zorrotz beteten dabela bermatzeko.
- Babestu Elkarteak bero-boladen aurrean adinekoen egoitzetako benetako egoerea ebaluetako eskatu dau Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako Batzordean egindako beste agerraldi batean.
(Bilbon, 2025eko azaroaren 28an). Profesionalen eta Behargin Autonomoen Batasunak (UPTA Euskadi) Bizkaian taxiaren sektoreak bizi dauen egoera “larria” azaldu dau Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako Batzordean, eta faktore nagusi lez Gidaridun Garraiorako Ibilgailuen (GGI-VTC) plataformek, Uberrek edo Cabifyk adibidez, sortutako lehia “desleiala” aitatu dau, alkartearen berbetan “guztiz desaraututa” dagoan sektorea dalako, “goitik behera guztiz araututa dagoan” taxien sektorearen aurrean. UPTA Euskadik, bere exekutibako kide dan Mikel Gonzálezen bitartez, neurri zehatzak eskatu deutsez Batzar Nagusietako taldeei eta Aldundiari, ikuskapena areagotzeko eta Euskadiko autonomoen kolektibo nagusiari kalte handia egiten ari jakon lehia hori ezabatzeko.
Eskaera nagusietako bat kontrol publikoa handitzea da, legea bete daiten. Horretarako, UPTA Euskadik, GGI-VTCek oinarrizko araudia ez betetearen dokumentautako 15 kasu aurkeztu ditu. Profesionalek adierazo dabenez, zerbitzu publiko horren ikuskapena “ez da gatxa”, GGI-VTCei identifikazino-eranskailuak eroatea eskatzen deutsen araudia dagoalako, eta matrikulari esker Sustapen Ministerioaren webgunearen bidez euren legezko egoerea egiaztau daitekelako. Ganera, ez-betete horreen artean ikusi da plataformako ibilgailu batzuk errotulauta dabilzala, eta ez dabela beteten bereizgarri horreek debeketan dituan Euskal Taxiaren Legea (52.5 artikulua).
Instituzinoen arloan, UPTA Euskadik arlo horretan eskumenak dituen administrazinoen (Eusko Jaurlaritza, Aldundiak eta Udalak) eta taxiaren sektorearen artean dagoan “oso hartu-emon biziaua” gainditzea eskatu dau. Hartu-emona demokratizetako eta gardenago bilakatzeko Taxiaren Mahaia eratzea proponidu dabe. Mahai hori sektoreari buruzko gai guztiak bideratzeko tresnea edo “leihatila bakarra” izango litzateke, eta adibide lez Getxoko Udalean egon zan mahaia aitatu da. Erakundeak azpimarratu dauenez, instituzinoek jagoken lan guztia egin behar dabe, aireportuetan jarduteko baimenen kudeaketea, esaterako, modu bidebakoan erakunde pribaduen esku egon dan eta taxilarien artean “ezinegon handia” sortu dauen gaia.
Euskadiko behargin autonomo gehien ordezkatzen dituan taxiaren sektorea (2.100 inguru erkidegoan eta 1.270 Bizkaian) “krisi egoeran” dago. Taxilarien diru-sarrerak eta irabaziak apurka-apurka jatsi egin dira azkenengo urteetan. GGI-VTCen agerpenak eragin larria izan dau, afiliauek diru-sarrerak “% 30eraino” galdu dituelako. Administrazinoakazko hartu-emonak arautzen dituan esparruan “koherentziarik eta gardentasunik” ez egoteak barruko ezinegona areagotu dau. Krisi-sentsazino horrek eta sektorearen biziraupenerako neurrien beharrak mobilizazino barriak eragin ditue.
UPTAko ordezkaria taxilari bigaz batera etorri da, eta adibideakaz deskribidu dabe sektoreak bizi dauen lehia desleialeko egoerea. Silvia Martínezek eta Ángel Hierrok deitoratu dabenez, taxilariak dira legea beteten daben “bakarrak”, eta GGI-VTCek legea “behin eta barriro” ez dabela beteten salatu dabe. Ganera, instituzinoek ikuskapen gehiago martxan jartea eskatu dabe Batzar Nagusietako taldeen aurrean, dagozanak ez diralako nahikoa, eta ordezkari politikoek “garraio mota horretarako zer eredu gura daben” argitzea be eskatu dabe.
BERO BOLADAK EGOITZETAN
Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako batzordera Babestu Alkarteko ordezkari bat be etorri da, bero boladek irauten daben bitartean lurraldeko adinekoen egoitzetan prebentzino neurriak eskatzeko. Alkarte horrek preminau egin ditu Bizkaiko erakundeak egoitzetako benetako egoerea ebaluatzera eta, euren eretxiz “aurreikusteko modukoa” dan krisiaren aurreko neurri horreek “preminaz” indartzera.
Enrique de la Peña Varonak, egoiliarren senideek eta iraupen luzeko zainketakaz sentsibilizautako personek 2016an sortutako Babestu erakundeko kideak, kontrola euren gain hartzeko, profesionalei prestakuntzea ziurtatzeko eta egoitzen erabateko klimatizazinoa lortzeko edo, gitxienez, arriskuko egoiliar guztiak estaliko dituen nasaitasunerako espazioak emoteko egiturazko aldaketak sustatzeko eskatu deutse erakundeei.
Alkarteak bero-boladetarako eta gaueko arretarako arreta zuzeneko ratio espezifikoa ezartea eskatu dau, esanez gaur egungo gitxieneko ratioa “ez dala nahikoa” behar diran prebentzino lanak egiteko. Egoitza-mailan, Babestuk proponiduten dau zentro bakotxak bere jarduera-plana prestetea eta argitaratzea, beharginek, egoiliarrek eta senideek ezagutu daien. Beste neurri batzuen artean, geletan alarmea daben termometroak instaletea, arriskuak identifiketako, eta eremu klimatizauetan atsedenaldiak eta hidratazinoak egiteko beharginentzako zaintza-plan bat ezartea aitatu ditue.
Eskari horreek Bizkaiko 37 egoitzatako 177 senide eta behargini egindako inkestan oinarritzen dira, inkesta horrek prestakuntzan eta azpiegituran gabeziak dagozala erakutsi ebelako. Beharginen ia % 90ak (% 89,9) adierazo eben logeletan ez dagoala aide giroturik. Beharginen defizita kritikoa da: beharginen % 93 ingururen eretxiz bero bolada bati aurre egiteko lan-taldea “eskasa edo oso eskasa” da, eta % 96ak bero-boladetan behargin gehiago ez dirala kontratetan baieztu eban. Ganera, protokolo eta prestakuntza faltea dago; beharginen % 37ak beroaren aurrean larrialdi-planik egoanik be ez ekien, eta beharginek adierazo eben ez egoala arriskuko egoiliarren zerrendarik, eta hori Eusko Jaurlaritzaren gidak jasoten dauen baldintzea da.




