BILBOKO JARDUNALDI BATZUEK AGERIAN JARRIKO DABE 1526AN ONETSI ZANETIK BIZKAIKO FORU BARRIAK ITXI DAUEN ARRASTO JURIDIKOA
- Bizkaiko Batzar Nagusiek, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Zuzenbideko Euskal Akademiak hiru ziklo antolatu ditue, zemendiaren 4, 12 eta 19an, arlo juridikoko eta instituzionaleko adituek Foru Zuzenbidearen egungo proiekzinoa eta erronkak aztertu daiezan arlo publikoan, pribaduan eta linguistikoan.
- Hiru saioetarako sarrerea dobakoa izango da, aldez aurretik izena emonda secretaria@avd-zea.com helbide elektronikoaren edo 944 255 715 telefono-zenbakiaren bidez.
(Bilbon, 2026ko zemendiaren 2an). Bizkaiko foru erakundeek eta komunidade juridikoak Bizkaiko Foru Barriaren V. mendeurrena (1526-2026) gogora ekarriko dabe, forutasunaren gaur eguneko proiekzinoa ikuspegi juridikotik eta herritarretik landuko dauen sinposio-zikloaren bidez. Bizkaiko Batzar Nagusiek, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Zuzenbideko Euskal Akademiak antolatu dituen saioak zemendiaren 4an, 12an eta 19an Bilboko egoitza instituzional desbardinetan egingo diran gaikako hiru jardunalditan egituratuko dira. Egitarauak jurista, irakasle, zuzenbideko profesional eta ordezkari politikoak bilduko ditu, orain dala 500 urte onetsitako Bizkaiko Foru Barria lotura-elementu lez hartuta, autogobernuaren bilakaera historikoaz eta erronkez, zuzenbide zibilaz eta lurraldearen errealidade juridiko-linguistikoaz hausnartzeko.
Lehenengo jardunaldia datorren zemendiaren 4an hasiko da Bizkaiko Batzar Nagusietako Berbaldi Aretoan (Hurtado de Amezaga kalea, 6. Bilbo) eta Zuzenbide Publikoko Sinposioan zentrauko da. Edegiera-ekitaldi ofizialak ekitaldiaren erakunde antolatzaileen esku-hartzeak izango ditu. Egun horretan 1526ko Foruak XXI. mendeko gobernantza demokratikorako dituan eukiak aztertuko dira, Santiago Larrazabal Basañez, Nere Jone Intxaustegi Jauregi, Elixabete Piñol Olaeta, Fernando Rey Martínez eta Joana Abrisketa Uriarte lako hizlarien parte-hartzeagaz, Bizkaiko Abokatuen Elkargoko Tatiana González San Sebastiánek moderatuta. Horrez gain, José Miguel Gorostiza Vicentek moderatuko dau Batzar Nagusietako bost taldeetako ordezkariek, Julen Karrión Lamikizek, Edriga Aranburu Agirrek, José María Portillo Valdése, Diego Pagadigorria Wickek eta Roberto Uriarte Torrealdayk, parte hartuko daben autogobernuaren erronkei buruzko mahai-ingurua. José Ramón Intxaurbe Vitoricak moderatuko dauen arratsaldeko saioak fiskalidadeari eta udal erakundeei buruzko berbaldiak izango ditu, Alberto Atxabal Rada eta Ignacio Javier Etxebarria Etxeitaren eskutik.
Zuzenbide Pribaduko Sinposioari eskinitako bigarren saioa zemendiaren 12an egingo da Bizkaiko Abokatuen Elkargo Ohoretsuan. Jardunaldi horretan persona, familia, tronkalidadea eta 1526ko Foruagaz zuzenean lotuta dagozan foru-oinordetzen inguruko gaiak eztabaidatuko dira. Hizlari eta moderatzaileen artean juristak, irakasleak eta zuzenbideko profesionalak egongo dira, besteak beste Igone Aretxaga González, Borja Iriarte de Ángel, Gema Tomás Martínez, Inmaculada Guantes Uriarte, María Paz García Rubio, Jesús Fernández Bilbao, Javier Oñate Cuadros, Diego María Granados de Asensio, María López Prieto, Mario Martínez de Butrón Martínez, Óscar Monje Balmaseda, Francisco Javier Osa Fernández eta José Javier García Ross.
Zikloa zemendiaren 19an amaituko da Euskaltzaindiaren egoitzan, azken 500 urteetan Bizkaiko Foru Zuzenbidearen eta euskerearen arteko alkarbizitzeari eskinitako jardunaldi monografikoagaz. Hasierako ekitaldiaren buru Andrés María Urrutia Badiola euskaltzainburua eta Zuzenbideko Euskal Akademiako presidentea eta Elixabete Piñol Olaeta Zuzenbideko Euskal Akademiako presidenteordea izango dira. Hizkuntza-eskubideei, historiari eta foruaren inguruko euskal letretako ondare literarioari buruzko berbaldiak Josu Erkoreka Gervasiok, Gotzon Lobera Revillak, Adolfo Arejita Oñarte-Etxebarriak eta Koldo Bijueska Basterretxeak emongo ditue. Elisabete Piñol Olaetak eta Igone Etxebarria Zamalloak moderatuko dabe.
Ospakizun jardunaldi horreen barruan hainbat argitalpen espezializau aurkeztuko dira, besteak beste, “Euskal Zuzenbideko Klasikoak” bildumako 13. zenbakia, “Bizkaiko Foru Berria (1526)” izenekoa, “Bizkaia (1526-2026) Foru-testuak euskaraz” lanari eskinitako 14. zenbakia, eta “MINOR” bildumako 15. alea, euskeraz. Modu berean, bertaratutakoek “Euskal zuzenbide zibila” eta “Hitzak lege” erakusketak bisitau ahal izango ditue.
Ziklo horreek, ekitaldi akademikoak, instituzionalak, kulturalak eta hezkuntzakoak barne hartzen dituan egitarau askotarikoagaz Bizkaiko Foru Barriaren V. mendeurrena gogora ekarteko urte osoan zehar egiten ari diran ekitaldien parte dira. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek antolatzen dituen jarduera horreen helburua, 1526an onartutako Foru Erreformauaren garrantzi historiko eta garaikidea herritarrei hurreratzea da