ENKARTERRIETAKO MUSEOAK BERRESKURATUTAKO INGENIARI ALEMANIAR BATEN BIDAIA KOADERNUAK XIX. MENDEAREN ERDIALDEKO EUSKADIKO HERRIEN IRUDI ARGITARATUBAKO ETA HARRIGARRIAK ERAKUTSI DITU
- 2024ko urtarrilera arte Enkarterrietako museoan ikusi ahal izango dan “George Alexander Dick. 1837-1903. Alemaniatik Barakaldora. Ingeniari alemaniar baten bidaia Euskal Herritik XIX. mendean” erakusketeak 1862 eta 1866 arteko estanpa ezezagunak berreskuratu ditu, horreen artean Bizkaiko Bilbo, Barakaldo, Sestao, Portugalete, Santurtzi eta Getxokoak, eta Gipuzkoako Pasaia, Tolosa, Hernani, Errenteria eta Aiakoak.
(Bilbon, 2023ko martiaren 15an). Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Enkarterrietako Museoak 2024ko zezeilera arte Enkarterrietako Museoan zabalik egongo dan “George Alexander Dick. 1837-1903. Alemaniatik Barakaldora. Ingeniari alemaniar baten bidaia Euskal Herritik XIX. mendean” erakusketea aurkeztu dabe. Bertan, ingeniari alemaniar gazteak, marrazkilari zaletuak, Euskal Herrian zehar egindako ibiltaldietan bidaia-koadernu batean jasotako arkatzez egin ebazan 29 marrazkiak nabarmentzen dira. Dicken familiak emon dauen aurkikuntzaren garrantzi nagusia, marrazki horreetan agertzen diran irudi eta eraikin gehienak ez zirala orain arte ezagutzen da.
G.A. Dick ingeniaria eta marrazkilaria izan zan, eta Barakaldoko Nuestra Señora del Carmen lantegian egin eban behar 1862 eta 1866 artean. Aldi haretan ikusten ebana hainbat bidaia-koadernutan irudikatu eban. Mende eta erdi geroago, Bilboko, Barakaldoko, Sestaoko, Portugaleteko, Santurtziko, Getxoko, Pasaiako, Tolosako, Hernaniko, Errenteriako eta Aiako txoko ezezagunak ikusten diran Euskal Herriko 29 irudi barri laga deutsaz bere familiak Enkarterrietako Museoari.
Erakusketa honetan erakusten dira marrazki horreek, Europan eta Amerikan egindako beste batzuez gain. Erakusketea berak behar egin eban lantegiaren historiagaz osotzen da (Nuestra Señora del Carmen Barakaldon, Bizkaiko Labe Garaien jatorria), Bizkaiko lehen siderometalurgia-planta eta eskala handiko industrializazino-prozesuaren abiapuntutzat hartzen dana. Enkarterrietako museoak, aldi berean, museoko bertako eta Industria Ondare eta Herri Laneko Alkarteko beharginek prestau daben izenburu bereko argitalpena argitaratu dau.
Marrazkien koadernuak Donibane Garazin bizi ziran eta gaur erakusketaren inaugurazinoan egon diran Nicholas Brayk, G.A. Dicken birbilobeak, eta Josette Acosta haren emazteak, emon ebezan. Dicken beste birloba batengandik, Catherine Price-Moss-engandik, jaso ebazan Brayk koadernuak, Ingalaterrako haren etxeko kamaran aurkitu ostean. Mende bat baino gehiago egon ziran ezkutuan.
Gaiak garrantzi handia dau, Dicken paperetan agertzen diran euskal irudiak ezezagunak ziralako. Gipuzkoan, Irun, Aia, Tolosa, Errenteria, Hernani eta Pasaiako bederatzi leku marraztu ebazan. Eta Bizkaian, Dickek Itsasadarraren ertzak eta bokalea zelakoak ziran deskribatzen dau bere irudien bitartez. Hogei bat marrazkiren bidez, agertoki honeek erakusten ditu:
- Deustuko etxebizitzea.
- Portugaleteko kaia.
- Eleiza, Portugaleteko uribildua eta Areeta haize-errotagaz.
- Santurtziko herria eta portua.
- Abandoko, Begoñako, Deustuko eta Bilboko ikuspegi orokorra.
- Barakaldoko erriberea.
- Itsasadarraren eta itsasoaren ikuspegia Pagasarritik.
- Areetako ikuspegia.
- Getxoko Andra Mari eleizea.
- Getxoko Andra Mari eleizako arkupea.
- Algorta eta Ereagako hondartzea.
- San Kristobal ugartea eta El Pontoneko errotea (Abusu).
- Arraiz gotorlekua (Abando).
- Islako San Jose komentua (Sestao).
- Nuestra Señora del Carmen lantegia (Barakaldo) eta Islako San Jose komentua (Sestao).
- Nuestra Señora del Carmen lantegia (Barakaldo).
- Islako San Jose komentuaren hegala (Sestao).
- Nuestra Señora del Carmen lantegiko sarrerea (Barakaldo).
- Islako San Jose komentua (Sestao) Erandiotik.
- Punta Begoña eta Abra.
Marrazki horreek guztiak argitaratu bakoak dira, eta batzuk ezagutzen ez ziran edo oso gitxi ezagutzen ziran irudiak erakusten ditue, Nuestra Señora del Carmen lantegia (Barakaldo), edo Galindo ibaiaren bokalea, Islako San Jose komentua edo Getxoko hainbat ikuspegi, adibidez Esazerrota lez ezagutzen dan haize-errotaren inguruan gaur egun ezagutzen dan marrazki bakarra.
BIZKAIKO INDUSTRIA
G.A. Dickek lan egin eban enpresetan ateratako ohar teknikoz be bete ebazan bere koadernuak. Bere marrazkiek XIX. mendearen erdialdeko industriaren bilakaerea eta garai haretako Bizkaiko garapenean industriak izan eban eragina ulertzen laguntzen dabe. Hori dala eta, Dicken kontakizun piktorikoaren bitartez Bizkaiko industrializazino prozesua lantzeko atal bat jasoten dau erakusketeak.
Erakusketearen beste atal bat alemaniar ingeniari gazte horren bizitza aztertzen saiatzen da. Nuestra Señora del Carmen lantegitik (Barakaldo) burdina eta altzairua ekoizteko teknikak modernizetako laborategiko buru lez igaro ostean, Dick Ingalaterran finkatu zan eta bertan enpresa bi sortu ebazan. Horreetako bategaz aberastu egin zan, mundu-mailan ospea emon eutsan eta aberastu eban materiala, Delta izenekoa, asmau ebalako. Bizkaian metal barri hori ekoizteko lantegiak eregi ziran.
Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak erakusketearen aurkezpenean azpimarratu dauenez, Abellanedan (Sopuerta) dagoan museoak “ondarea berreskuratzeko eta sustetako egin dauen lan handiaren” adibidea da. Ustekabean bada be, izan be marrazkiak “mende bat baino gehiago egon ziran kamara batean ezkutauta”, “Bizkaiko eta Euskadiko historiaren beste parte bat” berreskuratzea lortu da. Material hori laga izanak “egilearen lanaren bitartez, gure historiako funtsezko garai batean, industrializazinoan, sakontzen laguntzen deusku eta garai hori hobeto ezagutzeko oso informazino baliotsua emoten deusku”. Hori dala eta, Otadui “oso eskertuta” agertu da Dicken familia osoaren aurrean, lehenengo ezkutuko materiala berreskuratzeagaitik eta, bigarrenik, Enkarterrietako museoari lagateagaitik.
Javier Barrio Enkarterrietako Museoko zuzendari eta erakusketearen komisarioak azaldu dauenez, erakusketea lau ataletan dago kontzeptualizauta: Dicken biografia, garai haretako Bizkaiko industriagaz izan eban erlazinoa, munduan zehar egin ebazan bidaiak eta marrazkiak eta familiak lagatako dokumentazinoa batzen dituan atala. Hain zuzen be, marrazki horreek dira “argazkigintzea oraindino lehenengo pausuak emoten ari zan garai haretan gure herri batzuk zelakoak ziran ikusteko aukerea emoten deuskuenak”.