BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAKO OSOKOAK, LURRALDEKO BESTE BOST ERREPIDETAN IBILGAILU ASTUNEN ERABILERARAKO KANON BARRIA SARTUKO DAUEN FORU ARAU PROIEKTUA ONETSI DAU
- Bizkaiko parlamentuak ez dau onartu Talde Berezia-PP Bizkaiak, Aldundiaren testua baztertzea eskatu dauen talde bakarrak, aurkeztu dauen osotasuneko zuzenketa-eskea.
- Ordainsariaren zenbatekoa aurrerago erabagiko da Foru Dekretu bitartez, eta 3,5 tonatik gorako ibilgailuetan izango dau eragina.
- Osokoak on ikusia emon deutso, baita be, Foru Ogasunak zordunen zerrendea aldatzeko edo Lurraldearen garapena “maila teknologiko eta balio erantsi handiko arloetara” zuzentzeko zerga-kenkari barriak sartzeko aukereari, bai eta udalek OHZn %90 arteko hobaria apliketeari be, familia ugarien eta zaurgarritasun egoeran dagozan familien kasuetan.
(Gernikan, 2022ko garagarrilaren 20an). Gaur goizean Gernikan egin dan Bizkaiko Batzar Nagusien osokoak, salgaien garraioan aritzen diran 3,5 tonatik gorako ibilgailu astunei Lurraldeko bost errepide erabilteagaitik kanon bat ezarteko Aldundiak aurkeztu dauen Foru Arau proiektua onetsi dau. Azpiegitura eta Lurraldearen Garapenerako batzordearen erespena aldaketa barik onetsi da, Aldundia babesten daben Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeetako ordezkarien aldeko botoei esker. EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia abstenidu egin dira. Eta Talde Berezia-PP Bizkaiak, Aldundiaren testuaren aurrean zuzenketa-eskeak aurkeztu dituan talde bakarrak, ezezko botoa emon dau.
Foru Arauak 15 artikulu eta 3 azken xedapen jasoten ditu, eta, horren bitartez, “Free-flow” izeneko kontrol-arkuen sistemea –oztopo fisiko barik eta ibilgailuak gelditu behar barik– modu juridikoan sartu gura da Bizkaiko errepide sareko 100 kilometro baino gehiagotan. Honeek dira bost tarte horreek: A-8 eta BI-10 errepideak, Basurtutik Hagaraino; N-240, Barazarretik, Urgoititik Ubideko saihesbidera; N-636, Durangotik Gipuzkoara (Kanpazar); Txorierriko korridorea (BI-30), Erletxe eta Arrontegi artean; eta BI-625, Laudiotik Basaurira.
Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako diputatuak Europako zuzentarauak betetea helburu dauen araua defendidu dau. Zuzentarau horreek hau sustatzen dabe: “Erabilten dauenak ordaindu egin behar dau, eta kutsatzen dauenak ordaindu egin behar dau”. Erabilteagaitik ordaindu beharko dan kanonari esker, errepide-sarea “optimizau” eta Aldundiaren aurrekontuak orekatu ahal izango dira, errepideak kontu publikoen bidez mantentzea “jasanezina” egiten ari dalako, adierazo dau. Modu berean, lurraldea “deskarbonizetan” lagunduko dau, eta ibilgailu astunen trafikoa, “trafiko gitxi” daukien foru-errepideetatik birbanatuko dau. Oinarrian, arau horrek Bizkaia “berdeagoa, jasangarriagoa, orekatuagoa eta etorkizun hobea izango dauena lortzeko balioko dau”, esan dau amaitzeko.
Bizkaiko parlamentuko ikasturteko azkenengo osokoan, Talde Berezia-PP Bizkaiak, proiektuari zuzenketak aurkeztu deutsazan talde bakarrak, “bidesari” horren “helburua” erabiltzaile “guztiei” ordainarazotea dala salatu dau, ez garraiolariei bakarrik. Eduardo Andrade taldeburuaren berbetan “ez da kanon hori ezarteko unea”, jasaten ari garan “krisi energetiko larriarengaitik”; krisi horrek “eragina dau garraiolarien kostuetan”, eta, ondorioz, “garraioen eta herritarrek ordaintzen dabenaren prezioetan”. Bere eretxiz, “zerga barri bat” da, eta, ganera, “arazoak” sortuko ditu bigarren mailako errepideetan. Horrez gain, “arkuak ordaintzeko bakarrik 60 milioi euro beharko dira”. Batzar Nagusietako ganerako taldeek atzera bota ditue talde horrek aurkeztutako 12 zuzenketa-eskeak, horreetako bat osotasunekoa, Elkarrekin Bizkaiak izan ezik, abstenidu egin da eta. Zuzenketa-eske horreetan, autonomoentzako eta ETEentzako salbuespenak eskatzen ziran, edo ibilgailuetan beharrezko gailuak instaletako diru-laguntzak, bai eta lortutako diru-bilketaren araberako zerga-murrizketea be.
Arauaren testuaren bozketan abstenidu diran Elkarrekin Bizkaia eta EH Bildu taldeek, tarifak ezarri behar dituan foru dekretuak sektorea kontuan hartzea eskatu dabe. Talde moreko Eva Cabornerok, jasaten ari garan egoerea kontuan hartuta “beherako joerea izango dauen tasea” ezarteko eskatu dau, eta kanon horrek erabilerearen araberako “muga bat” izan daiala. Argi itxi dau bere taldea ez dagoala ados “kutsatzen dauenak ordaindu egin behar dau” leloagaz, Europan salgaien garraioak CO2 isurien “% 6 baino gitxiago” sortzen dauelako. Ganera, eskariaren kudeaketan gehiago zentretako eskatu deutso Aldundiari, “mobiduteko ohiturak aldatu daitezan”, Europako Itun Berdean jasotako neurriak sartuta, horreen artean garraio publikoa eta trenbidea indartzea salgaiak garraiatzeko bide lez.
Beste alde batetik, Raul Mendez EH Bilduko kidea, “alderdi guztiei mesede egingo deutsen” akordioren alde agertu da. Bere taldeak lanean jarraituko dau udazkenean, sektorean sortutako eragina arintzeko, kanonaren sistema automatikoa aktibau eta tarifa ezarri behar daben dekretuak argitaratu aurretik. EH Bilduko batzarkidearen berbetan, arauak “hobetu daitekezan puntuak” ditu, horreen artean, bilketaren xedea salgaien garraio “jasangarriagoa” sustatzera bideratzea, eta ez bakarrik horren eragina jasoten daben bost errepideen mantentze-lanei erantzutera. Modu berean, EH Bilduko ordezkariak beste batzuen artean aukera honeek aztertzeko eskatu dau: zuzeneko diru-laguntzak, sektoreari mesede egingo deutsien zerga-aldaketak, Renove Plan bat, tasak izoztea, pirateriaren kontrako ikuskapen-ekintza gehiago, sektoreari laguntzeko kanpaina publikoa eta udalerriakaz eta sektoreagaz “koordinetako foroak”.
Euskal Sozialistak taldearen eretxiz, arauak norabide egokian aurrera egiteko aukerea emoten dau, euren errepide-sarean daborduko ordainketa-sistema hori daukien Europar Batasuneko “27 herrialdeetatik 23k” egiten daben lez. Ignacio Jeronimo Moreno batzarkide sozialistak gogorarazo dauenez, neurri horregaz, gaur egun eskualde mailako errepideetatik zirkuletan daben “4.000 kamioi handi” ahalmen handiko sarean sartzea lortuko da. Izan be, Euskadin, garraioaren sektorea izan da “gehien hazi dana” CO2 isuriei jagokenez, “3 milioi tona gehigarri baino gehiago”. Errepide horreetan kontroleko arkuak edegi ostean hainbat indize murriztu egingo dala kalkuletan da, istripu-tasea (-% 10), gas kutsatzaileen isuriak (-% 13) eta egindako kilometroak (-% 18,8), eta, ganera, “1,9 milioi” gidatze-ordu be murriztuko dira.
Jeltzaleek adierazo dabenez, foru araua “Bizkaia jasangarriagoa eregiteko beste pausu bat” da, Naia Landa Bilbao batzarkideak esan dauenez. Bere berbetan, Aldundiaren eta Bizkaiko errepide-sarearen aurrekontuak “optimizetako” balioko dau. Europagaz daukagun konpromisoa beteten dauen eta errepideen finantziazinoa gehien erabilten dauenak bere gain hartzea ahalbidetzen dauen modelo “solidarioagoa” da. Landak txalotu egin dau Aldundiak, garraioaren sektoreak eta Batzar Nagusietako talde guztiek, PPk izan ezik, alkarrizketarako egin daben ahalegina. Kritikau egin dau popularrek “zergak jaistea eta azpiegituretan inbertsino publiko handiak egitea eskatzeak dakarren kontraesana”.
ZERGA ARLOKO ALDAKETAK
Bizkaiko Batzar Nagusietako osokoak zerga arloko aldaketak egiteko Foru Arau Proiektu bat be onartu dau. Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako diputatuak gogorarazo dauenez, helburua “iruzurraren kontrako burrukea hobetzea”, Bizkaiko fiskalitatea beste lurralde historiko biakaz “harmonizetea” eta Bizkaiko araudia errealidade juridiko eta ekonomiko barrietara “egokitzea” da. Ekimena Eusko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen aldeko botoakaz onartu da, eta oposizinoko hiru taldeek (EH Bildu, Elkarrekin Bizkaia eta Talde Bereziak-PP Bizkaia) kontrako botoa edo abstentzinoa erakutsi dabe artikuluen bozketan. 12 artikulu dira, horreetatik 7 zerga propioei buruzkoak.
Aldaketen artean, honeek nabarmentzen dira: zordunen zerrendaren mugea 600.000 eurora aldatzea, Estaduan gertatzen dan lez (lehen milioi batean egoan); kriptomonedak dituen zergadunen mobimenduen eta saldoen barri emoteko beharra; eta, modu berezian, batez be, enpresek ingurumenaren hobekuntzan eta energia-iturrien aprobetxamendu eraginkorrenean inbertitzen dabenean, ikerketa, garapen edo barrikuntza teknologikoko jarduerak egiten dituenean, edo enpresa-kapitalizazinoa sustatzeko, ekintzailetzea eta ekoizpen-jarduerea indartzeko kenkari fiskalak ezartea.
Gainera, testu barriak aldaketa bat sartzen dau araudian, toki-erakundeek udal-tasen ganeko aparteko hobariak onartu daiezan “ohiz kanpoko edo preminazko errazoiengaitik”, COVIDak eragindako osasun-krisian gertatu dan lez, bai eta udalek OHZn % 90erainoko hobaria aplikau ahal izan daien familia ugarien eta egoera zaurgarrian dagozan familien kasuetan.
Batzar Nagusietako oposizinoko taldeek 111 zuzenketa-eske parzialagaz etorri dira osokora: 25, EH Bildurenak; 58, Elkarrekin Bizkaiarenak; eta 28, Talde Berezia-PP Bizkaiarenak. Aldundia eusten daben talde biek guztiak baztertu ditue.
Eztabaidan, oposizinoko taldeek zerga-neurrien sorta handi hori txertatzeko erabilitako tresna juridikoa kritikau dabe. Neurriek 12 foru-arautan eta dekretu arautzaile batean dabe eragina, Esther Martínez Talde Berezia-PP Bizkaiko ordezkariak adierazo dauenez. “Totum revolutum” lez definidu ostean, Martinezek Foru Gobernuari itzultzeko eta “herritar guztien ekonomian eragina izango dauen erreforma fiskala” egiteko eskatu dau. Egoera horretan, PFEZren eta Soziedadeen zergaren kenkariak handitzea eta PFEZren tarifaren “deflaktazinoa” eskatu dau, inflazino-maila handiak dirala eta.
Beste alde batetik, Elkarrekin Bizkaiak kritikau egin dau planteetan diran “120 aldaketen artean” gatxa dala zerga-sistemaren “desbardintasunetan eta ekitate-faltan eragina izango daben neurriak aurkitzea”. Neurri horreek “klasismoa larriagotzen dabe”, eta “bakar batek be ez dau inflazinoak eta krisi ekonomikoak errenta ertain eta txikietan daben eragina arintzeko balio”, ziurtatu dau Eneritz de Madariaga taldeburuak. Soziedadeen ganeko zergan, “gitxieneko tasa objektibo” bat eskatu dau aitortu beharreko kuotan, eta % 25eko gehieneko mugea kenkarien atalean. Taldearen zuzenketa-eskeen sorta handia (27) PFEZaren hainbat alderdi aldatzera bideratuta egoan, horreen artean, “errenta altuenak gehien saritzen dituen” aurrezki-errentak ezabatzea. Modu berean, errenta txikienei tasa murrizteko eta altuenei tratamentu fiskala handitzeko eskatu dabe, hainbat kenkari kenduz (BGAE, akzinoen eskualdatzea, seme-alabak…).
EH Bilduk, Arantza Urkaregi batzarkidearen bitartez, errentan zerga-oinarri bakarra izatea eta aurrezkiaren etekinak kentzea defendidu dau. Soziedadeen ganeko zergan, koalizino abertzaleak Aldundiaren kenkariek eredu “atzerakoirantz” hartu daben bidean jarri dau arretea. Urkaregiren berbetan, arau-proiektu hori onartzeak, enpresen “benetako” tasea askoz txikiagoa izateko eta “gero eta gitxiago ordaintzeko” aukerea emongo dau, eta horrek ondorio negatiboak izango ditu diru-bilketan. Bere eretxiz, Aldundiak planteautako aldaketek lurraldeko enpresen % 1,7ri (325) egingo deutsie mesede, “seguruenez”, “etekin handienak” dituenei. Holan, Bizkaiko Ogasunaren kenkarien egungo politikea “etekin handienak dituen enpresen zerbitzura” dagoala esan dau. Kenkarien “% 28a” enpresen “% 1ak” apliketan dau, eta “% 94ak”, barriz, “% 4,5aren” onurak baino ez ditu jasoten.
ONARTU EZ DIRAN EKIMENAK
Osokoa, mozino biren eta arauz besteko proposamen baten eztabaideagaz amaitu da. Aldundia eusten daben talde biek atzera bota ditue. Itaun batean, EH Bilduk gaiztasunak daukiezan industriako enpresei zuzendutako hainbat ekintza planteetan ebazan: alkarrizketak, beharginen ezagutzea aprobetxetako programak eta egoerearen diagnostikoa.
Koalizino abertzaleak berak, beste Mozino baten bitartez, eta Elkarrekin Bizkaia taldearen aldeko eretxi bakarragaz, Euskadiko Zerga Koordinazinorako Organuak ondorengoak dirala-eta PFEZn ezarten diran kenkariak “itzulgarri” bihurtzeko aukerea aztertu daiala planteau dau, izan be, “ez daukie eragin bera familia-unidade guztietan”. Arantza Urkaregik gai horri buruzko itauna egin eutsan Aldundiari kontroleko azkenengo osokoan, zehatzago esanda, beheko tarteetan dagozan familia unidadeek ezin dituelako kenkari horreek aplikau, modu parzialean edo osoan, ez diralako beharrezko kuotara iristen. Ainhoa Pieló jeltzaleak erantzun deutsanez, euskal zerga organua familientzako aitatutako hori eta beste kenkari fiskal batzuk aztertzen ari da.
Eta, zezeilaren 28tik Polonian behin-behineko espetxealdian dagoan Pablo González kazetari eta Bizkaiko bizilagunaren egoera bidebakoa dala-eta Erakunde-Adierazpena irakurriz hasi dan osokoari amaierea emoteko Bizkaiko Foru Aldundiak adinekoentzako “telefono bidezko eta aurrez aurreko” arretea foru-sail “guztietan” sartzea eta aurretiko hitzordua kentzea eskatzen eban Talde Berezia-PP Bizkaiaren arauz besteko proposamen bat baztertu egin da. Jeltzaleek eta sozialistek Aldundiaren eredu “integrala” eta “kanal anitzekoa” (aurrez aurre, telefonoz eta modu digitalean) defendidu dabe. Eredu horrek 2021ean herritarren “ia 2 milioi” eskariri erantzun eutsen. Foru Aldundian aurrez aurreko arretea jaso dabenek “batez beste 9ko notea” emon deutsie eretxi-galdeketetan.