GERNIKAKO ARBOLEAREN OINORDEKO BATEN LANDAKETEA ALEMANIAN BESTE EUSKAL ETXE BATEN EDEGIEREA OSPATZEKO

  • 1937ko bonbardaketearen urteurrenagaz bat etorrita, Coblenza uriak, sortu barri dan Txengel zentroko euskal komunidadea eta bertako agintariak batu ditu gaur, Gernikako Arbolearen oinordeko gazte bat landatzeko.

 

(Coblenza, 2026ko jorrailaren 26a). Alemaniako mendebaldeko Renania-Palatinatu estadu federauan dagoan Coblenza uriak Gernikako Arbolearen oinordeko bat dauka gaurtik aurrera. Haretx sagraduaren ale bat landatzeko idea herri horretako Euskal Etxe sortu barritik sortu da, "Txengel Etxea", hain zuzen be. Orain dala gitxi Alemaniako hirugarren euskal etxea bihurtu da, Berlingo eta Municheko euskal etxeen ostean. Landaketa ekitaldia gaur egin da, Gernika bonbardeau ebenetik 89 urte beteten diranean.

Bizkaiko Batzar Nagusiek oneretxia emon eutsien oinordekoa bialtzeari, zentroaren aurkezpena berau landatuz amaitu gura eban Coblenzako Euskal Etxeak egindako eskaerea jaso eta gero. Ekitaldian euskal komunidadea izan da, David López Lareki presidentea buru zala, baita bertako agintariak be, horreen artean Hans Peter Ackermann Ortsvorsteher-a (barrutiko ordezkaria) eta David Langner Oberbürgermeister-a (alkatea).

Lau urteko haretx gaztearen landaketa ekitaldian, Iparragirreren “Gernikako Arbola” lanaren bersino barria entzun ahal izan da, Enrique Zelaia euskal soinujoleak, euskal kulturako lehen mailako ordezkariak, interpretauta. Alea Phillip Dott Weg pasealekuan landatu da, Mosel ibaiaren ertzean. Esker oneko eta Gernikako Arboleak Euskal Herriarentzat sinbolizetan dauana adierazoteko berba batzuen ostean, bertaratutakoek, ohikoa dan lez, lur-palakadak bota ditue, ale gaztea Unescoren Munduko Ondare izendautako uri historiko horretan indar handiz hazi daiten. Ekitaldiari amaierea emoteko, Iria Epalza Markoartu dantzariak eta Ruben Delgado Bilbao txistulariak aurreskua interpretau dabe.

Bere historian zehar, Bizkaiko Batzar Nagusiek Gernikako Arbolearen 450 oinordeko baino gehiago entregau ditue bost kontinenteetako hainbat lekutan. Landaketa barri honegaz, Coblenzak bat egin dau sinbolo historiko eta kultural horren zaintza kolektiboagaz, lurraldearen eta Alemaniako herriaren arteko lotura instituzionalak eta memoria partekatua indartuz. Foru parlamentuko erregistroen arabera, Alemaniak Gernikako Arbolearen beste ondorengo batzuk be baditu, Pforzheim, Schwarzen Bruck eta Wöbbelin herrietan, hain zuzen be.