SEXU ESKUBIDEEI BURUZKO NAZINOARTEKO KONFERENTZIA BATEKO PARTAIDEEK GERNIKAKO BATZAR ETXEA BISITAU DABE

  • Eusko Legebiltzarraren babespean antolatutako “Osasuna eta sexu- eta ugalketa- eskubideak, krisi humanitarioak eta nazioarteko lankidetza” izeneko topaketetan parte hartu daben hogeta hamar bat laguni harrerea egin deutse Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak.

 

(Gernikan, 2022ko irailaren 13an). “Osasuna eta sexu- eta ugalketa-eskubideak, krisi humanitarioak eta nazioarteko lankidetza” nazinoarteko konferentziako partaide talde bat Gernikako Batzar Etxean izan da gaur. Topaketok Eusko Legebiltzarraren babesa dabe eta zenbait erakundek antolatzen ditue alkarregaz batera: EPFk (Sexu eta Ugalketa Eskubideei buruzko Europako Foro Parlamentarioa), Euskal Autonomia Erkidegoko Populazioa, Garapena eta Sexu Ugaltze Eskubideei buruzko Taldeartekoak eta SEDRA-FPFE erakundeak. Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak egin deutso harrerea 30 bat lagunez osatutako taldeari.

Europako hainbat herrialdetako personak egunotan eztabaidagai izan ditue nazino eta nazinoarteko garapen-politiketan jasotako sexu-eskubideak, eskubideok Europan barriro be urratu egiten dira-eta Ukrainako gerreagaitik eta sexu-indarkeria arma moduan erabilteagaitik. Solasaldi Parlamentarioan Europako parlamentariak, NBEko agentzietako, mundu akademikoko eta gizarte zibileko adituak egon dira. Persona horreetako asko etorri dira gaur Gernikara, Petra Bayr EPFko presidentea, Iñigo Iturrate Eusko Legebiltzarreko Taldeartekoaren koordinatzailea eta Estela Buendía SEDRA - FPFE erakundeko lehendakariordea lagun ebezala. Ekitaldi horregaz amaierea emon jako giza eskubideei buruzko  topaketa garrantzitsu horri.

Batzar Etxera egindako bisitan, partaideek Bizkaiko Parlamentuko areto nagusiak ezagutu ahal izan ditue (Osoko Batzarren Aretoa, Leiarpeko Aretoa, Liburutegia...) eta, Batzar Nagusietako lehendakariagaz batera, geldialdia egin dabe Arbola Zaharrean eta Gernikako Arbolan. Azkenik, topaketen arduradunek Batzar Etxearen ohorezko liburuan sinatu dabe.