EUSKAL PARLAMENTU SISTEMAK HERRITARREI AHOTSA EMOTEKO DAUKAN GAITASUNA AZALDU DAU BATZAR NAGUSIETAKO LEHENDAKARIAK NAZINOARTEKO VALENTZIAKO ACOP BILERAN
- Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak, adituakaz eta ganbera legegileetako beste lehendakari batzuekaz batera, egunotan Valentzian egiten ari dan Komunikazino Politikoaren Nazinoarteko VI. Topaketan (ACOP) hartu dau parte.
(Valentzian, 2022ko garagarrilaren 14an). Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria, aurton Valentzian egin dan ACOP Komunikazino Politikoaren Nazinoarteko VI. Topaketako hizlarietako bat izan da. Gaur arratsaldean, “40 urteko Autonomia” eztabaida-mahaian hartu dau parte. Bertan, lurralde-parlamentuetako beste presidente batzuekaz batera, ordezkaritza-sistema orokorren osasuna aztertu dau, bai eta ganbera legegileek herritarren eskaerak eurenganatzeko daukien gaitasuna be.
Bere berbaldian, Otaduik euskal erakunde-sareak Gernikako Autonomia Estatutuaren 3. artikuluari esker dauen parlamentu-sistema berezia azaldu dau. Artikulu horretan autogobernuaren erakunde pribatiboak, hau da, Batzar Nagusiak eta Aldundiak, barriro ezarteko atea zabaldu zan. Lau hamarkadatan zehar, erakunde horreek “egokitzen jakin dabe, gizarte demokratiko aurreratuenek herritarren ordezkaritza-organoetatik espero dituen erronkei erantzuteko”, esan dau.
Holan, Otaduik gehien ezagutzen dauen erakunde parlamentarioaren erradiografia egin dau, hau da, Bizkaiko Batzar Nagusiena, zazpi urtez bertako buru izan dalako; artean, Eusko Legebiltzarrean hainbat urtez legebiltzarklide izana be bada. Bere lehendakaritzapean, Bizkaiko Batzar Nagusiek —foru-arauak onartzeaz eta Aldundiaren gobernu-ekintza kontroleteaz arduratzen dan erakundeak— herritarrek parte hartzeko bideak hobetu ditue. Adibide lez esan dau “lurraldeko edozein personak edo kolektibok gaur egun gaitasuna dauela Batzar Nagusien egoitzara joateko bere kexak edo iradokizunak batzarkide-taldeen aurrean azaltzeko, edo izapidetzen ari dan edozein foru-arauri alegazinoak aurkezteko”.
ACOPen edizino hau Euskaditik kanpo egiten dan lehenengoa da; izan be, Valentziako Erkidegoko hainbat administrazinok, Autonomia Estatutuaren 40. urteurreneko jardueren barruan, erakutsitako konpromisoa dala eta, foro horretako Zuzendaritza Kontseiluak topaketa hori Valentziara eroatearen aldeko apustua egin dau.
Topaketak urte bi etenik egon dira pandemiaren ondorioz. Aurtengo edizinoan estatuko eta nazinoarteko komunikazino politikoko politikari eta profesional garrantzitsuenetako batzuek hartu dabe parte. Ana Otadui Biteriren mahaikide izan dira Enric Morera Catalá Valentziako Gorteetako presidentea, Blanca Martín Delgado Extremadurako Batzarreko presidentea eta Rafael Garrido kazetaria.