ORAIN DALA 500 URTE BIZKAIAN FORU BARRIAK IZAN EBAN ERAGIN POLITIKO, SOZIAL ETA KULTURALARI BURUZKO EHU-REN UDAKO IKASTAROA GERNIKAKO BATZAR ETXEAN

  • Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak eta Eva Ferreira García EHUko errektoreak “XV. eta XVI. mendeen arteko trantsizioa Bizkaian. Politika, lurraldea eta eguneroko bizitza Gernikan eta Bermeon” ikastaroa edegi dabe gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan.
  • EHUk eta Batzar Nagusiek alkarregaz antolatutako topaketa horretan, José Ángel Achón Insausti Deustuko Unibersidadeko katedradunak, Elena Llorente EHUko irakasleak eta Batzar Nagusietako lehendakariari “Fuentes del Derecho Histórico de Bizkaia” liburuaren ale bat emon deutson Gregorio Monreal EHUko katedradunak hartu dabe parte.
     
  • Ekitaldian Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua be izan da.

 

(Gernikan, 2023ko garagarrilaren 13an). Bizkaiko Batzar Nagusiakaz batera antolatuta EHUk emoten dauen “XV. eta XVI. mendeen arteko trantsizioa Bizkaian. Politika, lurraldea eta eguneroko bizitza Gernikan eta Bermeon” Udako Ikastaroaren lehenengo zatia hartu dau gaur goizean Gernikako Batzar Etxeak. Ikastaroa Euskal Herriko Museora eroango dabe gaur arratsaldean bertan eta bihar amaituko da Bermeoko Arrantzale Museoan. Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak eta Eva Ferreira Euskal Unibersidade Publikoko errektoreak zabaldu ditue prestakuntza-saio horreek. Unibersidadeko eta unibersidadez kanpoko ikasleei, irakasleei eta profesionalei zuzenduta dagoz batez be, eta ospe handiko dozena bat hizlarik hartuko dabe parte.

Bizkaiko parlamentuaren egoitzan Batzar Nagusietako lehendakariaren eta EHUko errektorearen ondo etorriko berbakaz hasi da ikastaroa, Asier Romero (EHU) eta Mikel Mancisidor (Deustuko Unibersidadea) irakasleek egin daben aurkezpenaren aurretik. Biek emon deutsee bidea José Ángel Achón Insausti Deustuko Unibersidadeko katedradunak, Elena Llorente EHUko irakasleak eta Gregorio Monreal EHUko katedradunak emondako Udako Ikastaroko lehen hiru berbaldiei. Monrealek 2021ean idatzitako “Fuentes del Derecho Histórico de Bizkaia” lanaren ale bat emon deutso Batzar Nagusietako lehendakariari. Une horretan Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasun sailburua be bertan egon da. 

Ikastaroaren helburua da, besteak beste, hurbilketa bat egitea gure lurraldeak XV. mendearen amaieran eta XVI. mendearen hasieran bizi izan eban egoera berezi haretara, ordurako Europan errealidade politiko barria egoan-eta, estatuak sortuz eta monarkiak indartuz joiazalako. Horren guztiaren aurrean, Bizkaiak erantzun eta moldatu beharra izan eban. Garai horreek berton izan eben eragina aztertu gura da, baina Europa osoan eragin ebena alde batera itxi barik. Horretarako, bada, Gernikako eta Bermeoko uribilduetan gertatutakoa aztertuko da, Bizkai osoan jazotakaren erakusgarri. Udako ikastaroak iraungo dauen egun bietan zehar, hizlari taldeak ondare historikoaren zabalkundean lan egitearen garrantzia be azpimarratuko dau, tokiko eta eskualdeko historia ezagutzeko eta ondare hori hezkuntzaren esparrura eroateko.

Udako Ikastaro hau igaz Ercillatarren familia bere testuinguru historikoan aztertu eban ikastaroaren jarraipena da, eta oraingo honetan lurraldearen foru nortasunaren garrantzia –politikoa, soziala eta kulturala–, gure nortasun politikoa eta juridikoa marketan jarraitzen dauen Bizkaiko historiako une garrantzitsuenetako baten aztertuko dau. Indar barriak sendotzeko unea izan zan, Foru Zaharra (1452) Foru Barria edo Erreformaua (1526) izenaz ezagutu zan haretara egokituz. Hiru urte barru beteko dira 500 urte testu juridiko hori onartu zanetik. Garrantzi handikoa izan zan garai haretako Bizkaiko gizartearentzat eta lurraldearen bilakaerarentzat.