ENPLEGU, GIZARTE KOHESIO ETA BARDINTASUNA SUSTATZEKO SAILAREN ETA GARRAIO, MUGIKORTASUN ETA TURISMORAKO SAILAREN AURREKONTUAK AZALDU DITUE GAUR BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAN

  • Teresa Laespada Martínez eta Sonia Pérez Ezquerra diputatu sozialistak Ogasun eta Finantzetako batzordera etorri dira, 2027ko euren arloetako kontuak azaltzeko. Zuzentzen dituen arloek Aldundiaren erabilgarri osoaren % 18 hartuko dabe, hau da, 92,4 eta 231,7 milioi euro, hurrenez hurren.

 

(Bilbon, 2026ko zemendiaren 6an). Batzar Nagusietan 2027ko Bizkaiko Aurrekontuen Proiektua azaltzeko hirugarren jardunaldiaren protagonistak Foru gobernuko arduradun sozialista biak izan dira. Teresa Laespada Martínezek eta Sonia Pérez Ezquerrak Batzar Nagusietako taldeen aurrean euren sailetako partida, programa eta inbertsino nagusiak zehaztu ditue. Enplegu, Gizarte Kohesino eta Bardintasuna Sustatzeko Sailak eta Garraio, Mugikortasun eta Turismorako Sailak 92,4 eta 231,7 milioi euro hartuko ditue, hurrenez hurren, Aldundiak datorren urterako erabilgarri daukan kopuru osotik.

Lehenengo eta behin, Teresa Laespada Martínez Enplegu, Gizarte Kohesino eta Bardintasuna Sustatzeko diputatu andreak azaldu dauenez, bere sailak guztira 92,4 milioi euro izango ditu (beharginen atala kenduta) bere eskumeneko politika publikoak aurrera eroateko, hau da, aurtengo aurrekontua baino % 4,15 gehiago.

Bere agerraldiaren lehen zatian, diputatu andreak bere sailaren 2027rako “apustu” estrategikoak zehaztu ditu, lau ardatzen inguruan egituratuta: bardintasuna, gizarteratzea, enpleoa eta gizarte kohesinoa.

Bardintasunari jagokonez, lehentasuna “Bizkaia feministarantz” aurrera egitea izango da, Bardintasunerako Foru Araua bere lau zutabetan garatuta: indarkeria matxistearen kontra burruketea, emakumeen ahalduntzea sustatzea, arrakalak murriztea eta gizonak prozesu horretan partaide egitea. 2018an araua onartu zanetik, bardintasun-politiken partidak “% 148” hazi dira. Mugarri nagusi lez, urtarrilaren 26tik 29ra Emakumeak izeneko Nazinoarteko II. Kongresua egitea nabarmentzen da.

Gizarteratzearen arloan, ikuspegia “eustea, eraldatzea eta babestea” izango da. Sail honek konpromisoa hartu dau sarearen eta zentro profesionalen kalidadeari eusteko, kostuen igoeraren aurrean. Ganera, ereduaren eraldaketea sustatuko dau Ostatu Bizkaiaren bitartez –etxebizitza egonkorraren eta bizitegi-zaurgarritasunaren aurrean laguntza pertsonalizauen aldeko apustua eginda– eta Hobez estrategiaren bitartez, gazteek autonomia lortu daien. Babesari jagokonez, indarkeria matxistearen eta sexualaren biktimentzako arreta integrala indartuko da.

Enpleoari jagokonez, helburua “kalidadeko enpleoak” sendotzea izango da, kronifikautako lanbakotasunari eta gaitasunen eta ekoizpen-eskarien arteko desfaseari aurre eginez. Horretarako, birkualifikazinoa indartuko da lanbide-eskolen bidez. Modu berean, sailak hurbiltasuneko ekintzailetzea babestuko dau DEMAren bitartez, eta mikrofinantziazinoa, Bizkaia Microren bitartez, kreditu-zailtasunak dituen ekimenentzat.

Eta gizarte kohesinoagaz erlazionautakoari jagokonez, Laespadak lau ildo estrategiko nagusitara bideratu dau ekintzea: abangoardiako proiektu globaletara bideratutako nazinoarteko lankidetzara; aniztasun inklusiboaren kudeaketara; gazteen emantzipazinoan eta partaidetzan oinarritutako Bizkaia Gazteak 2030 estrategiara; eta lotura komunitarioak ehuntzera eta gura ez dan bakardadea prebenidutera zuzendutako BizkaiaSarea 2030era.

Bere agerraldiaren azken zatian, foru arduraduna helburu horreek betetea ahalbidetuko daben bere programen partida desbardinak zehaztuz joan da. Horreen artean, gizarteratze-programetarako 30,7 milioi (batez be zentroak eta egoitzak) edo enpleo- eta ekintzailetza-politiketarako 25,9 milioi nabarmentzen dira. Indarkeria matxistearen kontrako burrukarako 12,6 milioi, gizarte kohesinoko politiketarako 16 milioi eta lankidetza-proiektuetarako 10,3 milioi be nabarmendu behar dira.

Bukatzeko, Laespadak bardintasunaren eta gazteriaren arloetan Aldundiak egin dauen inbertsinoak Aldundi osoan izan dauen eraginari buruzko txostenak zehaztu ditu. Bardintasunerako ekimenen baturak 35,3 milioira igotzen dau inbertsinoa (Foru Aldundiak erabilgarri dauen guztiaren % 1,69), eta gazteentzako inbertsinoak, barriz, 50,6 milioira (% 2,8).

 

BIZKAIBUSEK 151,8 MILIOIRA IGONGO DITU BERE AURREKONTU-BEHARRAK 2027AN

Bestalde, Sonia Pérez Ezquerrak zuzentzen dauen Garraio, Mugikortasun eta Turismorako Sailaren aurrekontua % 4,32 igongo da, 231,7 milioi eurora iritsi arte.

Aurrekontuaren zatirik garrantzitsuena, aurreko urteetan lez, Bizkaibusen mantentze-lanetara bideratzen da. Bizkaiak 151,8 milioi euroko ahalegina egingo dau, % 4,88 gehiago, 2027an egingo diran maiztasunen eta zerbitzuen zabalkundeari erantzuteko, adibidez Lea-Artibain iragarritako zerbitzuaren hobekuntzea. Ganera, “Garraio Azpiegiturak” programak milioi bi gehiago izango ditu 2027an, Bizkaibusi lotutako hainbat azpiegitura garatzeko, besteak beste, SAE barrira eta 24 markesina barri eta 60 Tip edo jentearentzako informazino terminalen instalazinora.

Partida handien artean, Aldundiak metrora bideratuko dauena be nabarmentzen da. Holan, Bizkaiko Garraio Partzuergoarentzat (BGP) erreserbautako kopurua 44 milioi eurokoa izango da (2026an baino 6 gitxiago), metroaren ustiapen-defizitaren zati bat eta haren zabalkundea (5. linea) finantzetako.

Sailaren beste jarduketa-eremu batek, Mobikortasun Jasangarriaren arloak, 5,7 milioi euro jasoko ditu. Zenbateko horren zati batek, barritasun lez, 15 bizipuntu eta “hiru edo lau bizipark” ezartea eta “Bizkaibizi 2.0” abiarazotea finantzauko dau, lurralde osora heltzea helburu hartuta. Horregaitik, foru bizikleta elektrikoetarako aurrekontua % 96 haziko da, 4,7 milioira iritsi arte.

Sailak, 2027an, 10,8 milioi euroraino sartzea aurreikusten dau, hainbat kontzeptu dirala-eta, besteak beste, tasak, zehapenak, udalek Bizkaibizi zerbitzuagaitik egindako transferentziak eta Estaduaren transferentziak (7,1 milioi) 2026ko garraio publikoan egindako deskontuengaitik.

Beste alde batetik, Turismo arloak aurtengo aurrekontu bera izango dau, hau da, 2,4 milioi euro.