BATZAR NAGUSIETAKO TALDEEK 476 ZUZENKETA-ESKE AURKEZTU DITUE 2023KO BIZKAIKO AURREKONTUEN AURREAN

- EH Bilduk, Elkarrekin Bizkaiak eta Talde Berezia-PPBk, abenduaren 13an Gernikan egingo dan osoko batzarrean eztabaidauko diran osotasunezko zuzenketa-eskeak erregistrau ditue.
(Bilbon, 2022ko abenduaren 1ean). Bizkaiko Batzar Nagusietako taldeek 476 zuzenketa-eske aurkeztu ditue Bizkaiko Lurralde Historikoaren 2023. urteko Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Arauaren proiektuaren aurrean. Kontu horreek Batzar Nagusietako tramitazinoan dagoz, joan dan urriaren 31n Bizkaiko parlamentuan erregistrau ziranetik.
EH Bilduk, Elkarrekin Bizkaiak eta Talde Berezia-PPk aurrekontuak Foru Aldundiari osorik itzultzea eskatu dabe, talde horreetako bakotxak Bizkaiko Batzar Nagusietan Osoko zuzenketa-eskea aurkeztu dau eta. 2023ko aurrekontuen zenbateko osoa 9.808,1 milioi eurokoa da, eta horreetatik 1.540,5 milioi sailek erabili daikien kopurua da.
Batzar Nagusietako talde bakotxari jagokonez, eta Foru Gobernua eusten daben talde bietatik hasita, Euzko Abertzaleak taldeak eta Euskal Sozialistak taldeak zuzenketa-eske parzial bi aurkeztu ditue. Oposizinoak, bestalde, 474 zuzenketa-eske aurkeztu ditu guztira. 178 EH Bilduk aurkeztutakoak dira; 150 Elkarrekin Bizkaiak; eta 146 Talde Berezia-PPBk. Herritarrek 10 alegazino aurkeztu deutsiez aurrekontuari eta batzarkide-talde bakotxak aukerea izan dau alegazino horreetatik ondo eretxitakoak jasoteko zuzenketa-eskeen artean. .
2023ko lurraldeko kontuen aurrean aurkeztu diran zuzenketa-eskeak holan banatzen dira sail bakotxaren aurrekontuen artean: Ekonomia Sustatzeko sailak, 85; Gizarte Ekintzako sailak, 56; Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako sailak, eta Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko sailak, 49; Euskara, Kultura eta Kiroleko sailak, 40; Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako sailak, 37; Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko sailak, 35; Ogasun eta Finantzako sailak; eta Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko sailak, 28. Ganera, Foru Arau Proiektuaren artikuluen alderdiren bat aldatzeko 50 zuzenketa-eske aurkeztu dira, beste bat Udal Finantzaketea aldatzeko eta 15 GUFEri jagokon testua aldatzeko.
Atzo bertan, eguaztenean, agortu zan zuzenketa-eskeak aurkezteko epea. Horren ondorengo izapidea hauxe izango da: lehenengo, zuzenketa-eskeak aztertu eta sailkatu egingo dira; hurrengo, osotasunezkotzat sailkatutakoak abenduaren 13an izango dan Osoko Batzarrean eztabaidatuko dira; Osoko horren ostean, zuzenketa-eske parzialak Ogasun eta Finantzetako Batzordean eztabaidatuko dira; eta Batzar Nagusietako tramitea hilebete honen amaieran amaituko da —abenduaren 28an seguruenez—, batzordeko eztabaidan onartu ez diran zuzenketa-eske parzialak aztertu eta proiektua bozkatzeko Osoko batzarrean.