BIZKAIKO ETXETIC ZENTROEK ADIMEN ARTIFIZIAL PREDIKTIBOKO TRESNA BAT EUKIKO DABE LAGUNGARRI ERABAGI HOBEAK HARTZEKO
- Amaia Antxustegi Ziarda Gizarte Ekintzarako diputatua Bizkaiko Batzar Nagusien aurrera etorri da, Bizkaiko Iraupen Luzeko Zainketen Trantsizino Planaren indarguneak, ahuleziak eta aurrerapenerako ildoak azaltzeko.
- Gizarte Ekintzarako Sailak iragarri dauenez, Bizkaiko Batzar Nagusietan Zainketen II. Planari ekiteko lantalde bat sortuko da.
(Bilbon, 2025eko azaroaren 24an). Amaia Antxustegi Ziarda Gizarte Ekintzarako Foru Diputatua Bizkaiko Batzar Nagusietako Gizarte Ekintzarako Batzordearen aurrera etorri da, berak eskatuta, Bizkaiko Iraupen Luzeko Zainketen lehenengo Trantsizino Planagaz erlazionauta dagozan proiektu traktoreen bilakaerea eta aurrerapenak partekatzeko. 2021ean martxan jarritako lehenengo plan horren ebaluazinoa “guztiz positiboa” da, eraldaketa prozesuaren katalizatzaile lez balio izan dauelako eta Gizarte Ekintzarako Sailari eredu “gizatiarrago, personalizatuago eta jasangarriagoranzko” aldaketearen buru izateko aukera emon deutsolako. Plana lau proiektu “traktoretan” oinarritzen da: Etxetic zentroak, Bizikidetza Unidadeak dituen egoitzak, erreferentziazko eskualdeko zentroak eta beharginen prestakuntzea.
Teknologia bidez etxean egoten laguntzeko eredu diran Etxetic Zentroei jagokenez, Diputatuak azpimarratu dau Bizkaiak 11 zentro dituala, eta beste bi –Karrantza eta Igorre– deszentralizauta dagozala. Gaur egun, Etxetic zerbitzuak “etxeko zainketetako 2.200 ekosistema baino gehiago” laguntzen ditu, eta horrek Bizkaian mendekotasuna daukien “4.400 persona baino gehiagori” laguntzea esan gura dau, eragineko eremu bakotxean egon daitekezan etxe potentzialen “% 50era” iritsiz.
Orain, barrikuntza nagusia bultzada teknologiko handian dago. Gizarte Ekintzarako Sailak, persona batek familia-ingurunean zaintzeagatiko prestazinoa jasoten dauenetik egoitza batean sartu behar dauen arte igaroko dan denporea aurreratzeko gai dan Adimen Artifizialean (AA) oinarritutako predikzino-tresna bat ezarri dau. Gaur egun “% 93ra” heltzen dan asmamen maileagaz testetan ari dan predikzinorako gaitasun horri esker Etxetic zerbitzuek laguntza indibidual eta komunitarioko esku-hartzeak aldez aurretik antolatu eta bultzatu ahal izango ditue. Ganera, zerbitzua estandarizetea lortu da, kudeatzailea edozein izanda be, erabiltzaile guztientzako interfaze komuna eta korporatiboa dauen “tablet” baten bidez, eta ebidentzietan oinarritutako erabagiak hartzeko kalidadezko eta denpora errealeko informazinoa emongo dauen datuaren eta zentroen arteko alkarreragingarritasunerako plataformea garatu da. Alkarreragingarritasun-probak 2026ko lehenengo hiruhilekoan hasiko dira.
Bizitegiak Bizikidetza Unidade bihurtzeari jagokonez, “konplejutasun handiko” proiektua da, espazioak arkitektura aldetik berrantolatu behar diralako, eta plangintzan aurrerapen esanguratsuak egin dirala jakinarazo da. Gaur egun, “728 plaza baimendu” dagoz, 15 egoitzatan banatuta. Ganera, 38 unidade eta 69 plaza baimentze-prozesuan dagoz 16 egoitzatan. Antxustegik zentro estrategikoetako obren egoerea azpimarratu dau, Leioa Laguntza Zentroa, adibidez. Zentro horren bigarren solairua martxan dago daborduko, eta hirugarren solairua 2026ko azkenengo hiruhilekoan amaituko da, 44 plaza gehituta. 2026ko azkenengo hiruhilekoan edegiko dan Getxoko Belaunaldien arteko Zentroan 100 plaza egongo dira, lau bizikidetza-unidadetan antolatuta.
Azpiegitura barriei jagokenez, Abadiñoko hasierako proiektua (120 egoitza plaza) berregokitu egin da, aldatzen ari diran lurralde mailako beharrei erantzuteko. Diseinu barriak 60 plazako egoitza bat (hiru bizikidetza-unidade), gaixotasun mentala daukienentzako 40 plazako beste egoitza bat (bizikidetza-unidade bi) eta adimen- edo garapen-desgaitasuna daukienentzako 25 plazako eguneko arretarako zentro bat barne hartuko dituan gizarte-zerbitzuen gunea aurreikusten dau. Kontrara, Sestaoko proiektua “standby” lez geratu da, 2026ko bigarren seihilekorako aurreikusita egoan lurraldeko gizarte zerbitzuen mapa barria osatu arte. Izan be, proiektautako egoitza plazen murrizketea ez da gauzatu eta inguruan ez dago plaza faltarik, diputatuak justifikau dauenez.
Erreferentziazko Eskualdeko Zentroen (EEZ) proiektuak aurrera egiten jarraitzen dau planaren beste zutabe lez, eta nazinoarteko aintzatespena be lortu dau. Gaur egun martxan dagoz Bilboko (Birjinetxe, 100 plaza soziosanitariogaz) eta Uribe/Ezkerraldeako (Leioa, 25 plaza soziosanitariogaz aurtengo martitik) EEZak. Baieztu da 25 plaza soziosanitario izango dituan Gernikako Osasun Zentroa 2026. urtearen amaieran jarriko dala martxan, erakunde espezializau bategaz egindako hitzarmen baten bidez.
Laugarren proiektu traktoreari, hau da, sektore soziosanitarioaren kualifikazinoa eta profesionalizazio mailea handitzea helburu dauen Profesionalen prestakuntzeari jagokonez, iragarri da 259 profesionalek osotu dabela egiaztau daiteken prestakuntzea, eta “asebetetze maila handia” adierazo dabela.
Azkenik, Gizarte Ekintzarako diputatuak aurtengo bagiletik hainbat eragilegaz alkarlanean lantzen ari dan Mendekotasuna prebeniduteko eta komunidadean autonomia pertsonala sustatzeko itunari buruzko informazinoa emon dau. Hitzarmen horren helburua Bizkaiko erakundeek eta gizarte zibil antolatuak mendekotasunaren prebentzinoaren inguruan hartutako konpromisoak jasoko dituan “aterkin handia” izatea da. Horrez gain, Bizkaiko Batzar Nagusietan Zainketen II. Planari ekiteko lantalde bat sortuko dala iragarri dau.



