BIZKAIKO ENPLEGU-POLITIKA PUBLIKOEK BALIO PUBLIKOA ETA GIZARTE-KOHESINOA SORTZEKO PROIEKTUAK SENDOTZERA ETA ESKALATZERA BIDERATU DABE EURON ESTRATEGIA
- Teresa Laespada Martínez foru diputatuak Autoenplegua eta 3R Enpresa programen ebaluazinoak eta ekintzailetzako eta enpleguko proiektu barritzaileetarako dirulaguntzak aurkeztu ditu Bizkaiko Batzar Nagusien aurrean.
(Bilbon, 2026ko irailaren 11n). Teresa Laespada Martínez, Enplegua, Gizarte Kohesinoa eta Bardintasuna Sustatzeko foru diputatua, Bizkaiko Batzar Nagusietako jagokon batzordearen aurrera etorri da gaur, berak eskatuta, bere arloko hiru programaren ebaluazinoen barri emoteko: Autoenplegua, 3R Enpresa eta ekintzailetza eta enplegurako 2017-2025 proiektu barritzaileen dirulaguntzak. Foru diputatuak saioan azpimarratu dauenez, hiru jarduketa ildo horreen ebaluazinoek bat egiten dabe hasierako aktibazinotik lurraldean sortutako konponbideen finkapenera, transferentziara eta eskalagarritasunera aurrera egiteko beharrean.
Lehenengo eta behin, Laespadak 2016-2024 epealdiko Autoenplegu Programea aitatu dau. Ebaluazinoaren emaitzetatik abiauta –parte hartzaileei egindako 150 inkesta, besteak beste–, kudeaketarako erabagi nagusia enpresa-ekimenen jarraipena eta laguntza teknikoa eta ekonomikoa indartzea izango da, sortu eta bigarren eta bosgarren urteen artean. Datuek erakusten dabenez, jarduerea ixteko arrisku handiena bigarren urtearen inguruan dago. Erronka horri aurre egiteko, pareen arteko mentoretzearen, enpresa-sareen eta zerga, kontabilidade eta kudeaketa arloetako prestakuntza eguneratuaren bidezko laguntzak sartuko dira.
Aldi horretan, Autoenplegu Programak 10.283 enpresa-ekimen babestu ditu, 53,1 milioi euroko inbertsino publikoagaz, hau da, proiektu bakotxeko 5.168 euroko batez besteko laguntzea eta % 90 inguruko emakida-tasea. Negozioen biziraupen-tasea % 95,06koa izan zan lehen urtean, % 60,58koa hiru urteren buruan eta % 47,09koa bost urteren buruan. Erabiltzaileen gogobetetzearen balorazino orokorra 5etik 3,97 puntukoa da, eta parte hartu dabenen artean, personen % 77,27k abian jarri ostean laguntza motaren bat eskatu dau. Itzulkin sozioekonomikoa inbertidutako euro bakotxeko 2,07 eurokoa izan da.
3R Enpresa Programearen bilakaerea talentuaren kudeaketarako bidean
3R Enpresa Programeari (Birbideraketa, Birkualifikazioa eta Birkokapena) jagokonez, ebaluazinoak hobekuntzak egitea proponiduten dau, produkzino-sarearen benetako beharrei erantzuteko, epeak arintzeko, dokumentazinoa sinplifiketako eta ikuspen publikoa nahiz personei zuzendutako akonpainamendu personalizatua indartzeko. Erabagi estrategiko lez, programak COVID-19aren krisiaren aurreko jatorri koiunturaletik talentuaren kudeaketara eta garapen ekonomiko jasangarrira eboluzionau dau, langabeziaren beherakadak eta enpresek profil gaituak aurkitzeko dituen zailtasunak markautako lan-merkadura egokituz.
2020 eta 2024 artean, programeak 5.856 partaidetza kontabilizau eta 2.293 laneratze bultzatu ditu enpresetan. Laneratze-tasearen bilakaerea oso positiboa izan da, % 24tik (2020) % 67ra (2024) igaroz. Holan, ekimena lan-eskaintza enpresa-sareagaz lotzeko funtsezko tresna lez berresten da.
Proiektu Barritzaileetarako Dirulaguntzen Programearen eskalagarritasuna
2017an hasitako programeak 2023ko eta 2024ko deialdiei jagokezan 54 proiekturen azterketa sakona jaso dau. Laespadak jakinarazo dauenez, 2017 eta 2025 artean ekimenak hirugarren sektoreko 67 erakundek sustatutako 157 proiektu finantzau ditu guztira, laguntzetan 6,58 milioi euro mobilizauz. Proiektu bakotxeko gehieneko zenbatekoa 30.000 eurotik 50.000 eurora igaro da 2020tik aurrera, eta azken ekitaldietan proiektuak sendotzera bideratutako lerro espezifiko bat sartu da.
Programeari egindako ebaluazinoak Bizkaian gizarte-barrikuntzako ekosistema profesionalizaua sortu izana berresten dau. Halanda be, Bilbo Handian kontzentretan dan lurralde-desorekea identifikau da, bai eta trantsizino teknologikoak (proiektuen % 75 inguru) trantsizino ekologiko edo demografikoak baino presentzia handiagoa daukala be. Adostutako helburu estrategikoa, kolektibo txikietan balioztautako metodologiak persona eta erakunde multzo zabalerako “erabilgarriak eta transferigarriak” diran soluzino bihurtzea da.