BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK ETA GERNIKA-LUMOKO SAN FIDEL IKASTOLAK GERNIKAKO ARBOLEAREN OINORDEKO BAT LANDATU DABE IKASTOLAREN 125. URTEURRENEAN

Ekitaldian, Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria, Urko Duarte Echevarría ikastetxeko zuzendaria, hezkuntza komunidadeko eta Batzar Nagusietako Mahaiko ordezkariak eta tokiko agintariak egon dira, ikastetxeak Gernika-Lumon daukan hezkuntza eta gizarte arloko sustraitzea balioan jarri dauen jardunaldian.

 

(Gernika-Lumon, 2026ko martiaren 22an). Gernika-Lumoko San Fidel Ikastolak Gernikako Arbolearen oinordeko bat landatu dau gaur bere lorategian, bere 125. urteurrena dala eta. Ekitaldiak ordezkari instituzionalak, irakasleak, ikasleak eta familiak batu ditu, hezkuntzaren, komunidadearen eta lurraldearen arteko loturak indartzen dituan sinbolismoz betetako zeremonian.

Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak, Urko Duarte Echevarría ikastetxeko zuzendariak, hezkuntza komunidadeko eta Batzar Nagusietako Mahaiko ordezkariek eta tokiko agintariek hartu dabe parte landaketan, ikastetxeak, foru uribilduko 0-18 urte bitarteko irakaskuntzan erreferente lez izan dauen ibilbide historikoa balioan jarri dauen topaketan.

Bere berbaldian, Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak, hezkuntzak gizartearen garapenerako funtsezko zutabe lez dauen garrantzia azpimarratu dau, “San Fidel Ikastolea Gernika-Lumoko eta Bizkaiko egitura biziaren parte da, belaunaldietan zehar hartutako konpromisoaren, jarraitutasunaren eta zerbitzu bokazinoaren eredu izanda”. Horrez gain, Gernikako Arbolearen oinordekoak “herri lez batzen gaituen sustrai sakonak eta gure balioetatik hazten jarraitzeko erantzukizun partekatua” sinbolizetan dituala adierazo dau.

Otaduik ganeratu dauenez, keinu horrek foru erakundearen eta hezkuntza komunidadearen arteko loturea indartzen dau, Gernikako Arboleak “eskubide historikoak, bizikidetzea eta etorkizunagazko konpromisoa” irudikatzen dituala gogora ekarriz, ikastoleak 125 urteko historian transmititzen jakin izan dituan balioak, hain zuzen be.

Ekitaldian, sinbolo horrek irudikatzen dauen ondareagazko konpromisoa erakutsi da, eta oinordekoaren landaketa sinbolikoa be egin da, lehenengo palakadak bota dituen erakundeetako ordezkariek, irakasleek eta ikasleek parte hartuta. Jardunaldia amaitzeko, zugaitzaren Benetakotasun Ziurtagiria emon jako ikastetxeko zuzendaritzari.

Euren historian zehar, Bizkaiko Batzar Nagusiek Gernikako Arbolearen oinordeko ugari banatu ditue munduko hainbat lekutan. Landaketa barri honegaz, San Fidel Ikastolak bat egiten dau ikur hau zaintzen daben espazioen sareagaz, bere nortasuna eta Bizkaiko historia, kultura eta etorkizunagazko konpromisoa indartuz.