BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK KHALED QUZMAR HARTU DABE PALESTINAKO UMEEN EGOEREA EZAGUTZEKO

  • Umeen Eskubideen aldeko Palestinako Zentroko zuzendariak Gazan eta Zisjordanian adinbakoen eskubideen urraketa sistematikoa eta iraunkorra salatu dau Batzar Nagusietako taldeen aurrean.

 

(Bilbon, 2026ko garagarrilaren 9an). Bizkaiko Batzar Nagusiek bilerea izan dabe gaur Khaled Quzmar abogadu eta Umeen Eskubideen aldeko Palestinako Zentroko zuzendariagaz, lurralde okupauetako umeen egoera zaurgarria aztertzeko. Bileran, Batzar Nagusietako taldeek eskualdean umeengan eragina daben giza eskubideen urraketei eta krisi humanitarioari buruzko informazino zehatza jaso dabe.

Khaled Quzmarrek azaldu dauenez, umeen oinarrizko eskubideak modu “sistematiko eta orokorrean” urratzen dabil Israelgo estadu “kriminal eta genozidea”. Abogadu palestinarrak salatu dau okupazinopean ez dala bizitzeko eskubidea errespetetan. Erakundeak partekatutako datuek erakusten dabenez, 20.000 adinbako baino gehiago hil dira Gazan gerra hasi zanetik, eremu hori musturreko “babesbakotasun eta apartheid” gune bihurtuz.

Saioan atxiloketen arazoari be heldu jako, eta adierazo da 180 adinbako dagozala administrazino-atxiloaldian, kargurik eta epaiketarik barik espetxeratuta. Modu berean, Quzmarrek hezkuntzaren atzerakada larriaren barri emon dau, ezarritako murrizketen eta azpiegituren suntsiketearen ondorioz sekula ikusi bako eskolabakotze mailea dagoalako.

Khaled Quzmarrek Bilboko Mundubat Gobernuz Kanpoko Erakundeagaz batera egin dauen bisiteari esker, Palestinako krisi humanitarioa geldiarazoteko nazinoarteko gobernuei presino egiteko preminea eroan da Bizkaiko Batzar Nagusietara. Bizkaiko Batzar Nagusietako Bilboko egoitzan egin dan bilerara Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria eta batzarkide-taldeetako ordezkariak joan dira.