BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK ATZERA BOTA DABE ELKARREKIN BIZKAIAK ETA EH BILDUK BGP-N EDOZEIN TAMAINUTAKO TXAKURRAKAZ BIDAIATZEKO ARAUDIA BULTZATZEKO EGINDAKO PROPOSAMENA

  • Foru Gobernuari eusten deutsien talde biek ez dabe ekimena onartu, uste dabelako Metro Bilbaok 8 kilotik gorako maskotak sartzea baimentzeko egin barri dauen iragarpenaren ondorioz neurria ez dala beharrezkoa, eta oposizinoak, barriz, homogeneotasun faltea eta beharginakaz ez dagoala adostasunik salatu dau, eta BGPren bitartez araudi aldaketa orokorra eskatzen dau. 
     
  • Onarpen-fasean dagoan taxien sektoreko araubide bereziaren erregulazino barriari esker, gehienez be 24 baimen iraunkor gehiago gehitu ahal izango jakoz Loiuko aireportuari. Baimen horreek daborduko aerodromoan jardun daikien 111 VT eta 305 VTC baimenei gehituko jakez. 


(Bilbon, 2026ko bagilaren 22an). Bizkaiko Garraio Partzuergoaren (BGP) barruan, Metro Bilbaoren sareko linea guztietan edozein tamainutako txakurrak sartzea ahalbidetuko dauen araudi “argia eta homogeneoa” bultzatu daian Elkarrekin Bizkaiak eta EH Bilduk batera aurkeztu daben Arauz Besteko Proposamena ez dau onartu gaur Bizkaiko Batzar Nagusietako Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko Batzordeak. 

Eneritz de Madariaga Martín Elkarrekin Bizkaiako bozeroaleak, gaur egungo erregulazino “desbardina” eta “inkoherentea” gainditzeko beharra defendidu dau, eta 2020an Bizkaiko Batzar Nagusietan antzeko azterketea aho batez onartu zanetik sei urte igaro ostean ez dala aldaketa eraginkorrik egon adierazo dau. Azpimarratu dauenez, prentsan iragarkiak dagozan arren, “de facto ez dago martxan” eta 1. eta 2. lineek Euskotrenek kudeatzen dauen 3. linearen aurrean daukien diskriminazinoak indarrean jarraitzen dau. 

EH Bilduko Raul Méndez Urigoitiak, bere aldetik, zalantzan jarri dau Metro Bilbaoren iragarpena, hori baino ez dalako, “iragarpen hutsa”, eta kritikau egin dau neurriak ez dauela bermatzen sistema osoaren homogeneotasuna, eta ez dala beharginakaz adostu, eta hori funtsezkoa da behar dan moduan funtzionetako. Parametro bi betetearen aldeko apustua egin dau: maskoten garraioaren erispideak bateratzea eta egungo pisu-mugea kentzea. 

Foru gobernuari eusten deutsien taldeek proposamena baztertzeko eskatu dabe, daborduko gizartearen eskariari erantzun jakola esanez. Euskal Sozialistak taldeko Goyo Zurro Tobajas bozeroaleak adierazo dauenez, proposamenak “helburua galdu dau”, 8 kg-tik gorako txakurrak baimendu ahal izateko, Metro Bilbaok bere baldintzak segurtasun eta bizikidetza erespideen arabera aldatzea erabagi ostean. Zurro Tobajasen berbetan, “ez da beharrezkoa daborduko eginda dagoana egitea eskatzea”. 

Ildo berean, Euzko Abertzaleak taldeko Unai Lerma Mentxakak kontrako botoa justifikau dau, operadoreak emondako azalpenen ostean eskatutako baldintzak bete dirala uste dauelako. Lerma Mentxakak defendidu dauenez, Metro Bilbaoren erregulazinoak beste operadore batzukaz bat egitea bilatzen dau, EuskoTrenegaz, adibidez, eta harrituta agertu da beharginakaz adostasuna lortzeko egin dan eskaerearen aurrean, proposamena aurkeztu dabenek izapide hori aurretik egin ete daben galdetuz. 

Talde guztiek herritarren alkarteen beharra autortu daben arren, batez be martian Bizkaiko Batzar Nagusietara arautegian aldaketak eskatzeko agertu ziranena, Batzar Nagusietako gehiengoak ekimena blokeau dau, operadoreak iragarritako araudia “nahikoa” dala uste dauelako, oposizinoak BGPren bitartez erregulazino esparru bakarra eta sendoa eskatzen dauen arren. Ekimena ez da onartu, kontrako 9 boto (EAJ-PNV eta PSE-EE), aldeko 5 (EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia) eta abstentzino 1 (PP) jaso ditualako. 


TAXI ZERBITZUA AIREPORTURA 

Saio berean, Sonia Pérez Ezquerra Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko foru diputatuak, Bilboko Aireportuko taxi zerbitzuaren kudeaketea defendidu dau, egoerearen araberako neurrien aurrean egiturazko konponbideko igarobidea azpimarratuz. Bizkaiko Talde Popularrak eskatutako agerraldian, Aldundiko arduradunak gogoratuazo dau gaur egungo arau esparrua, terminalean jarduteko Loiukoak ez diran 111 lizentzia izateko baimena emoten dauen 4894/2000 Foru Aginduak arautzen dauela. Halanda be, iragarri dau taxilariek eta alkarte batek igazko udako zerbitzua indartzeko aginduaren (397/2025) kontrako errekursoa aurkeztu dabela Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, eta horrek aurton eskema hori errepiketea eragozten daben segurtasun juridikorik eza eta ondare-erantzukizuneko eskaerak sortzen dituala. 

Egoera judizial hori gorabehera, Pérez Ezquerrak esan dau uda honetan ez dala “ezelango arazorik izan” aireportuan. 2026ko testuingurua oso bestelakoa dala azaldu dau, garraio publikoaren eskaintzea nabarmen indartu dalako: gaur egun 111 taxi-baimen (VT) eta 305 VTC lizentzia dagoz, eta horrek udako eskariari erantzuteko flota funtzional eta nahikoa bermatzen dau. 

Behin betiko konponbidea emoteko, diputatu andreak 2000. urteko arautegia ordezkatuko dauen Araubide Bereziko Erregulazino barriaren tramitazinoa iragarri dau. Ordenantza barri hori ez da Bilboko aireportura mugatuko, BEC eta Getxoko gurutzeontzi-terminala be barru hartuko ditu, puntu estrategiko horreei segurtasun juridikoa eta egonkortasuna emonez. 

Azkenik, Pérez Ezquerrak testuinguruan jarri gura izan dau araudi barri horrek gehienez 24 taxi-baimen iraunkor gehiago gehitzea ahalbidetuko dauela. Gehikuntza horri esker, Loiuko aireportuak gehienez 135 lizentzia izango ditu, azpiegituraren gaitasun fisikoak eta Eusko Jaurlaritzaren agindu gorenek ezarritako mugea, hain zuzen be. 

Diputatu andrearen esku-hartzearen ostean, Pablo Gómez-Guadalupe García-Tejedor PPko ordezkariak kritikau egin dau Foru Aldundia “berandu heldu dala” aireportuko garraio beharren konponketara, eta tamalgarria dala 2000. urteko arautegian oinarrituta jarraitzea beharrean, araubide bereziko eremuaren onarpena atzeratzen dabilen bitartean. Alderdi Popularreko batzordekidearen eretxiz, 2025eko foru agindua “partxea” baino ez da izan, eta segurtasun juridikoa zalantzan geratu da epaitegien aurrean. Horrek agirian ixten dau ez dagoala “alde juridikotik sendoa” dan eta taxiaren sektoreagaz adostu dan plangintzarik. Horrez gain, terminalean erregistrautako “kolapso” eta “pilaketa” gertakariek Bizkaiaren irudia kaltetzen dabela adierazo dau.