BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK EZ DABE ONARTU LEA ARTIBAIRAKO ETA BUSTURIALDERAKO ESKUALDE MAILAKO HILTEGIA INSTALETEA

  • Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Batzordeak ez dau onartu ekimen berean eskualdeko abeltzaintza eraldatzeko azpiegiturea eta Otei baserriaren foru jaubetzarako erabilera integralerako plana aztertzea proponiduten eban EH Bildu taldeak aurkeztutako arauz besteko proposamena.

 

(Bilbon, 2026ko urriaren 20an). Bizkaiko Batzar Nagusietako Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Batzordeak ez dau onartu Bizkaiko Foru Aldundiari Lea-Artibai eta Busturialdea eskualdeetarako hiltegi txikia eta zatiketako aretoa eregitea eta Otei baserriko foru-lursailean erabilera integraleko proiektua martxan jartea aztertzea eskatzeko EH Bildu taldeak aurkeztu dauen arauz besteko proposamena. Bozketan, EH Bildu eta Elkarrekin-Bizkaia taldeetako batzordekideek aldeko botoa emon dabe; Bizkaiko Talde Popularreko ordezkaritzea abstenidu egin da, eta Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek kontrako botoa emon dabe.

Iratxe Arriola Alzola batzordekideak bultzatutako proposamenaren helburua eskualdeko abeltzaintza-sektorearen errentagarritasuna hobetzea eta hiru hamarkada baino gehiagotik aprobetxamendu jarraiturik barik dagon Otei baserriko bederatzi hektareako lursailari erabilerea emotea zan. Ekimenak zaintzailearen etxea eta Alluko baserria birgaitzea aurreikusten eban, gizarte-alokairuan edo gazteen proiektu profesionalei lotutako baldintzapeko salmentan eskaintzeko, lursailen eta korten lehentasuneko esleipena bermatuz. Horrez gain, eraikin nagusirako, prestakuntza-zentroa —artzaintza-eskola edo baserri-eskola lakoa—, artilearen tratamenturako eta biltegiraketarako eremua eta umeentzako egotaldi hezitzaileak barne hartuko leukezan erabilera mistoen bideragarritasun-plana eskatzen zan.

Batzordeko eztabaidan, Iratxe Arriola Alzola EH Bildu taldeko batzordekideak argitu dau proposamenean ez zala beren beregi proponiduten hiltegia Otei baserrian bakarrik jartea, bideragarritasunagaitik eremurik egokiena izan ez eitekeala autortuz, eta Lea-Artibai eta Busturialdea eskualdean beste leku egoki batzuk aztertzeko atea zabalduz. Beste aldetik, Iratxe Arriola Alzolak ekimena lehen sektorerako urtenbideen bilaketearen barruan “hazi txikia” dala eta higiezinaren salmentea “azkenengo aukerea” dala defendidu dau. “Etorkizun hori amestu behar dogu, eta guztiok eskutik helduta egiten badogu, seguru frutuak emongo dituala”, adierazo dau Arriola Alzolak, landa-ingurunea suspertzeko borondateak sortu behar dirala berretsiz.

Foru gobernuari eusten deutsien taldeek oztopo tekniko, ekonomiko eta benetako bideragarritasunezkoetan oinarrituta justifikau dabe euren ezezkoa. Euskal Sozialistak taldearen aldetik, Isaac Fernández Berges batzordekideak argudiatu dau proposamenak neurri itxiegiak eta desegokiak proponiduten ebazala, adibidez etxebizitzen salmentea, administrazino publikoak zuzenean gauzatu ezin dauen aukerea. Horrez gain, batzordekide sozialistak ohartarazo dau higiezinaren erabilerak banatzeak proiektuaren eraginkortasuna murriztuko leukela, eta hiltegia sortzeak benetako beharrei eta horrek ekarriko leukezan kostu tekniko eta higieniko handiei buruzko aurretiazko azterketa zorrotza eskatzen dauela azpimarratu dau; ganera, dibertsifikazinoaren aurrean zabalik dagon “plan estrategiko” zabalagoa egitea komenigarria dala planteau dau.

Bere aldetik, Jesus Lekerikabeaskoa Arrillaga Euzko Abertzaleak taldeko bozeroaleak gogora ekarri dau Otei baserria zor bat ordaintzeko sartu zala foru-ondarean eta azkenengo urteetan mantentze-gastuak gitxienera murriztu dirala. Planteautako azpiegiturei jagokenez, batzordekide jeltzaleak tinko baieztu dau Otei baserria ez dala hiltegirako leku egokia, eta Foru Aldundia lurralde osoan lekurik egokiena zein dan daborduko aztertzen dabilela adierazo dau. Modu berean, zalantzan jarri dau baserri-eskolearen bideragarritasuna sektorean ikasleen eskaerarik ez dagolako, eta hainbeste jarduera espazio berean pilatzea errealidadeagaz bat ez datorrela azpimarratu dau. Administrazinoak, udalagaz batera, proiektu bideragarriak laguntzeko dauen borondatea berretsi arren, Lekerikabeaskoak ondorioztatu dau ekimenak planteautako neurri zehatzak ez dirala egokiak.

 

LEHEN SEKTORERAKO LAGUNTZAK

EH Bildu taldearen aldetik, Aitor López Vázquez batzordekideak Foru Aldundiak lehorteak abeltzaintza-ustiategietan sortutako eragin ekonomikoa arintzeko eta murrizteko martxan jarritako neurriei buruz galdetu deutso Arantza Atutxa Lejarreta Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko foru diputatuari.

Bere erantzunean, Aldundiko arduradunak daborduko sektoreari azaldutako milioi bi euroko plan orokorra azaldu dau. Aurrekontu horretatik, 1,5 milioi euro abeltzaintzarako (esnetarako behiak, haragitarako behiak, ardiak, ahuntzak, zaldiak eta erleak) eta nekazaritzarako (sagarra, kiwia, artoa eta baratzeko produktuak) laguntza zuzenen bidez bideratzen dira. Ganerako 500.000 euroak, Armañon, Gorbeia, Aramotz, Mugarra, Kolitza edo Zugaztieta lako mendi publikoetan bazka-garraiorako eta azpiegitura hidraulikorako inbertsinoetara bideratzen dira, udalakaz eta tokiko alkarteakaz koordinauta.

Horrez gain, diputatu andreak azpimarratu dauenez, kobrantzea ofizioz izapidetuko da, Foru Administrazinoak berak daborduko dituan datuen bitartez, profesionalak eskaerak aurkeztetik libre itxiz eta argitaratu eta hamar egun baliodun emonda zuzenketak egiteko, eta, ganera, inbertsino planaren hurrengo dekretuan birlandaketak diruz laguntzeko modulu espezifikoa gehituta.