BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK 2026-2030 III. BARDINTASUN PLANA AURKEZTU DABE EUREN JARDUERA OSOAN GENERO IKUSPEGIA SENDOTZEKO

  • Dokumentu barriak datozan lau urteetarako ibilbide-orri instituzionala ezarten dau, bost ardatz estrategikoren bidez, eta aurrekontuetan genero-ikuspegia txertatzearen aldeko neurri barritzaileen alde egiten dau.

 

(Bilbon, 2026ko bagilaren 18an). Bizkaiko Batzar Nagusietako Bardintasun Taldea gaur goizean alkartu da Bilboko administrazino egoitzan, 2026-2030eko Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako III. Planaren zirriborroa aurkezteko. Dokumentu barri horrek aurreko planen lanari jarraipena emon gura deutso, erakundeak bardintasun eraginkorragaz dauen konpromisoa berretsiz eta Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako eta Emakumeen kontrako Indarkeria Matxistarik Bako Bizitzetarako 1/2023 Legeagaz lerrokatuz.

III. Plana diagnostiko sakonaren emoitzea da. Diagnostikoak genero-ikuspegiaren zeharkakotasuna sendotzeko eta dagozan bardintasun-tresnen eguneroko erabilerea hobetzeko beharra identifiketan ditu. Planak 28 ekintza aurreikusten ditu guztira, Plana indarrean dagoan bitartean helburu berberak lortzea ahalbidetuko daben beste ekimen batzuk bultzatzeko aukera mugatu barik.

Aurkeztutako zirriborroa parlamentuko eta antolaketako jarduerea bideratuko daben bost jarduera-ardatzen inguruan egituratzen da. Ardatz honeek dira:

• Gobernantzea, komunikazinoa eta etenbako hobekuntzea: Lidergo instituzionala indartzea eta bardintasunagazko konpromisoa agirian itxiko dauen komunikazino inklusiboa ziurtatzea.

• Sentsibilizazinoa eta trebakuntzea: Behargin guztien eta Batzar Nagusietako taldeen bardintasunari buruzko ezagutzak eta gaitasunak sustatzea.

• Genero-ikuspegiaren zeharkakotasuna: Foru parlamentuko jardueran eta araudian genero-azterketea modu sistematikoan txertatzea. Nabarmentzekoa da esperientzia pilotu bat bultzatu dala aurrekontu-azterketan genero-ikuspegia txertatzeko.

• Antolaketa erantzukidea eta inklusiboa: Kontziliazinoa erraztuko daben eta lan-ingurune seguruak eta indarkeria matxistarik bakoak bermatuko dituen baldintzak sustatzea.

• Proiekzino soziala eta lidergoa: Batzar Nagusien zeregina indartzea, Bizkaian bardintasuna sustatzeko erreferente lez, Emakume Hautetsien Asanbladea lako espazioak sendotuz.

Batzar Nagusietako Lehendakaritzaren gidaritzapean, Planaren gobernantza ereduak “erantzukizun partekatuaren” aldeko apustua egiten dau, eta Bardintasun Taldeak koordinazino eta jarraipenerako motor lez jardungo dau. Gaurko bileran, taldeko kideen azkenengo ekarpenak jasoteko dinamikea be hasi da, azkenengo testua gizarte bidezkoagorantz aurrera egiteko tresna parte-hartzaile eta eraginkorra izango dala bermatuta.