BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK BERBALDIAK ETA IBILPIDE GIDATUAK ANTOLATU DITUE ABELLANEDAKO ETA GEREDIAGAKO EGOITZETAN, ONDAREARI BURUZKO JARDUNALDIEN BARRUAN
- Bizkaiko Batzar Nagusiek bat egin dabe Aldundiak koordinetan dituan Ondarearen Europako Jardunaldiakaz, Enkarterriko eta Durangaldeko hainbat kokalekutako ondare immaterialean murgiltzeko kultur ibilpideen bitartez.
- Jarduerak dobakoak dira, baina aurretik erreserbea egin behar da, sarrerea mugatua dalako.
(Bilbon, 2023ko irailaren 20an). Beste urte batez, Bizkaiko Batzar Nagusiek bat egin dabe Foru Aldundiak koordinetan dituan Ondarearen Europako Jardunaldiakaz. Bizkaian egingo dira urrian “Ondare Immaterial Bizia” lelopean, lurraldeko kultur ondare immaterial aberatsa ezagutarazoteko. Bizkaiko Batzar Nagusiek prestautako jarduerak Enkarterrietako Museoagaz eta Gerediaga Alkarteagaz batera antolatu dira, eta Enkarterriko eta Durangaldeko hainbat lekutan egingo dabe geldialdia.
Lurraldeko jardunaldien XXI. edizinoaren helburu nagusia tradizinoei, ahozko adierazpenei, sinismenei, jaiei, sukaldaritzako arteei, erritualei, lanbideei, artisautzako teknikei, dantzei, musikari eta jolasei lotutako kultur ondarearen balioa nabarmentzea da, horreek guztiak lurraldearen nortasunaren parte diralako, eta bizirik iraun daien zaindu eta babestu egin behar diralako.
Bizkaiko Batzar Nagusiek antolatutako jarduerak datorren domekan, urriaren 1ean, hasiko dira. Gerediaga Elkarteagaz lankidetzan, nekazaritzaren lanbidea ezagutzera konbidatu gura dira herritarrak. Leire Milikua Larramendiren “Lur gainean, itzal azpian” (2022) saiakerea erreferentziatzat hartuta, jarduera horri buruz eta emakumeak horretan izan dauen partaidetza eta ordezkaritza publikoaren inguruan hausnartuko da. Eskualdeko nekazari bik landuko dabe gaia Gerediagako Batzar Etxean, alkarrizketa-berbaldi formatuan, liburuaren egileagaz batera, 11:30etik aurrera.
Horrez gain, eta hurrengo astegoienerako, musika-tradizinoan, errituetan eta kondairetan sakonduko da, Enkarterrietako Museoak prestau dituan eta fokua Zallako hainbat lekutan izango daben jarduera biren bitartez.
Holan, urriaren 7an, zapatuan, Enkarterriko museoak berbaldia eta oinezko ibilpide gidaua antolatu ditu, Zallako “Otxarango Indartsua” izenaz ezagutzen dan pertsonaiari buruzko kondairak, musika-tradizinoa, eta errituak ezagutzeko. Enkarterrietako Museoak azken urteetan batutako Enkarterriko hainbat musika-tradizino herrikoi ezagutu ostean, mahastien artean ibilaldia egingo da Otxaran auzoraino (Zalla). Bertan, baserri artean, Manuel de Ahedo y Retola indartsuari buruz bildutako istorioak kontauko dira, Antonio de Trueba historialariaren belarrietara iritsi ziran ahozko tradizinoko istorioak, hain zuzen be.
Bukatzeko, urriaren 8an, domekan, Zallan amaituko dira Batzar Nagusien kultur ekimenak, beste zenbait musika, siniskeria, sorgin eta erritu ezagutzeko berbaldiagaz eta oinezko ibilbide gidauagaz. Ibilbidea Enkarterriko museoan bertan hasiko da, eta bertan, Enkarterriko zenbait musika-tradizino herrikoi jorratuko dira. Horren ostean, izena emoten dauena Zariketeko (Zalla) San Pedro ermitara joango da eta bertako historia eta sorginkeriak ganetik kentzearen inguruko tradizinoa ezagutuko ditu. Ibilpideak Aretxagaraino jarraituko dau, Lucia de Aretxaga sorginaren kondairari lotutako baseleizea egoan lekuraino. Eta ibilpide gidaua San Pantaleon baseleizan amaituko da, bertako historia eta buruko minak sendatzeko erritualak ezagutzeko.