BIZKAIKO BATZAR NAGUSIAK 2027KO BIZKAIKO AURREKONTUEN FORU ARAU PROIEKTUAREN TRAMITAZINOAK HASI DIRA
- Aldundiak erregistrau ditu 2027eko Kontuak Bizkaiko parlamentuan; sailetarako erabilgarri egongo dan kopuruari jagokonez inoizko altuena dan 1.806,6 milioiko partidea aurreikusten da.
- Zemendiaren 4tik aurrera, Aldundiko sail bakotxeko diputatuek azalduko ditue euren kontuak Ogasun eta Finantzetako batzordean.
- Herritarrek hamar eguneko epea izango dabe, bihartik zemendiaren 11era, Batzar Nagusien webgunean (jjggbizkaia.eus) Aurrekontuaren aurreko alegazinoak aurkezteko.
(Bilbon, 2026ko urriaren 30an). Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak 2027ko Lurraldeko Aurrekontuen Foru Arau Proiektua jaso dau Itxaso Berrojalbiz Zabala Ogasun eta Finantzetako foru diputatuaren eskutik. Holan hasi da Aurrekontuen Bizkaiko Batzar Nagusietako tramitazinoa. Batzar Nagusien Bilboko administrazino-egoitzan kontu publikoak euskarri elektronikoan entregetako eta erregistretako ohiko irudiagaz, horreek onartzeko prozedurea hasiko da. Prozedurea hurrengo hilebete bietan luzatuko da.
Batzar Nagusietako Mahaiak arauaren proiektua onartu ostean, foru diputatuek datorren astean azaldu beharko ditue euren sailen kontuak, informazino batzordeetan. Zemendiaren 4tik aurrera, sail bakotxeko arduradunak Ogasun eta Finantzetako Batzordera joango dira -bederatzi saiotan- hurrengo urterako jarduketa-ildo nagusiak eta proiektuak zehaztera. Fase hori herritarren alegazino-aldiagaz bat etorriko da.
Herritarrei aurrekontuetan parte hartzeko aukerea emongo jake, Batzar Nagusietako Araudiak jasoten dauen moduan. Bizkaiko Batzar Nagusiek “jjggbizkaia.eus” webgunean azalduko dabe arau-proiektu osoa, bizkaitarrek euren ikuspuntuak, iradokizunak eta aldaketak helarazoteko aukerea izan daien. Epea hamar egunez egongo da zabalik, urriaren 31tik zemendiaren 11ra.
Aurrekontuen eztabaida prozesua urtea amaitu baino lehen bukatu daiten dago antolatuta. Horretarako, diputatuen agerraldien ostean, eta herritarrek dokumentuaren aurrean alegazinoak aurkezteko daben epea amaitu eta gero, beste epe bat zabalduko dau Batzar Nagusietako bost taldeek (Euzko Abertzaleak, EH Bildu, Euskal Sozialistak, Bizkaiko Talde Popularra eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia) aurrekontuei zuzenketa-eskeak aurkezteko. Aurrekontuak 12.110 milioi eurokoak dira eta diru kopuru horretatik sailek 1.806,6 milioi euro izango ditue erabilgarri.
Zuzenketa-eskeen aldia itxi eta gero –zemendiaren 30an–, Batzar Nagusiek zuzenketa-eskeak aztertuko ditue, abenduaren 11n egingo dan lehenengo osoko batzarrerako deialdia egin aurretik, lehenengo osoko zuzenketa-eskeak eztabaidatzeko. Osokoaren ostean, halan danean, zuzenketa-eske partzialak eztabaidatuko dira batzordean abenduaren 14tik 17ra bitartean. Batzar Nagusietako tramitea abenduaren 23an bukatuko litzateke, Ogasun eta Finantzetako Batzordetik igaro ostean geratzen diran zuzenketa-eske parzialak aztertuko dituan beste osoko bategaz.