BIZKAIKO BATZAR NAGUSIAK LURRALDEKO MENDIEI BURUZKO FORU ARAUAREN PROIEKTUA IZAPIDETZEN HASI DIRA
- Arantza Atutxa Lejarreta Bizkaiko Ingurune Natural eta Nekazaritzako foru diputatuak, herritarrentzat “garrantzi handikoa” dan eta 5 izenburu eta 4 xedapen dituan testu arauemoilearen puntu interesgarri nagusiak azaldu ditu Batzordean; izan be, lurraldearen azaleraren % 60ren kudeaketea arautuko dau eta horren % 76a esku pribaduetan dago.
- Berak eskatuta egin dauen beste agerraldi batean, Aldundiko arduradunak, txarri izurrite afrikarraren, hegazti gripearen eta dermatosi nodular kutsakorraren aurrean hartu diran neurrien eta egoerearen barri emon dau.
(Bilbon, 2026ko urtarrilaren 12an). Bizkaiko Foru Aldundiak Mendiei buruzko Foru Arau barriaren proiektua aurkeztu dau gaur Batzar Nagusien aurrean, 1994tik indarrean dagoan araudia eguneratzeko eta klima-aldaketearen egungo erronketara eta Europako, estaduko eta Euskadiko legedira egokitzeko diseinautako testua. Erregulazinoak baso-lurren 132.000 hektareatan dau eragina, hau da, Bizkaiko azalera osoaren % 60an. Bertan, lau lurzatitik hiru (% 76) jaube partikularrenak dira.
Arauaren proiektuaren oinarria mendien funtzino aniztasuna da, onura ekonomikoen (egurraren ekoizpena eta enpleoa), ingurumenekoen (biodibersidadearen kontserbazinoa eta klimaren babesa) eta sozialen (aisialdirako eta osasunerako guneak) arteko orekea bilatuz. Arantza Atutxa Lejarreta Ingurune Natural eta Nekazaritzako foru diputatuak azpimarratu dauenez, arau hori ez da espezieen arteko lehian oinarritzen, danen ongizaterako oinarriak ezartean baino: “Plangintzea, sinplifikazino administratiboa interesdunarentzako eta ingurumen arloko erronken integrazinoa dira arau barriak konpondu gura dituan lehen mailako gaiak”.
Testuaren oinarrietako bat administrazinoa sinplifiketea da, burokrazia murrizteko. Horretarako, Baso Administrazinoa “leihatila bakarra” izango da mendien titularrentzat. Ganera, 10 hektarea baino gitxiagoko mendietan jarduketak arintzeko erantzukizunpeko adierazpena –interesdunak legezko baldintzak beteten dituala adierazoten dauen dokumentua– sartu da, kasu askotan hilebeteak atzeratu daitekezan aurretiazko baimenen beharra ordezkatuz.
Lurraldearen antolaketari jagokonez, arauak hiru plangintza-maila proponiduten ditu: estrategikoa, taktikoa eta operatiboa. Planak parte-hartze prozesuekin egingo dira, eta eskualde mailan eremu bakotxerako erabilera egokienak lehenetsiko dira. Modu berean, basoetako suteen kontrako babesa indartzen da, 30 urtez erretako lurzoruen erabilerea aldatzea debekauz eta landaredia lehengoratzera behartuz. Atutxak zehaztu dauenez, Bizkaian ia 30 zugatz espezie bizi dira, bakotxa bere hazkunde-taseagaz. % 41 intsinis pinuak dira, % 28 ostro zabalekoak, % 13 baso misto-atlantikokoak eta % 17 eukaliptoak.
Zehapen-araubidea be eguneratu egingo da: milioi bat euro arteko isunak ezarri dira arau-hauste larrietarako, bai eta eragindako kaltea konpontzeko mendia jatorrizko egoerara itzultzeko betebeharra be. Testua alkarte, unibersidade eta sindikatuakaz izandako parte-hartze prozesuaren ostean heldu da Bizkaiko parlamentura. 60 alegazino inguru jaso eta aztertu dira adostasun zabala lortzeko. Diputatu andreak onartu dauenez, horreetako “batzuk” onartu dira. Arauaren proiektua idazteko orduan, Bizkaiko Batzar Nagusietan gai hori adituakaz lantzeko sortu dan batzorde bereziaren gomendioak hartu dira kontuan.
Orain arauaren proiektua, Bizkaiko Batzar Nagusietako Ingurune Naturala eta Nekazaritza sustatzeko batzordean egingo dan eztabaidearen ostean, aldaketak sartzeko zabalik egongo da. Lehenengo balorazinoan, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldearen eretxiz, arauak “motz geratzeko arriskua dauka”, “Agintaritza publikoari uko egiten jakolako, merkaduaren kaltetan”. EH Bilduk lurzoruaren erabilerearen kontrolaren inguruko zalantzak agertu ditu, “aldaketa semantiko garrantzitsua” gertatu dan arren. Koalizino abertzaleak plangintzarako tresna bat aurkeztea eta basoen kontrola bermatzea eskatu dau, lurzoruen kalidadean eragina izango dauen higadurarik egon ez daiten. Bizkaiko Talde Popularrak eta Foru Gobernuari eusten deutsien talde biek –Euskal Abertzaleak eta Euskal Sozialistak– modu positiboan balorau dabe arauaren proiektuaren eukia.
HIRU GAIXOTASUN KUTSAKORREN ZAINKETEA INDARTZEA
Batzorde berean, Ingurune Natural eta Nekazaritzako foru diputatu andreak, Estaduan txarri izurrite afrikarraren, hegazti gripearen eta dermatosi nodular kutsakorraren lehenengo kasuak hauteman ziranetik Bizkaian hartu diran erabagien barri emon deutse Batzarretako taldeei.
Txarri izurrite afrikarrari, txarriengan eta basurdeengan eragina dauen gaixotasun biriko larriari, jagokonez, diputatuak baieztu dauenez, Bizkaia, gaur egun, eragin horretatik libre dago, 2024an eta 2025ean egindako basoko faunearen laginketetan izandako emaitza negatiboak ikusita. Halanda be, Katalunian fokuak agertu diranez, zaintza aktiboa indartu egin da, ehiza-koadrilek odol-laginak hartuz, bai eta zaintza pasiboa be, protokolo zorrotzak ezarriz herritarrek eta basoko beharginek aurkitzen dituen hildako animalien barri horreek manipulau barik emon daien. Ekintza horreek “lehentasunezkoak” dira, Bizkaiko txarri aziendea gehienbat aide zabalean hazten dalako, eta horrek basoko fauneagaz kontaktua izateko arriskua handitzen dau.
Hegazti gripeari jagokonez, Atutxak jakinarazo dauenez, Portugaleten kaio batean gaixotasun hori detektau izanak Gorlizko errekuperazino zentroko hegaztiak hiltea eta ondoko 13 udalerritan babes-eremua ezartea ekarri eban. Abeletxe komertzialetan ez da kasurik hauteman, eta diputatu andreak adierazo dau ez dagoala ados Ministerioak agindu dauen hegaztien derrigorrezko konfinamenduagaz, neurri horrek animalien ongizatea eta Bizkaian nagusi dan landako arrautzearen ereduaren produkzinoa modu larrian kaltetzen dituala esanez. Foru Aldundiak zainketa indartuagaz eta biosegurtasunerako protokoloakaz jarraitzearen aldeko apustua egin dau, eta nabarmendu dau hautemandako positibo gehienak Bilboko itsasadarraren ertzetako hegazti “ez migratzaileenak” dirala.
Amaitzeko, dermatosi nodular kutsakorrari jagokonez, Aldundia arreta handiz ari da Frantziako eta Kataluniako agerraldien bilakaerea jarraitzen. Gipuzkoan txertaketa prebentiboa hasteko baimena emon eta gero, Bizkaiko Foru Aldundiak eskaera formala egin deutso Ministerioari txertaketa hori Euskal Autonomia Erkidego osora zabaltzeko, abereak mendiko larreetara eroan aurretik babesteko. Diputatuak defendidu dauenez, beharrezkoa da A kategoriako gaixotasunen protokoloak Europako testuinguruan barrikustea, eta azpimarratu dauenez, txertaketea prebentzino neurri eraginkorrena dan arren, kaltetutako guneen ondoko udalerrietan zainketa handiagoa lantzen jarraitu behar da.