BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK SOFIA MENDIONDO ETA LUCAS RAMIREZ EHU-KO INCREARTE MASTERREKO IKASLEEN ERAKUSKETA BATERATUA INAUGURAU DABE

  • “Zuri zer bidali pentsatzen ari nintzen. Forma zure eskuetan uzten dut” izeneko erakusketea azaroaren 28ra arte egongo da Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko Erakusketa Aretoan (Hurtado de Amezaga kalea, 6 – Beheko solairua). Sarrera doakoa da.

 

(Bilbon, 2025eko azaroaren 6an). Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoak, Foru parlamentuak eta Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) Arte Eder Fakultadeak daukien akordioaren emaitzea dan erakusketa barria jasoko dau. “Zuri zer bidali pentsatzen ari nintzen. Forma zure eskuetan uzten dut”, Artearen Sorkuntza eta Ikerketa Masterreko (InCreArte) ikasle bik batera egindako lana da. Sofia Mendiondoren eta Lucas Ramirezen erakusketea zemendiaren 28ra arte egongo da zabalik, goizeko 08:00etatik 20:00ak arte, astelehenetik barikura. Sarrera doakoa da.

Sofiaren lanaren abiapuntua materialek eta objektuek euren egitekoa aldatu daikiela da. Babesten dauen kaputxea batzen dauen gainazal bihurtu daiteke. Bere lanetan, oihal iragazgaitzak, erretxinea, aparra eta igeltsua erabiltzen ditu esperimentetako. Material horreek apurtzeko edo iges egiteko zorian dagozala emoten dau beti. Bere prozesuak eskuzko lana eta idazketea buztartzen ditu, gorputzaren, espazioaren eta mobimenduaren arteko erlazinoa aztertzen daben eszenak sortuz.

Lucasek, barriz, marrazkiagaz egiten dau lan, ekintza fisiko eta emozional lez. Grafitoa eta ikatza erabilten ditu paper gainean, mobiduten, arnasten eta aldatzen diran lerroak sortzeko. Bere lanek inoiz forma hartzen ez dauen zeozertara gerturatzeko ahalegina islatzen dabe, lerroak berak bizitza propioa baleu lez. Prozesu horretan, artistea ikusten danaren eta sumatu baino egiten ez danaren arteko mugan jarten da, beti be kontrolaren eta trazuaren mobimendu librearen arteko orekeari eutsi guran.

Holan, erakusketak materiala dana eta sentikorra dana artatzeko modu biren arteko topaketea planteetan dau: Sofiarena, tolesturatik, bilgarritik eta eraikuntzatik; eta Lucasena, lerrotik, hutsetik eta bibrazinotik. “Artista biek materiaren eta berbearen arteko alkarrizketa artistiko hau arretaz begiratzera konbidatzen gaitue. Biren arteko joan-etorria da, sortze prozesuaren hauskortasuna eta orekea erakusten dauen materialen, gorputzen eta begiraden arteko alkarrizketea", laburtu dau Mahaiko beste kide batzuekaz batera artista gazteak babestera etorri dan Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak.

Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak gogora ekarri dauenez, erakusketea, Bizkaian trebatutako talentu gazteen beharra erakusteko Bizkaiko Batzar Nagusiek EHUko Arte Eder Fakultadeagaz orain dala hamar urte baino gehiagotik daukien akordioaren beste atal bat da. Horretarako, Batzar Nagusiek erdialdeko leku bat lagaten dabe, euren heziketa zikloa amaitzen daben unibersidadeko ikasleen sormena Bizkaiko ikusleengana errazago heldu daiten. Hitzarmen horren ondorioz, 2011tik urtero hiru erakusketa antolatzen dira graduondoko ikasketak unibersidade-zentroan amaitzen dituen ikasleakaz.