BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK GAUR HASI DITUE 2027KO LURRALDEKO AURREKONTU PROIEKTUA AZALTZEKO SAIOAK
- Itxaso Berrojalbiz Zabala Ogasun eta Finantzetako diputatu andreak hasi dau gaur goizean Ogasun eta Finantza Batzordeko bederatzi saioetatik lehenengoa, bere sailerako 169,1 milioi euroko gastua iragarriz, 2026an baino % 4,07 gehiago.
- Bizkaiko Batzar Nagusiek 11 milioi euroko aurrekontua izango dabe euren jarduera parlamentarioa gauzatzeko.
- Arratsaldean, Ainara Basurko Urkiri Ekonomia Sustatzeko diputatu andreak bere sailak 83,4 milioiko aurrekontua izango dauela azaldu dau.
(Bilbon, 2026ko zemendiaren 4an). Itxaso Berrojalbiz Zabala Ogasun eta Finantzetako diputatu andreak zabaldu ditu gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan, urriaren 30ean erregistrau zan Aurrekontuen arauzko proiektuaren arabera Foru gobernuak 2027an aurrera eroan gura dituan partidak, programak eta inbertsinoak azaltzeko informazino saioak.
12.110 milioi eurokoa izango dan Aldundiaren aurrekontu osotik 1.808 milioi sailek erabilgarri daben aurrekontuari jagokez, 2026an baino 90 milioi gehiago. Berrojalbizek 2027ko Kontuen izaera sozial nabarmena azpimarratu dau, Gizarte Ekintzako aurrekontuak bolumen handiena hartzen jarraitzen dauelako. Arlo horretara 814 milioi bideratuko dira, sail guztien guztizkoaren % 45a. Aurrekontuaren zati txiki bat Bizkaiko Batzar Nagusien jarduera parlamentarioari eusteko bideratuko da, erreserbau diran 11 milioi euroei esker.
Ogasun eta Finantzetako Sailari jagokonez, Berrojalbizek azaldu dau bere sailak 169,1 milioi euroko aurrekontua izango dauela, hau da, % 4,07ko igoerea. Beharginen gastuek aurrekontu horren % 54,42 hartuko dabe, hau da, 92,02 milioi, eta beste partida handiak informatika eta herritarrentzako komunikazino zerbitzuei jagokez. Sistema informatikoen mantentze-lanek, batez be Lantikek gauzatzen dauen Foru Informatika Planaren bidez, 46 milioiko gastua jasoten dabe Kontuetan, eta herritarrei arretea emotea helburu dauen Zugaztelek, 7,9 milioi euro.
Horrez gain, etxebizitzak eregitera bideratuko dan Loiuko partzela baten urbanizazino-gastuei erantzuteko 3 milioi euro baino apur bat gehiagoko partidea nabarmendu dau. Ogasun eta Finantzetako Sailaren aurrekontuak 937.000 euro be erreserbetan ditu Ekonomia Itunaren 150. urteurreneko ospakizun-ekitaldietarako.
Berrojalbizek Batzar Nagusietako taldeei jakinarazo deutsenez Aldundiaren kredituen betearazpen mailea “% 68,27koa” da irailaren 30ean. Ogasun eta Finantzetako diputatuak espero dau urte amaieran 2026an gauzatzeko aurreikusi diran kredituen “% 96 eta % 98 artean” betearaztea.
EKONOMIA SUSTATZEKO SAILA
Arratsaldean, Ainara Basurko Urkirik zuzentzen dauen sailaren txandea izan da. Ekonomia Sustatzeko Sailak 83,4 milioi euroko aurrekontua izango dau 2027an. Aurrekontua 2026an baino % 2,5 handiagoa izango da, eta ekintzailetza aurreratua, barrikuntzea, enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna, talentuaren garapena eta lurralde-orekea bultzatuko ditu.
Aurrekontuaren erdia baino gehiago –42,3 milioi euro– Enpresak Sustatzeko programara bideratuko da. Bertan, ekintzailetza aurreratua bultzatzeko 18,5 milioi euroko partidea, talentu kualifikatua bilatzeko eta horri eusteko 7 milioi eurokoa eta BECera urteko baliabideak emoten jarraitzeko 16 milioi eurokoa nabarmentzen dira.
Beste alde batetik, partida nagusien artean Barrikuntza arlora bideratutakoa nabarmentzen da: 30,8 milioi euro izango ditu, 2026an baino % 15 gehiago, industriaren eta zerbitzu aurreratuen lehiakortasuna bultzatzeko. Zenbateko horretatik, 24,1 milioi enpresentzako laguntza zuzenen programetara bideratuko dira, % 7,3 gehiago.