BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK GAUR HASI DITUE 2026KO LURRALDEKO AURREKONTU PROIEKTUA AZALTZEKO SAIOAK

  • Itxaso Berrojalbiz Zabala Ogasun eta Finantzetako diputatu andreak gaur eguerdian hasi dau bederatzi Ogasun eta Finantza batzordeetatik lehenengoa, bere sailerako 164,3 milioi euroko gastua iragarriz, % 3 gehiago.
     
  • Arratsaldean, Carlos Alzaga Sagastosoloa Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak bere sailak eukiko dituan 250,7 milioi euroen helburua zehaztu dau.

 

(Bilbon, 2025eko azaroaren 6an). Itxaso Berrojalbiz Zabala Ogasun eta Finantzetako diputatu andreak zabaldu ditu gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan, urriaren 31n erregistrau zan Aurrekontuen arauzko proiektuaren arabera Foru gobernuak 2026an aurrera eroan gura dituan partidak, programak eta inbertsinoak azaltzeko informazino saioak.

11.320,3 milioi eurokoa izango dan Aldundiaren aurrekontu osotik 1.716,2 milioi sailek erabilgarri daben aurrekontutik etorriko dira, zorraren jaulkipena eta amortizazinoak (250,8 milioi) eta Aldundi osoko beharginen gastuak (280,2 milioi) alde batera itxita. Berrojalbizek 2026ko Kontuen “izaera soziala” azpimarratu dau, Gizarte Ekintzako aurrekontua dalako gehien hazten jarraitzen dauena. Arlo horretara 767,2 milioi bideratuko dira, % 5,15 gehiago.

Ogasun eta Finantzetako Sailari jagokonez, Berrojalbizek 164,3 milioi euroko aurrekontua izango dau, hau da, % 3 gehiago. Beharginen gastuak Ogasun eta Finantzetako saileko aurrekontuaren % 56,67 dira, eta beste partida handiak informatika eta komunikazino zerbitzuei jagokez. Lantikek 44,5 milioiko gastua zenbatu dau Kontuetan, eta herritarrei arretea emotea helburu dauen Zugaztelek, 7,9 milioi euro.

 

AZPIEGITURETARAKO ETA LURRALDE GARAPENERAKO SAILA, AURREKONTU HANDIENA DAUEN BIGARRENA

Eguneko bigarren batzordean Carlos Alzaga Sagastosoloa Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak baieztu dauenez, bere sailak 250,7 milioi euro izango ditu datorren urterako bere politika publikoak gauzatzeko azpiegituretan eta lurralde antolamenduan, hau da, % 1,63ko igoerea izango dau. Aldundian aurrekontu handiena daukan bigarren saila da, Gizarte Ekintzaren atzetik bakarrik.

Laburbilduz, Aldundiko arduradunak azaldu dauenez, bere sailak aurrekontuaren erdia baino gehiago –140 milioi– lurraldeko errepideen kontserbazinoan eta segurtasunean gastauko dau. 2026ko mugarrien artean, Ogasun eta Finantza Batzordean egin dauen esku-hartzean, bizikleta-azpiegituretako inbertsinoa (53,5 milioi), itsasadarraren azpiko tunelaren eta Ermuko saihesbidearen lanen hasikerea (1. fasea Urtian) azpimarratu gura izan ditu. Enkarterrik, gitxienez, jarduketa bi izango ditu datorren urtean zehar: la Herrera-Malabrigo konexinoa eta Sopuertako biribilunea.