BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK XII. LEGEALDIKO OHIKO BATZORDEAK ERATU DITUE
- Ana Otadui Biteri Batzar Nagusietako Lehendakariak zuzendutako dozena bat bilkuratan, Bizkaiko Batzar Nagusiek 12 Ohiko Batzorde eratu eta organu horreetako Mahaiak aukeratu ditue.
- Batzordeetako buruak Euzko Abertzaleak edo Euskal Sozialistak taldeetako kideak izango dira. Lehendakariordetzak EH Bildurenak izango dira. Eta Idazkaritzak Foru Gobernua eusten daben talde bien artean banatuko dira.
(Bilbon, 2023ko garagarrilaren 20an). Ohiko Hamabi Batzordeek Bizkaiko herritarrentzat interesgarriak diran hainbat arlo landuko ditue Batzar Nagusien XII. Agintaldian. Aurreko legegintzaldiko kopuru bera da, eta horreen eskumenen barruan dagozan gaiak ia ez dira aldatzen azkeneko lau urteetakoen aldean. Horreen sorrerak eta eukiek joan dan garagarrilaren 5ean, Gernikan, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Elixabete Etxanobek, inbestidura ekitaldiko berbaldian iragarri eban foru sailen eskemari jarraitzen deutsie.
Foru Gobernuaren kontrolerako, osoko erabagiak prestetako eta Batzar Nagusietako ekimenen eztabaidarako organuak diran ohiko Batzordeetako bakotxak 15 kide izango ditu (zazpi, Euzko Abertzaleak taldekoak; lau, EH Bildukoak; bi, Euskal Sozialistak taldekoak; bat, Bizkaiko Talde Popularrekoa; eta beste bat, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaikoa). Joan dan legealdiagaz alderatuta, aldaketa bakarra, maiatzaren 28ko hauteskundeen emaitzak kontuan izanda koalizino abertzaleak lau ordezkari izango dituala da, hiru izan beharrean, batzordekide bat galdu dauen talde morearen kaltetan.
Gaur goizean ohiko hamabi Batzordeak sortu dira, eta horreetako bakotxaren Lehendakaritzea, Lehendakariordetzea eta Idazkaritzea aukeratu dira, Araudi eta Jaurbiderakoa izan ezik, Batzorde horren Mahaia, araubidez, bat datorrelako Bizkaiko Batzar Nagusien mahaiagaz. Holan, Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak zuzendu ditu hamabi saioak (bi ateak itxita egin dira, Araudiak berak adierazoten dauen moduan), eta banan-banan izentau ditu batzorde bakotxean parte hartzeko euren taldeek aukeratutako batzarkideak. Ostean, isilpeko bozketan, jagokezan mahaiak aukeratu dira.
Botoak zenbatu eta gero, emaitzak erakutsi dau Euzko Abertzaleak taldeak 9 batzordetako Lehendakaritzea eskuratuko dauela eta Euskal Sozialistak taldearen esku geratuko dala beste mahai hiruena. Jeltzaleen esku egongo dira Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordea (Jane Eyre Urkieta Susaeta izango da burua), Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Batzordea (Celia Gómez Devesa), Ogasun eta Finantza Batzordea (Mikel Bagan Urtiaga), Euskera, Kultura eta Kirol Batzordea (Gorka Beitia Zurinaga), Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Batzordea (Jesús Lekerikabeaskoa Arrillaga), Ekonomia Sustatzeko Batzordea (Garazi Díaz Insausti) eta Gizarte Ekintza Batzordea (Irene Edesa Gómez). Ganera, honeek izango dira organo iraunkor bien buru: Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako Batzordea (Asier López de la Fuente); eta Araudi eta Jaurbiderako Batzordea (Ana Otadui Biteri).
Euskal Sozialistak taldeak, bere aldetik, sozialisten esku dagozan foru sailakaz erlazionautako batzordeak zuzenduko ditu. Aurreko legegintzaldian jazo zan lez, Enplegua, Gizarte Kohesinoa eta Bardintasuna Sustatzeko Batzordeko (Begoña Gil Llanosek zuzenduko dau) eta Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko Batzordeko (Iñaki Jerónimo Moreno) lehendakaritzak lortu dabez. Batzarkidearen Estatutuaren Batzordearen buru be sozialista bat izango da (Juan Otermin Eraso).
Batzarkidearen Estatutuaren Batzordean izan ezik (boto 2 Juan Oterminen alde eta 3 boto zuri), bozketen emaitzak hiru koloreko Mahaiak ekarri ditu. 15 boto emon dira, eta horreetatik 9k Foru Aldundia eusten daben talde bietako batzarkideak aukeratu ditue. Horreetatik, seik euren ordezkariren baten aldeko apustua egin dabe Lehendakaritzea bilatzeko, eta beste hiruk beste hautagai baten aldekoa, holan Idazkaritzak lortzeko. Modu berean, EH Bilduko lau ordezkariek euren hautagaiei emon deutsee botoa, eta hori nahikoa izan da batzorde guztietako Lehendakariordetzak lortzeko. Beste talde biek –Bizkaiko Talde Popularrak eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak– boto zuria emon dabe.
Ohiko batzordeetako mahaiak eta eztabaida-arloak holan osotuta geratu dira:
I.- IRASKUNDE, GOBERNAMENTU ON ETA GARDENTASUNERAKO BATZORDEA
Lehendakaria: Jane Eyre Urkieta Zuzaeta
Lehendakariordea: Idoia Buruaga Barcena
Idazkaria: Begoña Gil Llanos
Langaiak:
- Ahaldun Nagusia.
- Ahaldun Nagusiaren Kabinetea.
- Administrazinoa, zerbitzuak eta funtzino publikoa.
- Udal hartu-emonak.
- Larrialdien kudeaketea.
- Administrazinoaren modernizazinoa.
- Gobernamentu ona eta gardentasuna.
- Lurraldearen administrazino antolaketea.
- Erakunde garapena.
II.- EKONOMIA SUSTATZEKO BATZORDEA
Lehendakaria: Garazi Díaz Insausti
Lehendakariordea: Iker Casanova Alonso
Idazkaria: Juan Otermin Eraso
Langaiak:
- Enpresen sustapena.
- Ikerketa eta teknologia-garapena.
III.- ENPLEGUA, GIZARTE KOHESINOA ETA BARDINTASUNA SUSTATZEKO BATZORDEA
Lehendakaria: Begoña Gil Llanos
Lehendakariordea: Exabier Arrieta Galarraga
Idazkaria: Celia Gómez Devesa
Langaiak:
- Enplegua.
- Gizarteratzea.
- Bardintasuna.
- Garapenerako lankidetza.
- Gazteria.
IV.- OGASUN ETA FINANTZA BATZORDEA
Lehendakaria: Mikel Bagan Urtiaga
Lehendakariordea: Arantzazu Sarasola Lartategi
Idazkaria: José Alberto Álvarez Castrejón
Langaiak:
- Aurrekontuak egitea eta onartzea.
- Aurrekontuaren kudeaketearen kontrola eta jarraipena.
- Aurrekontuaren eta Kontu Orokorraren likidazinoa.
- Ondare-araubidea eta -kudeaketea.
- Katastroa eta zerbitzuak.
- Zerga-araubidea eta -kudeaketea.
- Finantza-araubidea.
V- GIZARTE EKINTZA BATZORDEA
Lehendakaria: Irene Edesa Gómez
Lehendakariordea: Izaskun Duque Santacoloma
Idazkaria: Ana Berta Campo Prieto
Langaiak:
- Gizarte-administrazinoa eta -sustapena.
- Autonomia pertsonala.
- Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundea.
- Laguntzako neurrien hornidurarako Gaikuntza lnstitutua.
VI.- EUSKERA, KULTURA ETA KIROL BATZORDEA
Lehendakaria: Gorka Beitia Zurinaga
Lehendakariordea: Rakel Goñi Lacar
Idazkaria: Ana Berta Campo Prieto
Langaiak:
- Kultura-ondarea.
- Euskera.
- Kulturearen hedapena.
- Museoak eta liburutegiak.
- Kirola.
- Aisialdia eta astialdia.
VII.- AZPIEGITURETARAKO ETA LURRALDE GARAPENERAKO BATZORDEA
Lehendakaria: Jesús Lekerikabeaskoa Arrillaga
Lehendakariordea: Raúl Méndez Urigoitia
Idazkaria: Iñaki Jerónimo Moreno
Langaiak:
- Errepideak.
- Herri lanak.
- Lurraldearen garapena.
- Urigintza.
VIII.- GARRAIOAK, MUGIKORTASUNA ETA TURISMOA SUSTATZEKO BATZORDEA
Lehendakaria: Iñaki Jerónimo Moreno
Lehendakariordea: Raúl Méndez Urigoitia
Idazkaria: Unai Lerma Mentxaka
Langaiak:
- Garraioak.
- Mugikortasuna.
- Turismoa.
IX.- INGURUNE NATURALA ETA NEKAZARITZA SUSTATZEKO BATZORDEA
Lehendakaria: Celia Gómez Devesa
Lehendakariordea: Jon Arriola Espilla
Idazkaria: Amaia Rebollo Frías
Langaiak:
- Ingurumena.
- Nekazaritza.
- Abeltzaintza.
- Basoak.
- Landa azpiegiturak.
HIRU BATZORDE IRAUNKOR
Agintaldi honetarako beren beregi eratutako Ohiko Batzorde horreei gaur osotu diran eta Parlamentuaren Erregelamenduan aurreikusita dagozan beste hiru Batzorde Iraunkor gehitu behar jakez. Batzarkidearen Estatutuaren Batzordea, Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako Batzordea eta Araudi eta Jaurbiderako Batzordea dira.
X. BATZARKIDEAREN ESTATUAREN BATZORDEA
Bost ordezkari ditu, hau da, Batzar Nagusietako talde bakotxeko bat.
Lehendakaria: Juan Otermin Eraso
XI. ESKAERETARAKO ETA HERRITARRAKAZKO HARTU-EMONETARAKO BATZORDEA
Lehendakaria: Asier López de la Fuente
Lehendakariordea: Aitor López Vázquez
Idazkaria: Amaia Rebollo Frías
XII. ARAUDI ETA JAURBIDERAKO BATZORDEA.
Batzorde horretako Mahaia bat dator Batzar Nagusietako Mahaiagaz. Irailera arte Batzorde Iraunkor bihurtuko da, bilkuren arteko aldi horretan atzerapenik izan ezin daikien gaiei erantzuteko.