BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK BEDERATZI FORU ARAU ETA 355 KONTROL EKIMEN ONARTUTA ITXI DABE 2025EKO EKITALDIA

  • Urteko jarduera parlamentarioan 98 bilkura egin ziran Osokoen eta Batzordeen artean, eta 2026ko Aurrekontuei emondako argi berdea, zerga-barrikuspena, bizikleta-bideen araua edo eukaliptoaren moratoriaren luzapena nabarmendu dira.

 

(Bilbon, 2026ko urtarrilaren 12an). Bizkaiko Batzar Nagusiek Foru gobernuaren legegintza eta ikuskapen organo lez daben eginkizuna sendotuz bukatu dabe 2025. urtea. Azkenengo hamabi hilebeteetan, Bizkaiko Batzar Nagusiek etenbarik jardun dabe, eta horren ondorioz, 23 osoko eta 75 batzorde egin dira, guztira 98 bilera, Mahaiaren (47) edo Bozeroaleen Batzordearen (20) bilerak zenbatu barik.

Legegintza arloan, Batzar Nagusiek 9 testu arauemoile onartu ditue guztira. Erabagi esanguratsuenen artean, joan dan gabonilaren 29an, 2026rako Bizkaiko Lurralde Historikoko Aurrekontu Orokorrak onartu izana azpimarratu behar da, datorren ekitaldiko plangintza ekonomikorako funtsezko tresnea dalako. Horrez gain, Batzar Nagusiek argi berdea emon deutsee lurraldean eukaliptoak landatzeko moratoriaren luzapenari eta bizikleta bide foralen arau barriari.

Fiskalidadeak eta esparru ekonomikoak hartu dabe agenda parlamentarioaren zati nagusia. 2025ean, zerga-sistemearen barrikuspen fiskalerako neurriak onartu dira, eta Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren hainbat akordio berretsi dira. Ganera, nazinoarteko araudira egokitzeko zerga arloko figurak sartu dira, adibidez, talde multinazionaletan gitxieneko zerga-mailea bermatzeko zerga osogarria eta finantza-erakundeen interes-marjinaren ganeko kargea.

Kontrol lanari jagokonez, talde parlamentarioek jarduera bizia erakutsi dabe, Foru Aldundiaren kudeaketea fiskalizatzera zuzendutako 355 ekimen aurkeztu diralako. Lan hori, batez be, idatzizko 152 erantzun-eskeren, Aldundiko arduradunen 64 agerraldiren –38 taldeek eskatuta eta 26 Aldundiaren ekimenez– eta kontrolerako osokoetako 39 ahozko erantzun-eskeen bitartez bideratu da.

Laneko organoei jagokenez, Ogasun eta Finantza Batzordea izan da barriro be aktiboena, 26 saio eginda. Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako batzordea eta Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako batzordea be nabarmendu dira, 8 eta 7 saiogaz, hurrenez hurren. Batzorde berezien esparruan, basoen kudeaketea aztertzeko lan espezifikoa egin da.