BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK IKASTURTE POLITIKOAREN AZKENENGO OSOKOA EGIN DABE ABELLANEDAN
- Kontroleko saioak tokiko finantzaketea, garraioaren digitalizazinoa, egoitzetako eta hondartzetarako garraio publikoko zerbitzuen erantzuna bero boladen aurrean, industriako diru-laguntzen kudeaketea eta lurraldeko ingurune naturalaren eta ondare historikoaren babesa aztertu ditu.
(Abellanedan, 2026ko bagilaren 24an). Bizkaiko Batzar Nagusiak Sopuertan dagoan Abellanedako Batzar Etxera joan dira gaur goizean, ikasturte politiko honetako azkenengo osoko saioa egiteko. Enkarterriko udal ordezkariak bertan izan diran kontroleko jardunaldi parlamentario honetan, oposizinoko taldeek Foru Aldundiaren kudeaketea aztertu dabe, bederatzi ekimenen bitartez, Itaunen eta Ahozko erantzun-eskeen artean, udal-fiskalidadetik hasi eta larrialdi klimatikoei emon beharreko erantzuneraino. Osokoan, garraio publikoaren ordainketa sistemen modernizazinoaz, industriako azpiegituren kudeaketearen gardentasunaz, egoitzetako eta hondartzetarako garraio publiko zerbitzuek bero boladen aurrean emon beharreko erantzunaz eta Urdaibaiko ingurune naturala, Enkarterrietako meatzaritzako ondarea eta Meatzaldea babesteko preminaz eztabaidatu da, beste gai batzuen artean.
EH Bilduren ekimenei jagoken blokean, Aldundiak kontroleko bost ekimeni erantzun behar izan deutse. Lehenengo eta behin, Aitor Lopez Vazquez ordezko bozeroaleak Toki Ogasunei buruzko Foru Araua barrikusteaz arduratzen dan Udal Finantzaketarako Batzorde Mistoaren “jarduera ezari” buruzko itaunak egin deutsoz Foru gobernuari. Batzarkideak salatu dauenez, 2024ko maiatzaren 24an egindako bilerearen ostean batzordea ez da barriro deitu, eta aidean geratu da tokiko finantzaketearen ereduan ingurumen erespideak sartzea.
Gai horretan, Ager Izagirre Loroño Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak koalizino abertzaleko ordezkaria zuzendu dau, Batzorde Mistoaren seigarren bilerea, organu hori sortu zanetik, aurtengo zezeilaren 2an izan zala egiaztau dauelako, eta, bertan, hainbat erabagi hartu zirala, erakunde bakotxaren ekarpenen ehunekoak ezartea, adibidez. Akordio hori Eudelen esku dago, oneretxia emon deion. Aldundia Euskadiko udal guztiak ordezkatzen dituan erakundeak horren inguruko erabagia hartu arte zain dago lanakaz jarraitu ahal izateko.
Ondare historikoaren arloan, Rakel Goñi Lácar batzarkideak burdin karbonatoak kiskaltzeko labeen kontserbazinoari buruzko itaun bat planteau dau, “desagertzeko arrisku larrian” dagozalako. Bere esku-hartzean, Aldundiak labe horreen jaube pribatuakaz hitzarmenak ezartea edo Sopuerta, Ortuella edo Arrigorriaga lako udalerrietan baliabide turistiko eta kultural lez birgaitzeko eta balioa emoteko diru-laguntza linea bat sortzea balorau ete dauen galdetu dau.
Titulartasunari eta babesari jagokenez, Leixuri Arrizabalaga Arruza Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatuak adierazo dauenez, Aldundiak “ez dauka eskumenik kultur ondasunen babes ofizial eta legalerako”, ahalmen hori Eusko Jaurlaritzari edo Udalari berari jagokolako, bere udal katalogoaren bitartez. Modu berean, azpimarratu dauenez, indarrean dagoan araudiaren arabera, kultur ondasunen mantenimentua “euren jaubeei, eukitzaileei eta ganerako titularrei jagoke”. Daukan garrantziari jagokonez, diputatuak adierazo dauenez, txosten teknikoen arabera, labe horreek “toki mailako ondare balio kulturala” daukie, eta, beraz, “Udalei jagoke horreek jagotea eta balioan jartea”. Halanda be, bide instituzionala zabaldu dau, bere eskumenen barruan, ondare zerbitzua, ondare industrial horren babesa sustatzeko asmoagaz, “informazinoa partekatzeko, orientetako eta lankidetzarako egon daitekezan aukerak aztertzeko” prest dagoala adierazota.
Kudeaketa ekonomikoa izan da talde soberanistaren beste esku-hartzeetako baten gaia, Aitor Llano Lanaren eskutik, eta AIC Fundazinoari (Automotive Intelligence Center) 37 milioi euroko ezohiko dirulaguntza zuzena emon izana aitatu dau. Batzarkideak ACICAEgaz baimendutako azpikontratazino ereduei buruz galdetu dau, eta “autokontratazino” egoerea gertatu ete dan argitzeko eskatu dau. Horrez gain, indarrean dagoan kontratua 2026ko gabonilean bukatu ostean Aldundiak zentroa kudeatzeko lizitazino publikoa sustatzeko asmoa dauen ala ez jakiteko informazinoa eskatu dau.
Ainara Basurko Urkiri Ekonomia Sustatzeko diputatuak azaldu dauenez, AICren bosgarren faseari bultzadea emoteak 37 milioi euroko inbertsinoa eta azalera barriko 21.900 m² sortzea dakar. Adierazo dauenez, proiektu “estrategiko” hori ez da anpliazino hutsa, mobikortasun aurreratuko barrutiranzko eboluzinoa baino, enpresek teknologiak ingurune errealetan probau ahal izateko, eta ez bakarrik laborategi itxietan. Adierazo dauenez, fase honen ikuspegiak esparru estrategikoak hartzen ditu, besteak beste, ibilgailu elektrikoa, karga adimenduna, datuen kudeaketea, osogaiei eta bateriei aplikautako ekonomia zirkularra, eta baita mobikortasun bertikala be, droneak lako soluzinoakaz. Basurkok zehaztu dauenez, AIC Fundazinoari emondako zuzeneko diru-laguntzak eraikin barriaren diseinua, egikaritzea eta ekipamendua hartzen ditu, baita obrarako beharrezkoa dan finantziazino maileguari lotutako finantza gastuak be. Azkenik, baieztu dau ACICAEren azpikontratazinoa baimendu dala 5. fase hau definiduteko eta abian jarteko zeregin espezifikoetarako, eta proiektuak zuzenean erantzuten deutsela sektorearen beharrei bermatu da.
Mobikortasunari eta udako zerbitzuei jagokenez, Raul Méndez Urigoitiak Bizkaiko hondartzetarako garraio publikoa indartzeari buruzko erantzun-eske bat helarazo deutso osokoari. Batzarkideak adierazo dauenez, joan dan maiatzean erregistrau zan bero boladak gabeziak erakutsi ditu autobus zerbitzuak kostalderako daukan maiztasunean eta eukieran. Holan, Aldundiari eskaerea egin deutso, bere erantzuna garbiketa eta sorospen zerbitzuetara ez mugatzeko, baita garraio publikoaren bitartez denporaldi honetarako eta hurrengoetarako sarbide integrala eta kalidadekoa bermatzeko be.
Sonia Pérez Ezquerro Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko diputatuak erantzun dauenez, hondartzetara sartzeko Estaduko sare “zabalenetako” bat dauka Bizkaiak, bost eskualdetan eta 13 udalerritan dagozan 20 hareatzei estaldurea emonez, Metro Bilbaok, Euskotrenek eta Bizkaibusek eskaintzen daben sistema multimodalaren bitartez. Foru autobusen kasuan, zerbitzuak 15 linea espezifiko jasoten ditu, eta horreetatik hamar denporaldiko errefortzuak dira, bagilaren 1etik irailaren 30era bitartean. Azaldu dauenez, maiztasun horreek alde estrukturaletik handitzeko edo denporaldia aurreratzeko gaitasuna flotaren eta gidarien benetako erabilgarritasunak baldintzatzen dau, zerbitzua zabaltzea EHUko unibersidade-zerbitzuei atxikitako ibilgailuak pixkanaka libre geratzearen menpe dagoalako zuzenean. Horrez gain, adierazo dauenez, dispositiboaren balorazino orokorra positiboa dan arren, arratsaldeko azkenengo orduan “tentsino puntualak” identifiketan dira Urdaibaiko Laga, Laida eta Kanala eremuetan.
Beste puntu batean Aitor Llano Lanak hartu dau barriro berbea, Karrantza Haraneko ur-hornidurearen arazoa aztertzeko. Gogora ekarri dauenez, La Argañedako urmaela ez dago biltegiratzeko erabilgarri, eta udalerria La Cerrojako urmaelaren menpe geratu da muturreko beroa espero dan uda honetarako.
Oraingo honetan, Arantza Atutxa Lejarreta Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatu andreak autortu dau Karrantzako azpiegitura hidrikoek ez dituela hornidurarako beharrezko bermeak beteten, eta egoera hori larriagotu egin dala Argañedako urmaela erabiltezin itxi eban gertakariaren ostean. Azaldu dauenez, baltsa horren kalteak eta egonkortasuna aztertzeko hitzarmena amaitu ostean, foru erakundeak “bypass” proiektua bialdu deutso Udalari “aldi baterako” konponbide lez, eta uraren ziklo osorako behin betiko konponbideak bilatzeko beste akordio bat sinatu dau, araztegi ekologikoen azterlana barne. Horrez gain, zehaztu dauenez, Aldundiak konpromiso formala hartu dau, koordinetako eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergotik edateko ura eroateko larrialdia edo muturreko eskasia gertatzen danean, herritarren kontsumoa bermatzeko. Lankidetza horri azpiegitura barriak martxan egon arte eutsiko jako.
HERRITARRENTZAKO ARRETEA ETA GARRAIO PUBLIKOAREN DIGITALIZAZINOA
Bizkaiko Talde Popularraren aldetik, Raquel González Díez-Andino bozeroaleak Herri Administrazinoko sailari zuzendutako herritarren arreteari buruzko erantzun-eskea aurkeztu dau. Ordezkari popularrak salatu dauenez, sail batzuetan jasotako tratu “zakarrarengaitik” eta Aldundiko arduradunakaz bilerak egitea ezinezkoa izan dalako “haserre” agertu diran herritarren kexak jaso ditu. Horregaitik, jardunbide egokien protokoloak ezartea eskatu dau errespetuzko komunikazinoa, irisgarria eta neutrala bermatzeko.
Barriro be, Ager Izagirre Loroño Aldundiko arlo horretako arduradunak adierazo dauenez, tratu hori ez da ohikoa, baina modu puntualean gertau daiteke, PPko ordezkariak berak autortu dauen lez, arreta asko emoten diralako. 2025ean bakarrik 12,3 milioi alkarrekintza izan ziran herritarrakaz, Aldundiak dituan kanalen bitartez. Horreetatik 8,6 milioi Aldundiaren webgunearen bidez izan ziran; 3,3 milioi egoitza elektronikoen bidez; 1,7 milioi telefonoz; 370.000 modu presentzialean eta 250.000 sare sozialen bidez.
Zerbitzu publikoak hobetzeko ildo berean, Diego Pagadigorria Wicke talde horretako batzarkideak garraio sarearen digitalizazinoaren ganeko itaun bat defendidu dau. Batzarkideak kritikau dauenez, Bizkaiak, beste lurralde batzuekaz konparauta, “atzerapen nabarmena” dauka, “contactless” ordainketearen eta Barik birtual guztiz operatiboaren ezarpen orokorrik eza nabarmenduz. Bere esku-hartzean, Metro Bilbaoren eta Bizkaibusen erabiltzaileentzat denpora errealean datu fidagarriak emongo dituen azken belaunaldiko aplikazino mobikorrak gauzatzea eskatu dau.
Holan, Sonia Pérez Ezquerro Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko Saileko titularrak adierazo dauenez, martxan dagoan proiektu teknologiko nagusia Bizkaibusen ULS (Ustiapenari Laguntzeko Sistema), flota osoaren geolokalizazinoa, maiztasunak eta gorabeherak denpora errealean gainbegiratzea ahalbidetzen dauen eta aurton Bizkaiko Garraio Partzuergoagaz (BGP) batera lizitauko dan plataforma zentrala, osorik barriztetea da. Zehaztu dauenez, 2027rako irisgarritasun kognitibo eta funtzionaleko erespideen arabera sortutako Bizkaibusen aplikazino barri bat garatzen be badabiz. Beste jarduketa estrategiko bat Aginte Postu Bateratu bat sortzea izango da, operatibearen etenbako gainbegiraketa eta koordinazino egiturea ziurtatzeko. Bukatzeko, diputatu andreak azpimarratu dauenez, digitalizazino eta modernizazino teknologikoa “apurka-apurka” egiten da, eta flotaren deskarbonizazinoa eta eskaintzea zabaltzea lako beste lehentasun batzuekaz orekatu behar da, “beti be, aurrekontu-baliabideen arabera”.
BERO-BOLADAK ETA URDAIBAI
Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak persona zaurgarrien eta ingurumenaren babesean zentrau dau bere kontroleko beharra. Eneritz de Madariaga Martín talde horretako bozeroaleak persona nagusien egoitzak bero boladen aurrean prestetearen inguruko itaunak egin deutsaz Gizarte Ekintzako diputatuari. Babestu alkartearen txostenetan oinarrituta, klimaren krisiaren ondorioz gertakari horreek ohikoagoak eta muturrekoagoak izan dirala adierazo dau. Aurtengo maiatza eta bagila bitartean 53 persona hil dira Euskadin beroaren eraginez. Horreetako bat, 90 urtekoa, atzo hil zan egoitza baten.
Senideei eta hurrekoei doluminak emon ostean, Amaia Antxustegi Ziarda diputatuak adierazo dau Gizarte Ekintza Sailak zaintza eta prebentzinorako jarraibide “argiak” bialdu dituala egoitzen sare osora, erabiltzaileak 26 gradutik gorako gelatan ez egoteko jarraibidea azpimarratuz. Azaldu dauenez, egoitzetan bertan zehaztutako protokoloez eta Eusko Jaurlaritzaren Bero Planetik eratorritakoez gain, foru erakundeak neurri horreen jarraipena eta kontrola bermatzen dau Ikuskaritza Zerbitzuaren bitartez. Ildo horretan, adierazo dau bisita teknikoak egiten dirala termohigrometroak erabiliz erosotasun termikoa egiaztetako, eta, ez-beteteak antzemanez gero, berehalako neurri zuzentzaileak eskatzen dirala, horreen artean klimatizazino sistemak instaletea. Azkenik, azpimarratu dau ikuskaritzako beharginek bero-boladen kudeaketeari buruzko prestakuntza espezifikoa jaso dabela 2026an, ikuskapenetan egoitzei zuzeneko gomendio teknikoak emoteko.
Osokoa bukatzeko, Richar Vaquero Moreno batzarkideak Urdaibaiko Biosferaren Erreserbearen osotasun ekologikoari buruzko erantzun-eskea egin dau. Talde moreko ordezkaria arduratuta agertu da espazio enblematiko hori babesteko araudia aldatzeko orain denpora gitxi aurkeztu dan lege ekimena dala eta. Galdetu dau Foru Aldundiak zer jarduketa aurreikusi dituan egungo kontserbazino mailea jagoteko eta edozein arau aldaketak ekosistema parebako horretan atzerapausurik ez dauela ekarriko ziurtatzeko.
Gai horretan, Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatu andreak argitu dauenez, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren antolamenduaren ganeko arauzko eskumen nagusia Eusko Jaurlaritzarena da, baina Aldundiak bere eskumenei eusten deutse arlo sektorialetan, mendietan, nekazaritzan edo naturguneen kudeaketan, besteak beste. Azaldu dauenez, araudia aldatzeko zirriborroa aztertu ostean ondorioztatzen da horrek ez dauela alde formaletik murrizten babeserako araubide juridikoa, eremu sentikorretan kontrolau barik detektetan ziran aisialdiko erabilera nautikoak antolatu eta legeztatu gura dituala. Horri jagokonez, Arantza Atutxa Lejarretak zehaztu dauenez, arriskuak murrizteko eta ingurunea babesteko testuak ainguraleku barriak debeketea, motordun ontziak mugatzea eta bainetako guneak egokitzea aurreikusten dau. Adierazo dauenez, foru erakundeak azkenean Batzar Nagusietako eztabaidatik urtetan daben xedapenak aplikauko ditu, eta, aldi berean, eskualdean konserbazinorako, ingurumena lehengoratzeko eta landa garapenerako proiektuen finantzaketan laguntzen jarraituko dala azpimarratu dau.