TELEFONIA MOBIKORREKO INSTALAZINOEI UDAL TASAK KOBRETAKO ORDUAN ARAU ALDAKETA BAT KONTUAN HARTZEA ONARTU DABE BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK
- Osokoak aho batez onartu dau Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak planteau dauen eta operadore mobikorren “tratu pribilegiaua” ezabatzea eta finantziazinoa hobetzeko udalei segurtasun juridikoa emotea bilatzen dauen Foru Arauaren Proposamena.
- Bizkaiko parlamentuak Bizkaibus zerbitzuaren elektrifikazinoa bizkortzeko erdibideko zuzenketa-eskea be onetsi dau.
(Gernikan, 2026ko urtarrilaren 21ean). Bizkaiko Batzar Nagusiek ohiko beste osoko bat egin dabe gaur Gernikan, eta bertan hiru ekimen eztabaidatu ditue. Aztertutako lehenengo gaian, Bizkaiko Batzar Nagusiek aho batez onetsi dabe telefonia mobikorreko instalazinoakaitik udal tasak kobrau ahal izateko arau aldaketea planteetan dauen Foru Arauaren Proposamena kontuan hartzea. Ekimena Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiako Eneritz de Madariaga Martín batzarkideak defendidu dau, eta Batzar Nagusietako ganerako taldeen aldeko eretxia jaso dau. Enpresa horreek espazio publikoa erabilteagaitiko daukien salbuespena jasoten dauen Toki Ogasunei buruzko gabonilaren 16ko 9/2005 Foru Araua aldatzeko atea zabaltzen dau proposamena.
Kontuan hartzea onestea da proposamena Batzar Nagusietan izapidetzeko lehenengo pausoa. Testuak ibilpide instituzinonalagaz jarraitzea ahalbidetzen dau, geroagoko faseetan aztertzeko eta eztabaidetako. Hasierako babes horregaz, Batzar Nagusiek telefonia mobikorreko azpiegiturei lotutako udal finantzaketaren esparruan eragina izango leuken arauaren aldaketea aztertzeko prozesua zabaldu dabe.
Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiako ordezkariak, logika fiskalaren ikuspegitik “eusten gatxa dan salbuespena” zuzentzeko beharra azpimarratu dau. Aldaketa horri esker, udalek bide publikoetako lurzorua, zorupea eta hegalkina aprobetxeteagaitik kobrau ahal izango leukie, telefonia finkoagaz eta Interneteko zerbitzuakaz egiten dan lez.
Proposamenaren helburua kobrantza hori ordenantza fiskalen bidez arautzen saiatu diran udalerriek jasaten daben segurtasun juridikorik eza konpontzea be bada. Eneritz de Madariaga Martínek azaldu dauenez, erreforma horrek estaldura argia eta homogeneoa emoten deutse lurraldeko udalerri guztiei, Bilboko Udalak 2025eko bagilean lortutako akordioaren ildoari jarraituz.
Azkenik, neurri horrek udalen ahalmen ekonomikoa indartuko dauela nabarmendu da, herritarren zerbitzuen eskaria gero eta handiagoa dan testuinguruan. Ekimenak planteetan dauenez, gaitasun ekonomiko handia dauen eta bere jarduera pribadurako azpiegiturak espazio publikoan erabilten dituan sektoreak jagokon ekarpena egin behar deutse tokiko kutxei.
Toki Ogasunei buruzko foru arauan orain hainbat urtetik jasoten da telefonia finkoaren eta Interneteko zerbitzuen sektorean jarduten daben konpainiei zerbitzuak emoten deutseezan enpresen mesedetan udal bide publikoen lurzorua, zorupea edo hegalkina modu pribatiboan erabilteagaitik edo aprobetxamendu berezia egiteagaitik ordaindu beharreko tasea kobrauko jakela.
Halanda be, zerbitzuak emoten dituen enpresak izan arren, telefonia mobikorreko enpresek ez dabe ezelango tasarik ordaintzen Bizkaiko udalerri gehienetan espazio publikoaren erabilera pribatiboagaitik, baina espazio publikoetan dagozan zenbait instalazino eta ekipamendu erabilten ditue, “pribilegiozko” egoerea sortuz jagokon tasea ordaintzen daben zerbitzuen arloko gainontzeko enpresa hornitzaileen aldean.
BIZKAIBUSEN ELEKTRIFIKAZINOA OSOTZEA
Beste gai batean, Bizkaiko Batzar Nagusietako osokoak, lurraldean garraio publikoa modernizetako erdibideko zuzenketa-eskea be onetsi dau. Euzko Abertzaleak, EH Bildu eta Euskal Sozialistak taldeek batera defendidu eta adostu daben ekimenaren helburua Bizkaibusen zerbitzuaren elektrifikazinoa bizkortzea da.
Batzar Nagusietako talde guztien baiezkoagaz onetsi dan akordioak eskaerea egiten deutso Bizkaiko Foru Aldundiari, agindu espezifiko bi bete daizan: batetik, Aparkabisako instalazinoen elektrifikazinoaren bigarren fasea bizkortzea, 2027. urtea ezarriz proiektua gauzatzeko azken egun lez; eta, bestetik, garatu daitekezan kargako azpiegituren beren-beregiko azterketea egitea agintzea. Azterketa horrek kokapen estrategikoak identifikau eta zerbitzua emoteko egungo eta etorkizuneko eremuak kontuan hartu beharko ditu, arreta berezia jarriz eskualdeko nodo intermodal barrietan.
EH Bilduren aurretiazko mozinotik sortu dan proposamen hori onartuta, Batzar Nagusiek eskaria egiten deutsie Aldundiari, energia-trantsizinoagazko konpromisoa indartu daian, karga-puntuen hedapena Bizkaiko sare osoan autobus elektrikoen beharrizan operatiboei erantzuteko nahikoa izango dala ziurtatuz. Proposamena onartu daben Batzarretako hiru taldeek defendidu dabenez, Bizkaibusen deskarbonizazinoaren aldeko apustua egitea, tokiko eta Europako araudia betetea erraztea eta etorkizuneko kostu eta emisino kutsatzaileak murriztea da, besteak beste.
ELKARTEGIAK PROGRAMEA
Beste alde batetik, Osokoak ez dau onartu Aldundiak, Elkartegiak programearen bitartez, udal plangintzetan egitura sozioekonomikorako aukerako gune lez identifikau diran lurzoru industrialak eta jarduera ekonomikorako lurzoruak urigintza aldetik garatuz jarduera ekonomikorako foru espazio publiko barrien eskaintzea bultzatu daian EH Bilduk aurkeztu dauen mozinoa.
Ekimen horretan, programa horrek eskualde bakotxeko enpleoan eta garapen ekonomikoan urtero dauen eragina ebaluetako eskatzen jakon Aldundiari, baina ez da onartu, kontrako 30 boto (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak), aldeko 15 (EH Bildu eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia) eta 3 abstentzino (Bizkaiko Talde Popularra) jaso ditualako.