BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK ERREPIDEETAKO ETA BIZIKLETA-BIDEETAKO OBREN GANEKO TASEI BURUZKO FORU ARAU PROIEKTUA ONARTU DABE BATZORDEAN, ALDAKETA BATZUKAZ
- Foru gobernuari eusten deutsien taldeen eta Bizkaiko Talde Popularraren arteko akordioak hiru ataletan aldatzen dau Aldundiak aurkeztu dauen testua.
- Ogasun eta Finantza Batzordeak oposizinoaren beste 10 zuzenketa-eske baztertu ditu.
(Bilbon, 2026ko zemendiaren 3an). Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza Batzordeak Bizkaiko errepideen eta bizikleta-bideen foru-sareko obrak eta instalazinoak baimentzeagaitiko tasea apliketea erabagi dauen Foru Arau Proiektua onartu dau, aldaketa batzukaz.
Behin betiko onarpenerako osokora helduko dan erespenak Euzko Abertzaleen eta Euskal Sozialisten aldeko botoakaz eta oposizinoko taldeen abstentzinoagaz urten dau aurrera, Foru gobernuari eusten deutsien alderdien eta Bizkaiko Talde Popularraren arteko akordioaren emoitzea diran hiru aldaketa jasota.
EAJ, PSE-EE eta PP alderdien arteko adostasuna segurtasun juridiko handiagoa emoteko eta beharrezkoak ez diran izapideak edo kobrantzak ezabatzeko erdibideko zuzenketa-eske biren eta popularren zuzenketa-eske partikular bati emondako baiezkoaren bidez gauzatu da.
Adostutako erdibideko lehenengo zuzenketa-eskearen bidez jatorrizko testuaren 5. artikuluaren 2. eta 3. atalak kentzen dira. Talde biak bat etorri ziran kentze horrek ordainketea nork hartu behar dauen eta onuradun bat baino gehiago egon ezkero erantzukizunen araubidea zein izango dan zehazteari buruzko interpretazino-zalantza posibleak argitzen dituala esatean.
Adostutako erdibideko bigarren zuzenketa-eskeak 7. artikuluaren 2. atala kentzen dau, eskatzaileak jagokon baimen administratiboa lortu aurretik tasea ordaintzera behartuta egon behar ez izatearen erespidea partekatuz.
Horrez gain, EAJk eta PSE-EEk Alderdi Popularraren zuzenketa-eske bat (1873. zenbakiduna) babestu dabe arauaren eranskineko 12. tarifea kentzeko. Garraio bereziko baimenak Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoak diranez eta Aldundiak tasarik sortzen ez daben txosten teknikoak bakarrik emoten dituanez, kontzeptu horri eusteak nahasmena sortzen ebala eta ez eukala erabilgarritasunik erabagi da.
Indarrean sartzeko orain osokoak berretsi beharko dauen arau proiektuak 1990etik etorren zerga-esparrua aldatzen dau. Esparru horrek 12 tarifa mota ezarten ebazan, eta horrek zaildu egiten eban jarduketa askotarako tasa espezifikoak apliketea. Testu barriagaz sailkapena 19 jarduketa-taldera zabaldu da (bat ezabatu egin da gaur), eta beren beregi sartu dira aurreko araudian jaso ez ziran bizikleta-bideen babes-eremuak.
Kuota barriak jarduketa motearen, azpiegiturarako hurbiltasunaren eta bolumenaren edo kostuaren araberako garrantziaren arabera finkatu dira, guztiak be administrazino-izapideak egiteko denporea baldintzatzen daben faktoreak.