BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK EHUNGINTZEAREN SEKTOREAN EROSKETA PUBLIKO ARDURATSUA SUSTATZEA AZTERTU DABE KOLEKTIBO FEMINISTAKAZ ETA BEHARGIN SALVADORTARRAKAZ BATERA

  • Ana Otadui Biteri lehendakariaren gidaritzapean Batzar Nagusietako taldeetako ordezkariak parte hartu daben bilereak ehungintzearen industria deslokalizauaren lan-baldintzak eta kontratazino publiko jasangarriko neurrien bilaketea landu ditu.

 

(Bilbon, 2026ko urriaren 30ean). Bizkaiko Batzar Nagusiek lan-bilera bat hartu dabe Batzar Nagusietako talde parlamentarioetako ordezkarien –Ana Otadui Biteri lehendakaria buru zala– eta SETEM Hego Haizea Garapenerako GKEko ordezkaritzearen artean. El Salvadorreko Mujeres Transformando erakundeko behargin bi be bertan egon dira. Hitzorduak ehungintzearen industriaren eragin sozioekonomikoak eta ingurumenekoak ordezkari politikoei azaltzeko eta ehungintzeagaz erlazionautako Erosketa Publiko Arduratsuko neurriak bultzatzera bideratutako erakunde-lankidetza posibleak aztertzeko balio izan dau.

Topaketan zehar SETEM Hego Haizeako ordezkariek ekoizpen- eta kontsumo-eredu jasangarriagoak, bidezkoagoak eta arduratsuagoak perspektiba feministatik sustatzeko euren lana azaldu dabe. Horrez gain, Europako 17 herrialdetan presente dagon eta konfekzino globaleko beharginen lan-baldintzak hobetzeko behar egiten dauen nazinoarteko sarea dan Ropa Limpia Kanpainearen ekimenak zehaztu ditue. Beste alde batetik, Mujeres Transformando, El Salvadorren makilako beharginen eta etxeko brodatzaileen lan-eskubideen defentsan hamarkada bi baino gehiagoko ibilbidea dauen erakunde feministako kide bik, deslokalizautako ehungintzearen industrian izandako zuzeneko burruka-esperientziak partekatu ditue.

Erakundeek ehungintza-sistema globalizauaren bidebakokeriak agerian jartearen eta bidezko kontsumoaren alternatibak sustatzearen preminea planteau dabe. Ildo horretan, Bizkaiko erakundeetan ehungintzearen arloan Erosketa Publiko Arduratsua ezarteko konpromisoak artikuletea proponidu dabe, Bartzelonako, Badalonako eta Donostiako Udalak edo Valentziako Diputazinoa lako beste administrazinoetan lehenago gauzatu diran ekintzak erreferentzia lez hartuta.