BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK ERREPIDEETAKO ETA BIZIKLETA BIDEETAKO OBREN GANEKO TASEI BURUZKO FORU ARAU PROIEKTUAREN EZTABAIDEA ZABALDU DABE
- Aldundiak agerraldia egin dau Ogasun eta Finantza Batzordean, azkenengo urteotan onartutako errepideetako eta bizikleta bideetako arauetara egindako egokitzapen fiskalaren barri emoteko Batzar Nagusietako taldeei.
(Bilbon, 2026ko irailaren 17an). Bizkaiko Foru Aldundiak agerraldia egin dau Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza Batzordean, Bizkaiko foru-errepideen eta bizikleta bideen sareko obra eta instalazino-baimenen ganeko Tasearen aplikazinoa erabagiten dauen Foru Arau proiektuaren gakoak azaltzeko. Carlos Alzaga Sagastasoloa Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak gaur emondako azalpena izan da foru arau proiektuaren ohiko izapidetza parlamentarioa hasteko abiapuntua.
Azalpeneko saioan zehar, diputatuak 1990etik etorren zerga-esparrua egokitzeko preminea azpimarratu dau, azkenengo urteotan onartutako errepideetako foru arau barrietara (2/2011 eta 5/2021 Foru Arauak) eta bizikleta bideetako foru arau barrietara (10/2014 eta 1/2025 Foru Arauak) egokitzeko. Azaldu dauenez, aurreko araudiak “12 tarifa mota baino ez zituan ezarten, eta horrek zaildu egiten eban jarduketa askotarako tasa espezifikoak apliketea, epigrafe generikoetara jotera behartuz”. Testu barriagaz, sailkapena 20 jarduketa taldetara zabaldu da, eta modu esplizituan gehitu ditu aurreko araudian jasota ez egozan bizikleta bideen babes eremuak.
Horrez gain, Alzaga Sagastasoloak zehaztu dau kuota barriak “jarduketa motearen, azpiegiturarako hurbiltasunaren eta bolumen edo kostuaren araberako garrantziaren arabera” finkatu dirala, izapidetza administratiboaren denporea baldintzatzen daben faktoreak, hain zuzen be. Batzar Nagusietako taldeen aurrean egindako esku-hartzean foru arduradunak azpimarratu dauenez “tasen igoera metatua KPIaren bilakaerea baino txikiagoa izan da, eta ezarritako zenbatekoa Administrazinoari baimena emoteak dakartson gitxieneko benetako kostua baino txikiagoa da”.
Bigarren esku-hartze txandan, diputatuak konpromisoa hartu dau Batzar Nagusietako taldeek aurkeztuko dituen aldaketa eta hobari proposamenak zorroztasunez aztertzeko. Horrez gain, adierazo dau Ogasun eta Finantza Sailagaz kontsultauko dauela likidazinoa hainbat subjektu pasiboren artean banatzeko bideragarritasun teknikoa, eta Batzar Nagusiek beharrezkotzat joten badabe, Aldundiak benetako eragin ekonomikoari buruzko txostena eta tasa horrek metatutako diru-sarreren laburpena egingo dituala.
Agerraldiaren ostean, prozedureak Batzar Nagusietan jarraituko dau, eta bertan zabalik egongo dira, bai zuzenketa-eskeak aurkezteko epea, bai herritarren alegazinoak aurkezteko epea. Batzordean jagokon eztabaidea egin ostean, testua osokoak berretsi beharko dau indarrean sartu ahal izateko.