BATZAR NAGUSIEK MULTINAZIONALEN GITXIENEKO ZERGEAREN ETA INTERESEN ETA BANKUKO KOMISINOEN GANEKO ZERGEAREN ARTIKULUAK ONARTU DITUE BATZORDEAN

  • Aldundiak aurkeztutako arauzko proiektu bien erespenak abenduko ohiko osokoan berretsiko dira, Ogasun eta Finantza Batzordean gaur onartu ostean, aldaketa batzuk, gehienak teknikoak, eginda.


(Bilbon, 2025eko azaroaren 27an). Bizkaiko Batzar Nagusiek beste pausu bat emon dabe urtea bukatu baino lehen zerga barri biren arauzko testuak onartzeko: enpresa eta multinazional handientzako zerga osogarria eta interesak eta komisinoak kobreteagaitik banketxe jakin batzuek ordaindu beharreko zergea. Batzar Nagusietako taldeek arauzko proiektu biei aurkeztutako 60 zuzenketa-eske baino gehiago eztabaidatu eta bozkatu dira gaur Ogasun eta Finantza Batzordean. 

Lehenengo eta behin, Bizkaiko Batzar Nagusiek, Finantza Erakundeen Interesen eta Komisinoen Marjinaren ganeko Zergeari buruzko Foru Arau proiektuaren eztabaidea itxi dabe gaur batzordean. Bertan, kreditu-erakundeek, kredituko finantza-establezimenduek eta Espainian ezarritako atzerriko kreditu-erakundeen sukurtsalek izandako interesen eta komisinoen marjina zergapetzen dauen zuzeneko zergea sortzen da (IMIC izenekoa). Karga-eskalea % 1 eta % 7 artekoa da, murrizketa eta kenkari jakin batzuk aplikau eta gero.

Foru Arau proiektu honek Soziedadeen ganeko Zergeari, Ez Egoiliarren Errentearen ganeko Zergeari eta Balio Erantsiaren ganeko Zergeari jagokezan Ekonomia Itunaren aldaketak jasoten ditu, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren 2024ko zemendiaren 13ko Lehenengo Akordioan jasotakoak, hain zuzen be. Ganera, testuak joan dan jorrailean onartutako zerga-barrikuspenaren aldaketa teknikoak gehitzen ditu.

Ogasun eta Finantza Batzordean gaur egin dan eztabaidea, urrian Aldundiak erregistrautako arauzko proiektuari Batzar Nagusietako taldeek aurkeztu deutsiezan 16 zuzenketa-eskeak eztabaidatzean zentrau da. Zazpi zuzenketa-eske Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiarenak izan dira; bi, Bizkaiko Talde Popularrarenak; lau, EH Bildurenak; eta hiru Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek batera defendidutakoak.

Batzordeak 6 zuzenketa-eske onetsi ditu azkenean. Horreetatik hiru Foru gobernuari eusten deutsien taldeek aurkeztutakoak izan dira, bi oposizinoagaz erdibidean adostutakoak eta bat Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiarena. Aldaketa horreetako bat Batzar Nagusietako lau taldek adostu dabe (Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia, EH Bildu, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak), eta finantza bazterkeria jasoteko arriskuan dagozan udalerrietan (1.100 biztanle baino gitxiago dituen herrietan) banketxeak instaletan dauen kutxazain automatiko barri bakotxeko 600 euroko kenkaria jasoko dau. Kenkari hori helburu bererako edozein dirulaguntza publikogaz bateratuezina izango da.

Zuzenketa-eskerik aurkeztu ez dituen artikuluek Batzar Nagusietako talde guztien aldeko botoa jaso dabe, abstenidu egin dan Bizkaiko Talde Popularrarena izan ezik. 


“2. ZUTABEAREN” EZTABAIDEA 

Talde multinazional eta nazional handiei gitxieneko % 15eko tributazinoa bermatzeko “2. zutabea” izeneko proiektuak Batzar Nagusietako bost taldeen aldeko botoa jaso dau. 47 zuzenketa-eske partzialegaz heldu da batzordera (9, Elkarrekin Bizkaiarenak; 13, Bizkaiko Talde Popularrarenak; 7, EH Bildurenak; eta 18, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeenak). 

Foru Arau horren helburu nagusia Bizkaian talde multinazionalentzako gitxieneko zerga-maila orokor hori bermatzeko zerga osogarria arautzea da. Foru arauak 2022ko abenduaren 15eko Europako 2022/2523 Zuzentarauaren transposizinoa egiten dau, eta nazinoarteko edo nazinoko talde bateko kide diran eta gitxieneko % 15eko kargea jasan ez daben erakundeek lortutako errentei apliketako gitxieneko kargea jasoten dau, ehuneko hori bete arte. 

Zerga Osogarria arautzeaz gain, Foru Arau Proiektuak aldaketak sartzen ditu Soziedadeen ganeko Zergan eta Persona Fisikoen Errentearen ganeko Zergan (PFEZ). Hain zuzen be, atal horretan heldu dira oposizinoaren desadostasun handienak, batez be Elkarrekin Bizkaiarena eta EH Bildurena, Soziedadeen Zergan enpresen kenkari barriak sartzearen kontra agertu dira-eta. Elkarrekin Bizkaia taldeko bozeroaleak esan dauenez, aldaketa horreek zerga horren “heriotza partearen aurrean egotea “ dakarre. Eta EH Bilduk, Foru Arauan jasotakoa “ez apliketako aldi baterako tartea emoten daben” xedapen iragankorrak kentzera zuzendutako zuzenketa-eskeak defendidu ditu.

Azkenik, foru arauaren proiektu honek jeltzaleek eta sozialistek proponidutako aldaketak jasoko ditu, zuzenketa “teknikoak” eta “nazinoartean hartutako arauakaz bat egiteko” puntuak gehituta.