BATZAR NAGUSIEK EGUEN HONETAN ZABALDUKO DABE 2027KO BIZKAIKO AURREKONTUEI ZUZENKETA-ESKEAK AURKEZTEKO EPEA, KONTUEN AZALPENA GAUR AMAITU ETA GERO

  • Gizarte Ekintza Sailak, Euskera, Kultura eta Kirol Sailak eta Herri Administrazino eta Erakunde Harremanetarako Sailak bukatu ditue gaur 2027ko foru aurrekontuak azaltzeko saioak Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza Batzordean.
     
  • Eguazten honetan amaituko da herritarrek alegazinoak aurkezteko epea.

 

(Bilbon, 2026ko zemendiaren 9an). 2027ko Bizkaiko Aurrekontuen proiektuak etapak erretzen jarraituko dau aste honetan, eguaztenean herritarren alegazinoak aurkezteko epea itxita eta hurrengo egunean Batzar Nagusietako taldeek zuzenketa-eskeak aurkezteko epea zabalduta. Izapide horreek gaur aktibauko dira Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza batzordean, Amaia Antxustegi Ziarda Gizarte Ekintza Saileko eta Leixuri Arrizabalaga Arruza Euskera, Kultura eta Kirol Saileko diputatu andreen eta Ager Izagirre Loroño Herri Administrazino eta Erakunde Harremanetarako diputatu jaunaren agerraldiakaz Foru Arau Proiektua aletzeko informazino saioak amaitu ostean.

Beste urte batez, Gizarte Ekintza Sailak alde handiz hartuko dau Aldundiaren gastu bolumen handiena, erabilgarri dagonaren % 45a. Amaia Antxustegi Ziarda Gizarte Ekintzako foru diputatuak, eguneko lehenengo batzordean, bere sailak datorren urtean 813,9 milioi euro izango dituala baieztu dau (beharginen gastuak kontuan hartu barik) “zaintzara, babesera, prestazinoetara eta autonomiara baliabide gehiago” bideratzeko. % 6,1eko igoerea da 2026ko aurrekontuagaz alderatuta, eta % 30 gehiago 2023koagaz alderatuta.

Antxustegik zuzendaritzaka, programaka eta mendeko erakundeka zehatu ditu kontuak. Magnitude nagusien artean, GUFErentzat erreserbautako 175 milioiak azpimarratu ditu hasteko, erdia baino apur bat gehiago (89 milioi) beharginen gastuak estaltzera bideratuko da, 887 profesional, hain zuzen be.

Inbertsino-bolumen handieneko programen artean honeek nabarmentzen dira: mendekotasun egoeran dagozan personei arretea emotea (275,67 milioi euro), egoitza-plazen finantzazinoa (145,36 milioi euro), desgaitasuna daben personentzako programea (122,63 milioi euro) eta Etxeko Arretako programea (117,10 milioi euro). Bolumenari jagokonez, aurrekoen ostean familia-inguruneko zainketetarako prestazino ekonomikorako partidak (81 milioi euro) eta Kontribuzinokoak ez diran pentsinoak (70,59 milioi euro) dagoz.

Ehunekotan, Balorazino eta Orientazinoko programea haziko da gehien Gizarte Ekintzako Sailean (2026an baino % 11,73 gehiago), 2027an 14,43 milioi euro izango ditu-eta. Beste alde batetik, Umeen programeak 14,67 milioi euro izango ditu. Beste 5,37 milioi euro babesbakotasun-egoeretako familia-esku-hartze espezializaura bideratuko dira. Eta arreta goiztiarrak 5,77 milioi euro izango ditu.

 

73 MILIOI EURO BAINO GEHIAGO EUSKERA, KULTURA ETA KIROLEKO FORU ARLORAKO

Leixuri Arrizabalaga Arruza Euskera, Kultura eta Kiroleko foru diputatuak eguerdian jarraitu dau Batzar Nagusietan 2027ko Bizkaiko Aurrekontuen azalpenagaz. Bere sailari jagokonez, 73,1 milioi euro izango ditu guztira bere eskumen-eremuko programei diruz erantzuteko, hau da, % 3,86 gehiago. Erronkea ez da baliabide ekonomiko gehiago eukitea bakarrik, baita “aukera-bardintasuna bermatzea, euskeraren erabilerea sustatzea, kultur sorkuntzea dinamizetea eta kirola egitea herritar guztiei zabaltzea” be, nabarmendu dau foru arduradunak.

Euskerearen suspertzea lurraldean, kultur adierazpen desbardinen sustapena eta kirolaren bultzadea bizitzako etapa guztietan holan banatuko dira arloaren barruan: 8,9 milioi euro euskerearen normalizazinorako; 47,4 milioi kultura eta ondarerako; eta 11,5 milioi kirola sustatzeko. Gainerakoa (5.140.600 euro) saileko zerbitzu orokorretara zuzenduko da.

Bere agerraldian, Arrizabalagak 2027ko ekitaldirako aurreikusi diran hainbat partida, ekimen espezifiko eta proiektu berezi zehaztu ditu. Euskera arloan, Xabier Amuriza Zarraonaindiaren irudiari aitorpena eta omenaldia egiteko ikus-entzunezko baten ekoizpena eta atzerriko jatorriko personentzako hizkuntza plan barria sartzen dira. Horrez gain, 2027an Kirol Zuzendaritzaren etorkizuneko oinarriak, lehentasunak eta lan-ildoak finkatuko dituan “Bizkaia Kirolur” partaidetza prozesuaren ondoriozko behin betiko dokumentua aurkeztuko da. Eta kultura arloan, 150.000 euroko partida espezifikoa egongo da Gernikako bonbardaketearen 90. urteurrena gogora ekarteko ikuskizun handi baterako; diru gehiago ondarea berreskuratzeko Erain (Itsasmuseum Bilbao) eta Ortube (Bermeo) proiektuetarako; eta sortzaileentzako bekak “nabarmen” igongo dira.

 

IA 100 MILIOI EURO HERRI ADMINISTRAZINO ETA ERAKUNDE HARREMANETARAKO SAILERAKO

Ager Izagirre Loroño Herri Administrazino eta Erakunde Harremanetarako diputatuak bukatu ditu arratsaldean 2027ko Bizkaiko Aurrekontuak azaltzeko saioak. Proiektuaren arabera, bere sailerako 98,8 milioi euro aurreikusten dira, hau da, aurreko ekitaldian baino % 10,42 gehiago.

Foru arduradunak Aldundiak enpleo publikoaren arloan egin dauen ahalegin handia azaldu gura izan dau. Foru erakundearen I. Kapituluak 284 milioi euro esleitzen ditu beharginen gastuetarako, eta horren barruan sartzen da belaunaldien arteko erreleborako 100 plazako Enpleo Publikoaren Eskaintzea deitzea.

Ganera, sail horren aurrekontuak beste partida txiki batzuk hartzen ditu: 3,7 milioi Batzar Nagusietarako hauteskundeak antolatzeko edo Getxoko eta Bilboko Gertu bulego barrien obretarako erreserbak. Horrez gain, 9,7 milioi inbertiduko dira Foru Informatika Planean eta 5 milioi Suhiltzaile Parkeen Programan, Urioste parkeko garaje barriaren obrak eta klimatizazinoa amaitzeko partidak barne.

Mobikortasunean eta modernizazinoan, 3,1 milioi azpimarratu behar dira Garraio Azpiegituren programarako, 4. lineako proiektuaren finantzazinoaren eta Metro Bilbao 2.0 modernizazino planaren artean banatuta. Modu berean, Digitalizazino eta Herritarren Arretako arloak 42,8 milioi euro bilduko ditu, eta horren artean Lantikentzako 19,4 milioi nabarmendu behar dira. Sailak igoera nabarmena aurreikusten dau zibersegurtasunean –7,2 milioiraino– sistemak blindetako eta Europako NIS2 zuzentaraua beteteko. BiscayTIK soziedaderako, barriz, 9 milioiko aurrekontua aurreikusten da.

Bukatzeko, Izagirrek Aldundiak udalei emoten deutsen babes historikoa azpimarratu dau. Udalen finantzazinoa 1.337 milioi eurora helduko da 2027an Udalkutxaren, Gizartekutxaren eta Mendekotasun Legeagaz lotutako baliabideen bidez. Zenbateko horri, 2026ko likidazino positiboari esker 10,3 milioi euroko aldeko saldoa itxiko dauen ekarpen gehigarri bat gehituko jako, Bizkaiko udalerrietako inbertsinoa eta zerbitzuak zuzenean indartzeko.