BIZKAIKO EMAKUME HAUTETSIEN VIII. BATZARRAK FAMILIA, LANA ETA BIZITZA PERSONALAREN “BATERATZE ERANTZUNKIDEA” ALDARRIKATU DAU
- Martiaren 8a dala-ta Bizkaiko Batzar Nagusiek eta EUDELek antolatu daben eta Gernikako Batzar Etxean gaur egin dan ezohiko batzarrak Bilboko San Luis ikastetxearen lana autortu dau, bateratze-neurriak ezarteko jardunbide egokiakaitik.
- Urtero egiten dan ekitaldi horretan, euskal alderdi politiko guztietako andrazko alkate, zinegotzi, batzarkide, diputadu, kongresuko kide, senatari, europarlamentari eta liderrak egon dira. Lurraldeko hautetsiek EUDELen Adierazpen Instituzionala irakurri dabe, Bizkaiko Batzar Nagusiek be sinatu dabena.
(Gernikan, 2024ko martiaren 1ean). Gernikako Batzar Etxeak hartu dau, barriro be, orain dala ia hamarkada batetik hona genero-bardintasunaren alde lurraldean egiten dan borrokea irudikatzen dauen ekitaldia, arlo horretan nabarmendu diran andra edo entitadeen lanari errekonozimentua emoten deutsena. Bizkaiko Emakume Hautetsien Ezohiko Batzarra zortzigarrenez alkartu da foru-urian, M-8a dala-ta, Bizkaiko Batzar Nagusiek sinatutako EUDELen Adierazpen Instituzionala irakurteko. Aldi berean, Bilboko San Luis LHko ikastetxeak Kontzilia proiektuaren barruan bere beharginentzako bateratze-neurriak ezarteko egindako lana autortu da.
Errekonozimentu-ekitaldia beste aldi batzuetako liturgia beragaz egin da. Bizkaiko Legebiltzarrak eta Euskadiko Udalen Elkarteak (EUDEL) antolatutako batzar hau Gernikako Arbolaren ondoan hasi da, gizonen eta andrazkoen arteko bardintasunean aurrera egiteko jai eta aldarrikapen giroan. Beti Jai Alai taldeko andrazko dantzariek, antzinako erara jantzita, Lekeitioko Andrazkoen Aurreskua dantzatu dabe. Ondoren, Ana Otadui Biteri Bizkaiko Legebiltzarreko lehendakaria, Elixabete Etxanobe Landajuela Bizkaiko ahaldun nagusia, Legebiltzarreko Mahaiko kideak, Esther Apraiz Fernández la Peña EUDELeko alkarteburua, Miren Elgarresta Larrabide Emakundeko zuzendaria, eta emakume omendu eta berbalariak sartu dira hemizikloan, askatasuna eta bardintasuna irudikatzen dabezen oroimenezko zapiakaz batuta. Batzarretarako dei tradizionala adarragaz eginez hasi da bilkura berezia, Gernikako Batzar Etxeko osoko bilkuren aretoan.
Hemizikloa Bizkaiko herritarrek aukeratutako andrazkoz beteta egoala, Foru Kamarako lehendakaria bertaratutakoei zuzendu jake, ezohiko batzarra hasteko, Andrazkoen Nazinoarteko Eguna baino astebete lehenago. Otaduik nabarmendu dauen lez, gaurko eguna “ezinbesteko” hitzordua da, Bizkaiko andrentzat batez be, zeinean “ahotsa altxaten dogun bardintasunezko gizarte baten alde borrokatzeko eta bardintasun eraginkorra eskatzeko esparru guztietan”.
Bizkaiko bost udalerritako emakume hautetsi banak, joera politiko guztiak ordezkatuz (Karmele Tubilla Artetxe, Santurtziko alkatea EAJ-PNVtik; Ima Garrastatxu Urbaneja, Durangoko zinegotzia EH Bildutik; María José Blanco Gavieiro, Portugaleteko alkateordea PSE-EEtik; Natalia Aranduy Zuazagoitia, Getxoko zinegotzia PPtik; eta Alba Gutiérrez Gómez, Zornotzako zinegotzia Elkarrekin Podemosetik), EUDELek idatzitako Martiaren 8ko Adierazpen Instituzionala irakurri dabe (ikusi erantsitako dokumentua). Batzar Nagusiek be sinatu daben Adierazpen horrek andrazkoak historikoki ahaztu izanaren erreparazinoan ipini dau arretea aurten, adinekoengandik hasita. Udal bakotxaren aukerea eta ardurea da “emakume-belaunaldien historia berreskuratzea eta andrazkoek eta borroka feministek udalerrietako bizimoduari egindako ekarpenaren balioa autortea, gaur egungo adineko andren belaunalditik hasita”.
MARENEN “GERNIKAKO ARBOLA”, SAN LUIS IKASTETXEARI ERREKONOZIMENTUA ETA TANIA LLASERAREN HAUSNARKETAK KONTZILIAZINOARI BURUZ
Ostean, Maren abeslari bizkaitarrak hartu dau berbea, eta bere belaunaldiarentzat “bateratze erantzunkideak”, aurtengo topaketearen leit motiv-ak, zer esan gura dauen azaldu dau, gazte-ikuspegiagaz. Gernikako artista gazteak emon deutso amaierea ekitaldiari, Gernikako Arbola kantatuz Batzar Etxean bertan ikusgai dagoan Iparragire bardoaren gitarra historiko eta barrituagaz. Lehenago, Batzarrak saioaren zati bat gorde dau Tania Llasera Alberdi bilbotar komunikatzaile eta aktoreak berba egin daian berarentzat bateratze erantzunkideak daukan esangureari buruz, jarduera profesional bizia daukan emakumea eta ama dan ezkero.
Edizino honetan, Andrazkoen Batzarrak San Luis ikastetxeari egin deutso autortza, gizarte bardinzaleagoa lortzeko egindako ekarpenagaitik. Leire Ovejerok, Bilboko LHko ikastetxe horretako Bardintasun eta Kontziliazino Planaren arduradunak, jaso dau saria (Francisco de Mendietaren Eskumuinak koadroaren erreprodukzino bat; koadro hori osoko bilkuren aretoko leku nabarmenean dago eta andreen balioa azpimarratzen dau), eta familia eta lana bateragarri egitearen alde ikastetxeko zuzendaritzak bere langileen artean martxan jarri dituan eta lan-giroa hobetzeko balio izan daben ekimenak azaldu ditu. Kontzilia Komunidadeko talde eragileko kideetako bat da Ovejero. Izen horregaz alkartu dira familia, lana eta bizitza personala bateragarri egiteko konpromisoa hartu daben enpresa batzuk, Eusko Jaurlaritzak babestuta.
Batzarra amaitutakoan, Gernikako Arbolaren alboan erretratua egin dabe konbidau guztiek, erakundeetako arduradunakaz, alkateakaz, zinegotziakaz, batzarkideakaz, eusko legebiltzarkideakaz, kongresuko kideakaz, senatariakaz, europarlamentarioakaz eta lurraldeko politikariakaz batera. Guztiek oihu egin dabe, andrazko-ahotsagaz, kontziliazino erantzunkidea aldarrikatzeko, etxearen eta familiaren jagoletzari jagokonez andren eta gizonen erantzunkidetasuna lortu guran, eta, era berean, alor horretan erakundeen eta enpresen erantzukizun soziala eskatuz.