BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAKO LEHENDAKARIAK KUBAKO ENBAXADOREA HARTU DAU GERNIKAN

  • Euskadin zehar egiten ari dan bisitan, Marcelino Medina Gonzálezek Gernikako Arbolaren historia eta sinbologia ezagutzeko interes handia erakutsi dau.


(Gernikan, 2022ko bagilaren 21ean). Marcelino Medina González Kubak Espainiar Estaduan daukan enbaxadorea Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariagaz alkartu da gaur Gernikako Batzar Etxean, foru parlamentuaren egoitzak babesten dauen ondarea eta, modu berezian, haren ikur nagusia, Gernikako Arbolea, Kubako gobernuaren ordezkariari erakusteko. 

Ia derrigorrezkoa bihurtzen ari da beste herrialde batzuetako ordezkari politikoek euren agendetan geldialditxoa egitea Gernikako Batzar Etxera joateko, bakearen eta askatasunaren euskal ikur unibersalenari babesa emoten deutson leku horren ondare historikoa ezagutzeko. Oraingo honetan, Kubako enbaxadorea bisita egiten ari da Euskadin, Erkidegoaren egitura politikoa ezagutzeko eta ordezkari politikoakaz eta enpresarialakaz alkartzeko, eta ez dau Bizkaiko parlamentuko egoitza nagusia zuzenean ezagutzeko aukerea galdu gura izan.

Bizkaiko parlamentua eta Gernikako Arbolea ezagutzeko bisitaldia Euskadira egindako bisita ofizialaren barruan dago. Bisita horretan, Foru parlamentuan egoteaz gain, datozan egunotan, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako kideakaz, alderdi politikoakaz, lankidetza- eta garapen-agentziakaz eta enpresa-ordezkariakaz batzea espero dau Medinak.

Gernikatik igarotean, konbidauak Foru parlamentuaren egoitza ofizialaren bulegoak eta interesguneak bisitau ditu Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariagaz, Emilio Lobato mahaikidearekin batera, horreen artean Beiratearen Aretoa, osoko batzarren aretoa edo zinpeko tribunaren ondoan Gernikako Arbolea hartzen dauen kanpoalde zabala. Aurretik Arbola Zaharraren tenpletean gelditu dira. Bisitea amaitzeko, Batzar Etxeko Ohorezko Liburuan sinatu dabe, aurreskuaren eta haretx sinbolikoaren ondoan ateratako familia-argazkiaren ostean.