BIZKAIAK 124 MILIOI EURO INBERTIDUKO DITU AURTON ZEHARKAKO GAZTE-POLITIKETAN

  • Teresa Laespada Martínez foru diputatuak, Bizkaiko Foru Aldundiko hainbat sailek parte hartzen daben eta udalerriakaz eta mankomunidadeakaz lankidetza izateko antolatu dan sarearen bitartez gazteen emantzipazinora eta autonomiara bideratutako “Bizkaia Gazteak 2030” estrategiaren aurrerapenak aurkeztu ditu Batzar Nagusien aurrean. 


(Bilbon, 2026ko maiatzaren 19an). Teresa Laespada Martínez Enplegua, Gizarte Kohesinoa eta Bardintasuna Sustatzeko foru diputatua Bizkaiko Batzar Nagusietako jagokon batzordearen aurrera etorri da gaur, berak eskatuta, gazteentzako “Bizkaia Gazteak 2030” estrategia integralaren ezarpenaren eta garapenaren barri emoteko. Bere esku-hartzean zehaztu dauenez, “zeharkako” politika horreetara zuzendutako aurrekontua 124 milioi eurokoa izango da ekitaldi honetan, gazteria gizarte kohesinoaren eta autonomia pertsonalaren erdigunean jarten dauen ibilbide orria sendotuz. 

124 milioiko inbertsino hori bloke handi bitan banatzen da: 51 milioi euro “emantzipazino” prozesuak errezteko eta 73 milioi euro “eraikuntza soziala” eta gazteen protagonismo komunitarioa indartzeko. Laespada Martínezek azpimarratu dauenez, konpromiso ekonomiko horrek aurreko ekitaldian (2025) 120 milioi euro baino gehiago, hau da, Foru Aldundiaren aurrekontu osoaren % 6,25, gauzatu ebazan eta 102.000 gazte baino gehiagori mesede egin eutsen ereduaren “sendotzea” dakar. 

2026rako sailen araberako banakapenean, Gizarte Ekintzarako Sailaren ekarpena nabarmentzen da, 41,8 milioi euro bideratuko ditualako egoera zaurgarrienean dagozan kolektiboak babestera. Bestalde, Ogasun eta Finantzetako Sailak 28,6 milioi bideratuko ditu, eta horreetatik 13,3 milioi ohiko etxebizitzea alokatzeagaitiko PFEZko kenkariei jagoke, 11.000 gazteri mesede egiten deutsen neurria, hain zuzen be. Teresa Laespada Martínez buru dauen sailak 25,7 milioi euro kudeatzen ditu, enplegagarritasun programetara bideratuta, Lanberrira edo GazteOn estrategiara, beste programa batzuen artean. 

Diputatu andreak balioan jarri dau lurraldeko 109 udalerrigaz eta zazpi mankomunidadegaz sinatutako hitzarmenen bitartez egituratzen dan estrategia horren gobernantza partekatua. Azaldu dauenez, helburua, asistentzian oinarritutako eredutik gazteak Bizkaiaren eraldaketearen protagonista izango diran entzute aktiboko eredura igarotea da. 

Politika horreen esparru lez, Laespada Martínezek lurraldeko gazteen errealidadearen diagnostikoa egin dau Bizkaiko Batzar Nagusietako Enplegua, Gizarte Kohesinoa eta Bardintasuna Sustatzeko batzordean. Gaur egun 15 eta 29 urte arteko 172.792 gazte dagoz. “Historiako belaunaldirik prestauenetakoa” diran arren –heren bik goi mailako ikasketak ditue–, diputatuak emantzipetako daukiezan egiturazko zailtasunei buruz ohartarazo dau. Gaur egun, gazteen langabezia % 12,9koa da, baina kontratuen % 40 aldi baterakoak dira, eta emantzipetako batez besteko adina 30 urte ingurukoa da (Europan baino 4 puntu gehiago), soldata eskasak eta etxebizitzaren garestitasuna dirala-eta. Modu berean, arduratuta agertu da segurtasunaren perzepzinoari jagokonez dagoan genero arrakalarengaitik: “emakume gazteen % 69,7ak dino kalean bakarrik ibiltearen bildur dala”, eta gizonen artean, barriz, “% 22,5ak”. 


BATZAR NAGUSIETAKO TALDEAK

Oposizinoko taldeek hainbat erreserba erakutsi ditue gaur egungo estrategiaren kudeaketeari eta gardentasunari jagokenez. Richar Vaquero Moreno Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiako bozeroaleak, 2024ko ebaluazino zehekatuak ez dauela sarbide publikoa salatu dau, eta, ganera, gazteen enpleoa eta prestakuntzea lako arlo kritikoetan aurrekontu soberakin garrantzitsuak dagozala adierazo dau. Horrek erakusten dau burokraziak markautako kudeaketearen edo errealidadera egokituta ez dagozan deialdien aurrean gagozala. Bizkaiko Talde Popularreko Pablo Gómez-Guadalupe García-Tejedorrek, bere aldetik, adierazo dau diagnostikoa zintzoa dan arren, datuak txarrak dirala administrazino arduradunentzat, gazteek erakundeakazko sentiduten daben urruntzea azpimarratuz eta zerbitzuen erabilera puntuala zuzeneko onuratzat hartzen dan programen benetako eragina zalantzan jarriz (Bizkaibiziren erabilerea, adibidez). Bukatzeko, EH Bilduko Aitor Llano Lanak kritikau egin dau hasierako aurrekontuaren eta gauzatutako aurrekontuaren arteko banaketa konparatiborik ez egotea, eta desorekak aitatu ditu eskualdeko hitzarmen espezifikoetan, aisialdia lehenesten dalako preminazko egiturazko erronken aurrean, langabezia edo eskola ixtea, besteak beste. 

Foru Gobernuari eusten deutsien taldeek, barriz, estrategiaren sendotasuna eta izaera eraldatzailea jarri ditue balioan. Juan Otermin Eraso sozialistak azpimarratu dauenez, politika horreek marjinalak edo aisialdiari lotutakoak izateari itxi deutsee, eta gizarte kohesinorako aktibo estrategiko bihurtu dira, 120 milioi euro baino gehiago mobiduten dituan aurrekontu “serio eta errealistak” babestuta. Ildo berean, Asier López de la Fuente batzordekide jeltzaleak “Bizkaia Gazteak 2030” estrategia emantzipazinoaren eta osasun mentalaren erronkei “zorroztasunez” heltzen deutsen apustu “sendoa eta irmea” dala esan dau, gazteei modu aktiboan entzuten deutsen eta erabagi publikoetan euren ikuspegia txertatzen dauen gobernantzaren garrantzia azpimarratuz, epe luzeko emaitzak sortzeko. Bozeroale biak bat etorri dira esatean gaur egungo ibilbide orriak aukera eta bardintasun gehiago izango dituan Bizkaiarantz “modu koordinauan” aurrera egitea ahalbidetzen dauela.