FORU BARRIAREN V. MENDEURRENEKO ERAKUSKETEA BERMEORA HELDUKO DA BALMASEDATIK IGARO OSTEAN ETA GURUTZETAKO METRO GELTOKIAN INSTALAUKO DA BAGILEAN

(Bermeon, 2026ko maiatzaren 28an). Bizkaiko Foru Barriaren V. Mendeurrena (1526-2026) ospatzen dauen erakusketa ibiltariak lurralde historikoan zehar egiten dabilen ibilbideagaz jarraitzen dau. Balmasedako San Severino plazan egon ostean, erakusketea Bermeora joango da orain. Daborduko Lamera plazan dago, autogobernuaren zutabe hori zabaltzeko Bizkaiko Foru Aldundiak eta Batzar Nagusiek aurreikusitako egutegia betez.

Ekimenaren helburua, orain dala 500 urte onartu zan eta Bizkaiko nortasunaren eta demokraziaren oinarria dan testuaren garrantzia herritarrei hurreratzea da. Diseinu bisuala eta irisgarria daben gaikako hamar panelen bitartez, bisitariek bidaia egin leikie autogobernuaren mugarrietatik: Jaun Zuriaren legendatik hasi eta 1526an Gernikako Arbolearen azpian testua onartu zan arte.

Erakusketeak bere garairako oso aurreratuak diran alderdiak nabarmentzen ditu, emakumearen parekatze juridikoa, “habeas corpus”-a eta herentzien erregulazinoa, besteak beste. Funtsezko kontzeptuak be azaltzen ditu, horreen artean "foru baimena" eta Ekonomia Ituna sortuarazo eban fiskalidade sistemea, John Adams AEBetako Konstituzinoaren aitak Bizkaiko erakundeen aurrean erakutsi eban interesa be aitatuz.

Aldi berean, erakusketearen eukiak bertsino murriztua dauka Metro Bilbaoren sarerako. Maiatzean Zazpi Kaleak geltokian egon eta gero, bertsino hori Gurutzetako geltokian instalauko da bagilean zehar, metroaren erabiltzaileek euren joan-etorrietan ondare historiko hau ezagutu daien.

Modu berean, Foru Liburutegian, Bilbon, Bizkaiko Foru Barriaren (1526-2026) V. mendeurrena ospatzeko erakusketea egongo da zabalik abuztura arte. Erakusketa hori teknikoa eta zientifikoa da, eta aditu eta ikertzaileentzat dago diseinauta. Bertan, balio historiko handiko beste pieza batzuen artean, Bizkaiko Foru Barriaren (1526) jatorrizko liburua dago ikusgai.